Europako Parlamentuak kriptoaktiboei buruzko erregelamendua onartu du

0

Apirilaren 20an Europako Parlamentuak kriptoaktiboen merkatuei buruzko Europako Parlamentuaren eta Batzordearen Erregelamendua onartu zuen; erregelamendu horrek EB/2019/1937 Zuzentaraua aldatzen du. Parlamentuaren erabaki horrek aurrera egiten du kriptoaktiboei buruzko MICA legeria sendotzeko bidean, eta orain Kontseiluak onartu behar du, aldizkari ofizialean argitaratzeko.

Onartutako erregelamenduaren xedea da hazten ari den merkatua arautzea, batzuetan erakargarria bezain hegazkor eta arriskutsua den merkatua. Erregelamendu berri hori finantza-araudiak arautzen ez dituen kriptoaktiboei aplikatuko zaie.

Europako erakundeak kontsumitzaileen eskubideak bermatzen saiatzen dira, erregelamendu honi esker hobeto informatuta egongo baitira kriptoaktiboen merkatuan jarduteko arriskuei, kostuei eta gastuei buruz. Horrela, beharrezkoa izango da estatu kide baten baimena izatea, batasun osorako balioko duena, kriptoaktiboak jaulki edo merkaturatzeko, bai eta liburu zuri bat idaztea ere. Liburu zuri honen edukia ere jasota dago erregelamendu horretan.

Onartutako erregulazioak gardentasuna, baimena, informazioaren argitalpena eta transakzioen ikuskapena ditu ardatz. Lege-esparru berri horrek merkatuaren osotasuna eta finantza-egonkortasuna babesten ditu eta kriptoaktiboen eskaintza publikoak arautu.

Erregelamendu honen bidez EBk merkatua manipulatzearen, kapitalak zuritzearen, terrorismoa finantzatzearen eta beste delitu-jarduera batzuen kontra borrokatu nahi du.

Europako erakundeek ez dute alde batera uzten kriptomoneten merkatuak eta blockchain teknologiak ingurumenean duten eragin handia, energia-eskaera handiak eragindakoa. Horregatik, zerbitzuen hornitzaileek beren energia-kontsumoa zein den jakinarazi beharko dute.

Esteka interesgarriak.

Europako Parlamentuaren prentsa-oharra. (erderaz)

Txostena eta erregelamendu-proiektua. (erderaz)