Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailarekin parekatzeko, dekretua moldatu du, Eusko Jaurlaritzak euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetzen duena

0

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du 297/2010 DEKRETUA, azaroaren 9koa, euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dena aldatzea.

Gaurtik aurrera, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Sailak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak emandako euskara titulu ofizialei ere balio osoa aitortuko zaie automatikoki Euskal Autonomia Erkidegoan.

Aitortza automatiko hori EAEko erakunde akreditatzaileen kasuan ere gauzatuko da (IVAP, HABE eta Hizkuntza Eskola Ofiziala). Orain arte euskara titulu bati baliokidetza emateko beharrezkoa zen Baliokidetza Jarraipen Batzordeak aldez aurretik azterketa teknikoa egitea. Dekretu berriaren ondorioz aitortza ofizial hori modu automatikoan egingo da, azterketa teknikoaren beharrik gabe, alegia.

Dekretuaren beste berrikuntza bat da hemendik aurrera euskara titulu berriak baliokidetzaren markoan sartu ahal izateko ez dela beharrezkoa izango dekretua aldatzea; aitzitik, nahikoa izango da Hizkuntza Politikan eskumena duen sailburuaren agindua, eta moldaketa horiek IVAPen eta HABEren web orrialdeetan jasotzea, herritarrak eta erakundeak jakinaren gainean jartzeko.