Pandemiak eta Ukrainako inbasioak eragindako ziurgabetasunek 8 puntu murriztu dute euskal gazteen etorkizunerako konfiantza 2019tik

0
PRUEBA

Jonan Fernandez Trantsizio Sozialeko eta 2030 Agendako idazkari nagusiak eta Miren Saratxaga Gazteriako zuzendariak gaur goizean aurkeztu dituzte Gazteen Euskal Behatokiaren egoitzan “Aurrera Begira-Gazteen aurreikuspenei buruzko adierazleak” azterlanaren 10. edizioaren emaitzak. Azterlan hori gazteen egoerari eta pertzepzioari buruzko inkesta batean oinarrituta eta 10 adierazleren inguruan egituratuta dago.

2013an egin zen lehen aldiz azterlana. Gazteria Zuzendaritzak eta Lehendakaritzak krisi-garaian gazteei hitza emateko eta entzuteko kezkatik sortu zen. Gazteek beren egoerari buruz duten balorazioa ezagutzea zen helburua, eta hala izaten jarraitzen du, bai eta langabeziari, emigrazioari, emantzipatzeko zailtasunei edo etorkizunean duten konfiantza-mailari buruz epe labur eta ertainean dituzten aurreikuspenak ezagutzea ere.

2022ko edizioa 2022ko abenduaren 12tik 19ra bitartean egindako online inkesta batean oinarritu da. Inkesta horri 15 eta 29 urte arteko 3.538 pertsonak erantzun zioten: 526 Araban bizi ziren; 1.700, Bizkaian; 1.063, Gipuzkoan; eta 249, Euskaditik kanpo. Hamargarren edizio honek gazteen aurreikuspenak aztertzeko hamarkada oso baten balantzea egiteko aukera ematen du.

Jonan Fernandezek azpimarratu du, lehenik eta behin, azken hamar urteotan gazteek oso zuzenean jasan dutela “krisi ekonomikoaren, mundu mailako osasun-krisiaren eta Ukrainako inbasioaren ondorioek eragindako ziurgabetasun handia. Gazteen gogo-aldartea ere oso egoera txarrean dago. Testuinguru horrek etorkizunarekiko konfiantza murrizten lagundu du”.

Etorkizunarekiko konfiantza-adierazle hori hiru erreferentziatan oinarrituta eraikitzen da: egoera pertsonalaren balorazioan, gazteek kolektibo gisa duten egoeraren balorazioan eta Euskadiren balorazioan. Edizio honetan, aurreko edizioetan bezala, kontraste nagusia gazteek beren egoera pertsonalari eta gazteen kolektiboari buruz egiten duten balorazio desberdinari zor zaio, oro har hartuta.

Gogobetetasun pertsonala 100 puntutik 70 puntukoa da, eta gazteen egoeraren balorazioa 54 puntukoa da 2022an; beraz, indizeak behera egin du. Egoera pertsonalaren balorazioa —hamarkada honetan izan ditugun ondoz ondoko krisiak hasi zirenetik txikiena izan arren— nabarmen handia da.

Miren Saratxaga Gazteriako zuzendariak Aurrera Begiraren edizio honetako datu nabarmenetako batzuk aurkeztu ditu prentsaurrekoan:

  • Bizi-alderdien balantzeari dagokionez, gora egiten jarraitzen du diruari emandako garrantziaren eta gazteek duten diruarekiko duten gogobetetzearen arteko aldeak, 21 puntuko dekalajea baitago emandako garrantziaren eta harekiko gogobetetzearen artean.
  • Ondoren, lanaren garrantziaren eta gogobetetzearen arteko aldea 16 puntukoa da. Osasunaren eremuan, distantzia hori 12 puntukoa da. Datu horrek agerian uzten du ongizate fisikoak eta emozionalak gero eta sentsibilitate handiagoa dutela gure gazteengan.
  • 2021. urtearekin alderatuta, zertxobait handitu da lan-baldintzak okertzeko arriskuaren pertzepzioa, baina 2020ko datutik urrun geratu da, eta 2013ko datutik hamar puntu baino gehiagora.
  • Lan egiten ez dutenen artean, urtebeteko epean lana aurkitzeko itxaropena indartsu suspertu da: 2021eko % 62tik 2022ko % 71ra.
  • Era berean, ikasketekin lotutako enpleguaren itxaropenak ematen du daturik onena 2013az geroztik, ikasleen % 77k uste baitute beren prestakuntzarekin bat datorren enplegu bat aurkituko dutela ikasketak amaitzen dituztenean.
  • Emigrazio behartuaren espektatibak, etorkizunean atzerrira emigratzera, nahi gabe, behartuko dituztela uste duten gazteen ehunekoa neurtzen duenak, egonkor jarraitzen du, eta % 10 da. Era berean, emantzipazio zapuztuaren aurreikuspenak egonkor jarraitzen du, % 45ekin.
  • Azterlan honetan lehen aldiz sartu da atzeratutako amatasun- eta aitatasun-indizea, seme-alabak izan nahi baina hori nahi den adinean beteko ez dela uste duten gazteen ehunekoa neurtzen duena. Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko pertsonen %26 egoera horretan dago.

Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiak adierazi duenez, datu horiek “gizarte osoa inbaditzen duen gogo-aldartearen isla dira”. Gaineratu duenez, onartu berri den Gazteen Emantzipazioa bultzatzeko 2030 Euskal Estrategia eta sustatzen ari diren neurrien multzoa, hala nola emantzipaziorako laguntza ekonomikoa, “erantzun bat dira gazteei laguntzeko zailtasunen testuinguru honetan”.

Fernandezen iritziz, “ziurgabetasun handiko orainaldi eta etorkizun horri aurre egiteko, belaunaldien arteko enpatia-zentzu sendoa garatu beharko da. Belaunaldien arteko elkarrekikotasunaren eta lankidetzaren begirada. Ibilbide-orria ezin da adinaren arabera bereizitako edo urrundutako begiradekin idatzi, ikuspegi partekatu batekin baizik”.

Informazio gehigarria