Osakidetzak ateak irekiko dizkio espezialisten belaunaldi berriari, egoiliar izateko prestakuntza emango dien zentroa aukeratzen laguntzeko

0

Berriro ekin zaio aurrez aurreko formatuari, pandemiaren ondoren, Euskadik lehen aldiz osasun-prestakuntza espezializatuaren 500 plazen muga historikoa gainditu duen urte honetan; plaza horien heren batek Lehen Mailako Arretarekin du lotura

Aurten ere, Osakidetzak ateak zabaltzeko egunak antolatu ditu, eta aurrez aurreko formatuari helduko dio berriro. Helburua da Medikuntzako edo Erizaintzako 500 ikaslek baino gehiagok Euskadin dauden 15 irakaskuntza-zentroak ezagutzea. Gazte horiek osasun-prestakuntza espezializatuan sartzeko probak gainditu zituzten, eta, martxoko azken astean, egoiliar gisa prestakuntza jasotzen jarraitzeko zentroak ezagutuko dituzte zuzenean.

Euskadik honako hauek ditu:

  • Zazpi ospitale-zentro: Arabako Unibertsitate Ospitalea, Basurtuko Unibertsitate Ospitalea, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea, Donostiako Unibertsitate Ospitalea, Galdakao-Usansolo Ospitalea, San Eloy Ospitalea eta Onkologikoa Fundazioa.
  • Autonomia-erkidegoaren mailan dabiltzan bi irakaskuntza-unitate: EAEko Lan Osasuneko Lanbide Anitzeko Irakaskuntza Unitatea eta EAEko Prebentzio Medikuntzako eta Osasun Publikoko Irakaskuntza Unitatea.
  • Lurralde historikoaren mailan dabiltzan lanbide anitzeko lau irakaskuntza-unitate: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Familia eta Komunitateko Arretarako Lanbide Anitzeko Irakaskuntza Unitateak eta Bizkaiko Osasun Mentalaren Sareko Lanbide Anitzeko Irakaskuntza Unitatea
  • Erizain espezialistentzako bi irakaskuntza-unitate: Euskadiko Eritzaintza Obstetriko-Ginekologikoko Irakaskuntza Unitatea eta Matía Fundazioaren Erizaintza Geriatrikoko Irakaskuntza Unitatea.

Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuak nabarmendu duenez, aurten gainditu egin da bostehun plazen muga historikoa, 519 eskaini baitira; alegia, azken hamarkadan, % 60ko igoera egon da. Horrek guztiak erakusten du nolako konpromisoa duen Osasun Sailak zenbait erronkari aurre egiteko, hala nola lanbide-txandakatzeari edo Lehen Mailako Arreta sendotzeari, kontuan hartuta asistentzia-maila horrek deialdi osoko prestakuntza-plazen heren bat hartzen duela.  

Gaur egun, 1.700 pertsona inguru daude Euskadin osasun-prestakuntza espezializatuan. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 10 urte baino gehiago daramatza urtero galdetegi bat egiten prestakuntza jasotzen ari diren pertsonei, eta emaitzek erakusten dute jasotako prestakuntzarekin duten gogobetetasun-maila altua dela. Euskadik, hala, espezialista-prestakuntza jasotzeko autonomia-erkidego prestigiotsua izaten jarraitzen du.

Aurten, ateak zabaltzeko egunak aurrez aurre izango dira berriro; 2020tik streaming bidez egiten izan dira, telematikoki, Covid19aren pandemiak eragindako egoeraren ondorioz. Zentro bakoitzeko jardunaldien egunak (bai ospitaleetakoak bai osasun-zentroetakoak) hemen kontsulta daitezke.