Andonaegi izango da hiri-birgaitze integralerako laguntzak jasoko dituen Euskadiko lehen auzoetako bat

0
  • Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak 7,27 milioi euroko inbertsioa egingo du auzoaren bizi-kalitatea hobetzera begira, etxebizitza eta eraikinak eraberritzeko laguntzen bitartez
  • Pasaiako Udalak jarri du abian proiektua eta jada 20 erkidego batu zaizkio. Proiektu bakoitzean diruz lagundu daitekeen kostuaren % 70era arte finantza dezaketen laguntzak jasoko dituzte
  • Izaskun Gómez: “Andonaegik aukera paregabea du auzokoen bizi-kalitatea eta etxebizitzak hobetzeko”

Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua eta Izaskun Gómez Pasaiako alkatea gaur goizean aurkeztu dute Andonaegi auzoko hiri-birgaitze integralerako proiektuaren bilakaera.

Pasaiako Andonaegi auzoa da Euskadin hiri-birgaitze integraleko programarekin bat egin duen lehen auzoetako bat. Eusko Jaurlaritzaren ekimen horri, gero, beste auzo batzuk gehitu zaizkio, eta gaur egun, jada, 21 auzo lotu zaizkio. Auzoen hiri-birgaitze integralerako ereduak aintzat hartzen du auzoetan bulegoak, opengelak, abian jartzea, eta bertan jabeei laguntzen berri ematea eta prozesuan aholkuak ematea. Andonaegik jada zabalik du berea, Andonaegi jauregiko antzinako zaintzailearen etxean. Bulego horretatik, hain zuzen, babestuko dira erkidegoen kudeaketak eta emango zaie informazioa auzoko pertsona guztiei.

Andonaegik, datozen hilabeteetan, energia-efizientziaren eta irisgarritasunaren irizpideen arabera birgaituko ditu Igeldo, Oiartzun, Andonaegi eta Urgull kaleetako 20 erkidego eta erkidego horietako 200 bizikidetza-unitate. Hortaz, 200 familiaren bizi-kalitatea hobetuko da, Eusko Jaurlaritzaren 7,27 milioi euroko inbertsioari esker. Itzuli beharrik gabeko dirulaguntza horien zenbatekoen bidez, diruz lagundu daitekeen obren kostuaren % 70era arte finantzatu daiteke. Eraikinetan egingo diren esku-hartzeen artean dago inguratzaileei esker energia-efizientzia hobetzea, sektoreak egindako aurrerapenen eskutik.

Jarduketa hauetaz aparte, suteen aurkako segurtasun-baldintzak hobetzeko neurriak hartuko dira, eraikinen ikuskapen teknikoaren ondoren beharrezkotzat jotzen direnak, eta etxebizitzak monitorizatuko dira, pertsona guztiek denbora errealean jakin dezaten zeintzuk diren etxeen barruko airearen kalitatearen baldintzak.

Pasaiako alkate Izaskun Gómezek aditzera eman duenez, “Planaren laguntzei esker, Andonaegik aukera paregabea du auzokoen bizi-kalitatea eta etxebizitzak hobetzeko”. Iñaki Arriola sailburuak nabarmendu duenez, “200 familiak jada baliatu dute haien etxebizitzak eta, hartara, bizi-kalitatea hobetuko duen hiri-birgaitze integraleko programak eskaintzen duen aukera paregabea”.

Informazio gehigarria