Eusko Jaurlaritzak gogorarazten du Euskadiko joko eta ikuskizunetako lokaletako sarrerak zaintzeko eta kontrolatzeko gaikuntza profesionala nahitaezkoa izango dela irailaren 9tik aurrera

0
  • Interesa dutenek Euskadiko onarpen-zerbitzuko langileen erregistroan alta eman beharko dute euskadi.eus webgunearen bitartez
  • Ziurtagiria lortzeko probak etengabe egin daitezke KZgunea sareko zentroetan

Irailaren 9etik aurrera, establezimendu publikoetako eta ikuskizunen eta jolas-jardueren lokaletako (joko-aretoak, kontzertu-aretoak, museoak, zinema-aretoak, kirol guneak, diskotekak, etab.) sarrerak zaintzen eta kontrolatzen aritzen diren pertsonak Euskal Autonomia Erkidegoko onarpen-zerbitzuko langileen erregistroan inskribatuta egon beharko dira. Erregistratu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzak edo Estatuko edo Europar Batasuneko beste erakunde publiko batek emandako gaikuntza profesionala izan beharko dute, Joko eta Ikuskizunen zuzendariaren 2022ko abuztuaren 16ko ebazpenari jarraituz. Akreditazio berri honen helburua zerbitzuaren segurtasuna eta kalitatea areagotzea da.

Probak

Gaikuntza profesional hori lortzeko interesa dutenek euskadi.eus webgunean sartu beharko dute Erregistroan alta emateko eskaera egiteko. Izena emateko prozesuan, test erako proba egiteko KZgunea sareko zentroa, eguna eta ordua aukeratu ahal izango dituzte, erabilgarritasunaren arabera. Prozesu telematiko hori izango da gaikuntza lortzeko baliabide aitortu bakarra.

Gaikuntza hori lortzeko erraztasunak emateko, Eusko Jaurlaritzak proba prestatzeko materiala eta akreditazio-azterketarako galde-sorta atala prestatu ditu. Azterketa gainditzea lortzen dutenak, Euskal Autonomia Erkidegoko Onarpen Zerbitzuko Erregistroan sartuko dira, eta nahitaezkoa izango da 2023ko urritik aurrera.