Eusko Jaurlaritzak etxebizitzaren arloko politika berritzaileak partekatu ditu Txileko Gobernuarekin, horien artean Etxebizitzaren aldeko Itun Soziala eta parke publikoa deskarbonizatzeko plana

0
  • Txileko Unibertsitatea Euskadiko Eraikuntza Kalitatearen Kontrolerako Laborategiaren kontzeptua kopiatzeko ari da lanean

 

Etxebizitza Sailburuordetzak aurkeztu ditu Txilen Eusko Jaurlaritza gai honetan Euskadin garatzen ari den politikak. Pedro Jauregui Etxebizitzako sailburuordeak eta Pablo García Astrain Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturaren zuzendariak Euskadiko etxebizitza-politika, horien artean Etxebizitzaren aldeko Itun Soziala eta parke publikoa deskarbonizatzeko sortutako Zero Plana, azaldu dituzte aste honetan, bai Etxebizitza eta Hirigintza Ministerioarekin izandako bileran bai Latinoamerikako eraikuntza-ganbarek parte hartuta egin diren jardunaldi espezializatuetan ere.

Pedro Jauregui Etxebizitzako sailburuordeak 2022-2036rako Etxebizitzaren aldeko Itun Soziala azaldu du Txileko Santiagon. Iazko azaroan 80 erakundetik gora bildu zituen, tartean enpresa pribatuak eta unibertsitateak, erakunde publikoak, profesionalen elkargoak, hainbat kolektibotako elkarteak eta sindikatuak.

Zero Eraiki nazioarteko mintegian, Jaureguik etxebizitza-politikak aztertu ditu Txileko Etxebizitza eta Hirigintza Ministerioaren ordezkariekin batera, eta nabarmendu du Etxebizitzaren aldeko Itun Soziala egitea funtsezkoa dela “sektoreko eragile guztiek jomuga batzuk oinarri hartuta aurrera egin dezaten, horrek ahalbidetzen baititu benetako aldaketak etxebizitzaren erronka konplexuaren aurrean”. Itunaren helburuen artean sailburuordeak aipatu ditu alokairu eskuragarriaren eskaintza publikoa handitzea 50.000 etxebizitzako parke batera iristeko, etxebizitza babestu iraunkorren kopurua parke osoaren % 12ra igotzea edo 2036. urtea amaitu baino lehen hiru etxetatik bat birgaitzea.

Energia-efizientziako irizpideak oinarri hartuta birgaitzea garrantzi handiko alderdia da Euskadin parke publikoa deskarbonizatzean. Pablo García Astrain Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturaren zuzendariak azaldu du Eusko Jaurlaritza Zero Plana izeneko plan bat garatzen ari dela etxebizitza publikoen karbono-aztarna gutxitzeko –Jaurlaritzak 16.000 etxebizitza kudeatzen ditu zuzenean, alokairu-erregimenean, Alokabide bidez–, eta plan horren bidez energia-eskaera gutxitzeko, energia berriztagarrien erabilpena bultzatzeko eta CO2 igorpenak murrizteko aukera ematen duten sistemak instalatzen ari direla. García Astrainek nabarmendu duenez, “oinarrizkoa da parke publikoa erreferentzia izatea energiaren kontsumoa gutxitzean, posible da etxebizitza publikoaren arloan berritzea, eta ezinbestekoa da gure gizarteak dituen erronkei, horien artean klima-aldaketari, aurre egiteko”.

Etxebizitza eta Hirigintza Ministerioarekin lan-bilera egin ostean, Etxebizitzako sailburuak agerian jarri duenez “topaketa oso positiboa izan da, hainbat lankidetza-aukera aztertu ditugu eta Txileko Gobernuak Etxebizitzaren Itun Sozialaren eta haren adostasun zabala lortzeko partaidetza ereduaren inguruko interes handia helarazi digu”. Final del formulario

Lankidetza horren lehenengo pauso bezala, Txileko Unibertsitatea lanean ari da Eusko Jaurlaritzaren Eraikuntza Kalitatearen Kontrolerako Laborategiaren eredua Santiagon kopiatzeko. Laborategi hori Gasteizen dago, eta eraikuntzako materialen saiakuntza fisiko, mekaniko eta kimikoak burutzen ditu berrikuntza helburu hartuta, teknologia-esparru berriak sustatuz eraikuntzaren kalitatearen eta jasangarritasunaren arloan aurrerapausoak emateko. Bidaia instituzional honetan, zentro berri hori Txilen sustatzen lagunduko lukeen akordioa sakondu da.

Informazio gehigarria