Kontroleko osoko bilkura

0

Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, talde parlamentarioen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran.

Galdera, Maddalen Iriarte Okiñena EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Osakidetzako egoera orokorrari buruz.

Lehendakariak argi esan du “osasungintza publikoaren desegitea” EZ dela ematen ari, “OSAKIDETZA EZ DA DESEGITEN ARI. Hori GEZURRA DA. Osasun publikoa INDARTZEN ari gara Euskadin”. Horrela, gaineratu du identifikatutako ahulguneak indartzea dela Gobernuaren helburua, ahalik eta zerbitzu hoberena eskaintze aldera. Zentzun honetan, Urkulluk azpimarratu du azken hamar urte hauetan osasun publikoa indartu egin dela Euskadin, eta hainbat adibide aipatu ditu.

“Egunero lanean jarraituko dugu, herritarrek osasun zerbitzu publiko, unibertsal eta lehen mailakoa izaten jarraitu dezaten. Herritarrek badakite gaur egun Osakidetzak 2012an, 2019an edo 2022an baino baliabide ekonomiko eta profesional, ospitale eta osasun-zentro eta bitarteko gehiago dituela”, adierazi du.

Galdera, Miren Gorrotxategi Azurmendi Elkarrekin-Podemos-Ezker Anitza taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Etxebizitzaren lege berriari buruz.

Urkullu Lehendakariak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak, lege-proiektu honi dagokionez, lehentasunak oso argi dauzka. Batetik, herritarrek etxebizitza eskuratzeko duten eskubide subjektiboari ahalik eta ondoen erantzutea; eta, bestetik, lege-proiektu hori onartzen denean ikuspegi ireki eta eraikitzailearekin baloratzea, “gure autogobernuaren defentsa eta Euskadin dagoeneko egin dugun ibilbidea kontuan hartuta”. Hala, azaldu du Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen esklusiboa den gai honetan eskumen-inbasiorik dagoen ikusiko dela, eta Etxebizitzaren Euskal Legearekin eta Euskadin arlo horretan dauden gainerako tresnekin izan dezakeen osagarritasuna edo talka ere behar bezala  aztertuko dela.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak etxebizitza publikoko politika berritzaile bat bultzatu izan duela nabarmendu du Lehendakariak, etxebizitza eskuragarria lortzea helburu duena, batez ere alokairuan. Emantzipazioarako onartu berri den 300 euroko laguntza ere aipatu du  Bestalde, gogorarazi du Euskadin 35.000 familia inguruk jasotzen dutela alokairu librea ordaintzeko laguntza edo prestazioren bat; eta alokairu-merkatuko bitartekaritza-tresnek, Biziguneren bidez eta 2012tik ETXEBIDEren bidez, 7.000 etxebizitza huts baino gehiago mobilizatu dituztela alokairura.

Galdera, Carlos Iturgaiz Angulo euskal Alderdi Popularra-Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Lehendakariaren diskurtsoaren erradikalizazioak bere kudeaketaren narriadurarekin paraleloan dakarren mehatxuari buruz.

Diskurtsoaren erradikalizazioari dagokionez, Lehendakariak adierazi du “ez naiz duela 10 edo 40 urte baino erradikalagoa. Nire esku-hartzeei arreta berezia jartzen badiezu, esango dudana duela urte batzuetatik hona esan dudanarekin guztiz bat datorrela egiaztatuko duzu”. Horrela, bere hitzetako batzuk aipatu ditu eta esandako guztiagatik erantzuten duela eta hitzez hitz mantentzen duela azpimarratu du.

Iñigo Urkulluk esan du Eusko Legebiltzarrean euskal herritarren benetako kezkei buruz eztabaidatzen ari direla. Atzo bertan, Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaz, enpresen deslokalizazioari aurre egiteko neurriez, euskal ekonomiaz, etxebizitzaz edo Europako korridore atlantikoaz eta Euskadiren etorkizunaz hitz egin zela gogorarazi du. “Horretarako gaude hemen”, esan du.

Galdera, Amaia Martínez Grisaleña talde Mixto – Vox-eko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Euskal Autonomia Erkidegoko udal batzuek sustatutako memoriaren webguneen edukiari buruz.

Lehendakariak ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak lehen egunetik hartu zituela neurriak. Azaldu duenez, apirilaren 12an, asteazkenean, Galdakaoko Udalak argitaratutako webgunearen edukia ezagutu ondoren, Eusko Jaurlaritzak lehen balorazio publikoa egin zuen, eta, apirilaren 17an, astelehena, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak bilera bat egin zuen Aranzadi Elkartearekin, ETAren terrorismoaren biktimen eta ETAren biktimarioen arteko edozein oker saihesteko hausnarketa bat egiteko eskatuz. “EZ dugu onartzen terrorismoaren biktimen eta biktimarioen arteko inolako nahasmendurik. Ikuspuntu etiko, instituzional eta politikotik ulertezina da EH Bilduk hori ez ulertzea. Hain zaila al da ulertzea, bidegabea izateaz gain, iraingarria eta mingarria dela biktimentzat, oroitzapen-plano berean eraildako pertsona eta hiltzailea agertzea?”, esan du.

Lehendakariak azpimarratu du printzipio sendo batek sostengatzen duela Jaurlaritzaren jarduna, eta hala egiten jarraituko duela: “ETAk suposatu zuenaren memoria egindako kaltearen bidegabekeriaren aitorpenean oinarritu behar da. Ezerk ezin ditu justifikatu biktimek jasan dituzten hilketak, atentatuak, jazarpenak edo xantaiak”.

“Hemen ezin da orrialdea pasatu. Orrialde hori beti irekita egon behar da. Elkarbizitzarako Euskal Agendari eutsiko diogu, baita gure konpromiso espresuari ere: terrorismoaren biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko politiketan aurrera egitea eta sendotzea”, amaitu du.

Interpelazioa, Unai Fernandez de Betoño Saenz de Lacuesta EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Espainiar Estatuko etxebizitza-lege hurbila egokiro aplikatzeko neurriei buruz.

Lehendakariak azaldu du, lehenik eta behin, Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoek eskumenen ikuspegitik edukia lasaitasunez aztertuko dutela; bigarrenik, zerbitzu juridikoek eskumenak inbaditzen badirela uste badute, lege hau errekurritzeko aukera serioski aztertuko dela; eta, hirugarrenik, eskumenen inbasiorik gertatzen ez dela esaten bada, Jaurlaritzak Euskadin aplikagarria dena nola garatu dezakeen aztertuko duela, “betiere herritarren interesak erdigunean jarrita”. “Legea onartu ondoren, beharrezkoa izango da Administrazioaren eremu guztietatik azterketa koordinatua burutzea. Ez ahaztu udalak berariaz sartzen direla lege-proiektu honetan”, gaineratu du.

Iñigo Urkulluk azpimarratu du ez dutela adostasuna gutxiesten, ez besarkatzen. “Ez dugu propaganda partekatzen. Legea onartuta dagoenean, sakon aztertuko dugu gure autogobernua defendatzeko modurik onena eta herritarren beharrei erantzuteko benetan eraginkorra izango den etxebizitza-politika babesten eta aurrera ateratzen laguntzeko modurik onena”, esan du. Horrela Etxebizitza-politika publikoan aurrera egiten jarraitzeko lau irizpide aipatu ditu: Euskal erakunde guztien lehentasuna da; elkarlanean garatuko dugu, estrategia propio baten arabera, eta beti zorroztasun handienetik.