Adimen artifiziala Europako lurzoruaren osasuna ezagutzeko

0

• Lurzorua da Europar Batasuneko baliabide publikoen artean babesik eta erabilera egokia bermatzeko legeria espezifikorik ez daukan bakarra.

• Partzuergoaren lehen bilera, Europa osoko 28 erakundek osatua, joan den astean izan zen Danimarkan.

Europako lurzoruen % 60k eta % 70ek ez dute osasun egokia. Horren arrazoia da, batez ere, materia organikoan eta biodibertsitatean edukia galdu dela, eta gaur egun ez dagoela baliabide hori zaintzen duen legeria propiorik. Europako Batzordeak hainbat helburu zehatz ezarri ditu lurzoruaren degradazio handiagoa saihesteko eta klima-aldaketari aurre egiteko. Helburuen artean daude, esaterako, plagiziden erabilera % 50 murriztea eta ongarrien erabilera % 20 2030erako, eta ‘zero emisio’ izatea 2050erako; hori ezin da lortu lurzoruen osasun egokirik gabe. Horregatik, beharrezkoa da lurzoruen inguruan egiten diren aurrerapenak neurtu eta ebaluatzea ahalbidetuko duten metodoak aktibatzea, lurzoru osasuntsuagoak lortzeko.

Horri dagokionez, NEIKER zentro teknologikoak, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundeko kideak, Europako ikertzaileekin batera parte hartzen du Al4SoilHealth proiektuan, kontinenteko lurzoruaren osasunaren adierazleak zaindu eta aurreikusiko dituen azpiegitura digital bat sortzeko.

Helburua lurzoruaren osasuna etengabe ebaluatzeko eta gainbegiratzeko erabiliko den plataforma garatzea da. Lurzoruaren adierazle edo parametroren bat maila egokitik kanpo dagoela detektatzen badu, aurretik bildutako eta Europako lurzoruetarako adimen artifizialarekin tratatutako datuetan oinarritutako erabakiak hartzeko laguntza emango.

Ekimena joan den urtarrilean hasi zen eta 2026ko abendura arte luzatuko da. Lehen sektorearentzat edo lurzoruaren beste edozein erabiltzailerentzat lagungarri izango den doako tresna digital bat gauzatzen saiatuko da.

Horretarako, proiektuaren bazkideek biki digital bat sortuko dute, industrian kostuak murrizteko erabiltzen den tresna birtuala, kasu honetan, lurzoruen erreplika digitalak sortzeko aukera ematen duena. Ikertzaileek landuko duten adimen artifizialaren motak software eta data handiko soluzioak barne hartzen ditu, lurzoruen hainbat alderdi aztertzeko, teledetekzio-sistemak erabiltzeko edo mapak sortzeko, adibidez.

11 herrialdetako lurzoruak testatzea

NEIKER zentro teknologikoak lurzoruetan duen ezagutza eta esperientzia zabala emango dio proiektuari, lurzoruaren eta haren ekosistemen egoera ebaluatzeko lagungarri izango diren neurketa-indizeak sortzeko. Zehazki, Europako Batzordeak proposatutako 8 adierazleen inguruko esperientzia eskeiniko du, hala nola kutsatzaileen presentzia, karbono organikoa, lurzoruaren biodibertsitatea, mantenugaiak eta pH-a.

Analisi-tresnak sortu ondoren, testak egingo dira Europako 11 eskualdetan, besteak beste, Euskadin, sistemaren diseinuan eta fidagarritasunean hobekuntzak egin ahal izateko.

“Proiektu honen bidez, klima- eta lurzoru-baldintza bakoitzerako osasun-indize espezifiko bat kalkulatzeko gai izango den metodologia bat sortzea espero dugu, lurraren erabilerara egokitua, bai eta neurketa-kit eskuragarri bat ere, haren bilakaera balioesteko”, azaldu du Lur Epelde NEIKEReko Baliabide Naturalen Kontserbazioko saileko ikertzaileak.

Gainera, ekimenak datuak bildu nahi ditu lurzoruaren hainbat aldagairen mapa historikoak eta iragarleak egiteko. Era berean, kontsulta-aplikazio bat garatuko du lurzatiaren mailako balioei buruzko informazioa lortu ahal izateko. Balio horiek oso interesgarriak eta erabilgarriak lurzoruari lotutako erabiltzaile europarrentzat.

Helburu horiek martxan jartzeko, proiektuaren bazkideen partzuergoa, Horizons Europe Europako programaren barruan dagoena, Aarhusen (Danimarka) bildu zen joan den astean, kontinenteko lurzoruak babestuko dituen Europako legeria bat ezartzen lagunduko duten ekintzak ikertzeko eta garatzeko.

Ekimenaren helburua EBko Lurzoruaren eta Elikagaien Osasunaren Misioari laguntzea da, 2030erako Lurzorua Babesteko EBren Estrategian ezarritako helburuak lortzeko. 2022tik, Euskadik ere bere estrategia propioa du Lurzorua Babesteko.

Aipatzekoa da Europako Batzordeak iragarri duela lurzoruaren osasunerako lege-proposamen bat aurkeztuko duela ekainaren 7an.

Al4SoilHealth-ri buruz

Al4SoilHealth europar proiektuaren helburua kontinenteko lurzoruaren osasunaren adierazleak zaindu eta aurreikusiko dituen azpiegitura digital bat sortzea bilatzea da.

NEIKERez gain, Europako beste 27 erakundek osatzen dute partzuergoa: Aarhus University (Danimarka), OpenGeoHub Foundation (Herbehereak), UK Center for Ecology and Hydrology (Erresuma Batua), Soil Association (Erresuma Batua), Planet Labs (Herbehereak), IIASA (Austria), Institute of Geo-Hydroinformatics at TUHH (Alemania), University of Zagreb (Kroazia), Stockholm University (Suedia), Aalborg University (Danimarka), Thünen Institute of Climate-Smart Agriculture (Alemania), Universitá degli studi Roma Tre (Italia), University of Aberdeen (Erresuma Batua), Max Planck Institute of Biogeochemistry (Alemania), Basel University (Suitza), ETH Zurich (Suitza), Bern University for Applied Sciences, Aristotle University of Thessaloniki (Grezia), Natural Resources Institute Finland (Luke) (Finlandia), INRAE (Frantzia), Sorbonne University (Frantzia), ISINNOVA (Italia), Institute for Soil Sciences at ATK (Hungaria), MultiOne (Suedia), Digit Soil (Suitza) y Sustinn (Italia).

Horizons Europe proiektua da, 2023ko urtarriletik 2026ko abenduraino luzatuko dena, eta guztira 13.789.328 euroko aurrekontua dauka.

NEIKEReri buruz

NEIKER, Basque Research & Technology Alliance (BRTA) erakundeko kidea, nekazaritzako elikagaien eta basogintzaren sektoreetarako soluzio berritzaileak sortzen dituen zentro teknologikoa da. NEIKERen lan-ildo nagusiak dira sektorearen barruan 4.0 nekazaritza bultzatzea, ustiategien jasangarritasuna eta lehiakortasuna garatzea, larrialdi klimatikoak nekazaritzan eta abeltzaintzan dituen ondorioak arintzeko alternatibak bilatzea eta bioekonomia sustatzea.

Eta, hori guztia, One Health ikuspegia integratuz, hots, animalien, ingurumenaren eta pertsonen osasunaren arteko erlazioa zeharka jorratuz. Gainera, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendeko erakundea izaki, NEIKERen jarduera Euskadiko nekazaritza-, abeltzaintza- eta basogintza-sektorea sustatu, garatu eta kudeatzeko Eusko Jaurlaritzak diseinatzen dituen estrategiei erantzutera eta babestera orientatuta dago.

Informazio gehigarria