Eusko Jaurlaritzak Merkataritza modernizatzeko funtsaren bigarren deialdia aurkeztu du, 4 milioi eurokoa

0
  • Lehendakariak agenda indartzen jarraituko du ardatz atlantikoa bultzatzeko
  • Gobernu Kontseiluak kulturarako eta aho-hortzen osasunerako laguntzak onartu ditu

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarekin, Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarekin eta Jonan Fernández Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiarekin batera.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak merkataritza modernizatzeko programaren bigarren deialdia aurkeztu du, Funts Teknologikoa izenekoa. 4,1 milioiko zuzkidura du Euskadirentzat, Next Generation Europako Funtsekin finantzatutako 2 deialditan (2022-2023). Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan dago, eta gaur onartu da 2022an egindako jarduketetarako bigarren deialdia, 2,1 milioi eurokoa. Hurtadok azaldu duenez, bere helburua lehiakortasuna eta modernizazioa bultzatzea da, merkataritza-sektorearen eraldaketa digital eta iraunkorraren bidez. 4 milioi horiek Euskadiko turismo eta merkataritza sektoreetarako Next Generation Funtsen gainerako ekarpenei gehitu behar zaizkie, 85 milioi baino gehiago.

ARDATZ ATLANTIKOA

Atlantikoko ardatzaren bultzadaren esparruan, bozeramaileak iragarri du Lehendakariaren asmoa agenda areagotzea dela, proiektu hori bultzatzeko. Horrela, Lehendakariak Frantziak Espainian duen enbaxadorearengana joko duela azaldu du, gai honen inguruan sortu diren ekimenak ofizialki jakinarazteko, Europako Garraio Komisarioarengana joko duela eta Galesko presidentearekin bilduko dela. Gainera, urteko bigarren seihilekoan Atlantikoko Makroeskualdea bultzatzeko aukera zabalik dago, Espainiak Europar Batasuneko lehendakaritza izango baitu.

EMANTZIPAZIO ESTRATEGIA

Bere aldetik, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiak Gobernu Kontseiluak gaur onartu duen Gazteen Emantzipazioa laguntzeko 2030 Euskal Estrategiaren inguruko informazioa eman du. Jonan Fernándezek azaldu duenez, estrategia honen helburua da 2030erako gazteen emantzipazio-tasa % 50era hurbiltzen laguntzea, eta, emantzipatzeko batez besteko adinari dagokionez, 28 urtetik behera kokatzea da helburua. Estrategiak Emantzipa Programa bultzatzea aurreikusten du. Horri esker, 2024an, hilean 300 euroko laguntza emango zaie 28.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituzten 25 eta 29 urte bitarteko gazteei. “Hau ekimen garrantzitsua da, zalantzarik gabe, baina are gehiago ekimen isolatua ez delako. Autonomia prozesuetan eta bizitza eta familia proiektuak eraikitzeko prozesuetan gazteekin lankidetzan aritzera bideratutako neurrien ekosistema baten parte da”, zehaztu duenez.

“Estrategia honek sistema sinergiko bat eta erakundeen eta gizartearen arteko lankidetzarako gune bat eratu nahi ditu. Horregatik, hain zuzen, itun handi bat sustatu nahi du gazteriarekin eta gazteriaren alde. Hamar proiektu bultzatzaileetatik hamargarrena eta azkena, hain zuzen ere, helburu hori garatzera bideratuta dago. Herrialde mailako helburua eta lehen mailako lehentasuna da. Adostasun zabalena bilatu behar da”, adierazi du Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiak.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Ohikoa den bezala, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur landutako beste hainbat gai, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Alde batetik, Gobernu Kontseiluak Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoei emango zaien dirulaguntzaren banaketa onartu du gaurkoan, beren funtzionamendu arrunterako gastuei erantzuteko. Banaketa kalkulatzen da Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeetako emaitzak, hau da, botoak eta eserlekuak, Euskadiko Hauteskunde Batzordeak Buletinean argitaratutakoaren arabera, eta guztira 4.536.000,00 € bideratuko dira.

Halaber, Gobernu Kontseiluak Euskal Sektore Publikoa Arrazionalizatzeko eta Dimentsionatzeko Erakunde arteko Batzordea arautzen duen Dekretua onartu du gaur gainjartzeak eta bikoiztasunak saihesteko tresna gisa. Sektore publikoaren dimentsionamendua eta eraldaketa bilatzen du Batzorde honek, betiere euskal administrazioen tamaina beren helburu eta eginkizunetara egokitua izan dadin. Eginkizunen artean: sektore publikoen arteko balizko eraginkortasunik ezei, gainjartzei eta bikoiztasunei aurre egiteko proposamenak aztertu eta formulatzea.

Gaurko bileran landutako beste gai bat izan da 2030erako V. Ingurumen Programa onartzea, Programa horrek zortzi proiektu eraldatzaile biltzen ditu euskal ingurumen-politika gidatuko duen iparrorratza gisa hamarkadaren amaierara arte. Ingurumenaren ikuspegitik arazo globalei heltzen dieten zortzi proiektuok praktika iraunkorragoak sortzeko ekintza disruptiboak gauzatu nahi dituzte, administrazioa, enpresak eta herritarrak inplikatuz. Honako hauek dira: produktu eta zerbitzu jasangarriak erosteko zentrala bultzatzea; lurraldearen kohesio iraunkorra sustatzea; osasunaren eta ingurumenaren behatokia eratzea; zirkulartasuna sustatzea balio-kateetan; ETEak jasangarritasunerako trantsizioan laguntzea; iraunkortasunaren zerbitzura dagoen gizarte-berrikuntza sustatzea; herritarrak kontsumo jasangarrian ahalduntzea;eta finantza iraunkorrak sustatzea.

Osasun arloan, gaurko bileran, 7-15 urteko biztanleen aho-hortzen osasunaren arloko osasun-prestazioari buruzko Dekretua onartu da, PADI izenez ezaguna dena. Programa horrek 33 urte daramatza ezarrita Euskadin, eta aho-hortzen osasun-arreta bermatzen du, bi premisa oinarri hartuta: kalitatea eta ekitatea. Programak 187.371 haur artatzea aurreikusten du 2023rako (Eustaten datuen arabera), eta 6.700.000 euroko gastu-aurreikuspena izango du.

Azkenik, Kultura eta Hizkuntza Politikaren arloan hiru gai.

Alde batetik, Gobernu Kontseiluak gaur onartu du 2023ko Lanhitz deialdia. Lantokietan euskararen erabilera eta presentzia areagotzeko dirulaguntzak ematea da deialdiaren helburua. Guztira, Kultura eta Hizkuntza Politika sailak, bi milioi euroko aurrekontua bideratuko du deialdi honetara.

Bestetik, antzerki, dantza eta zirku ekoizpen profesionalak sustatzeko 1.400.000 euroko dirulaguntzak onartu dira. Iazko deialdian 38 arte eszenikoen ekoizpen lagundu ziren programa honi esker.

Eta, hirugarrenik, hiru milioi euro bideratuko dira Euskal Kultura Ondarearen garrantzia azpimarratu eta hedatzeko jarduerak sustatzeko dirulaguntzetara.