150 lagunek baino gehiagok parte hartu dute ete-entzako eta udalentzako Europako Next Generation planaren Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoaren funtsei buruzko informazio-saioetan

0

Ekonomia eta Ogasun Sailak, Ekonomiako eta Europako Funtsetako Sailburuordetzaren bitartez, Inguralde, Meatzalde, Ezkerralde, Mungialde eta Enkarterrirako egindako deialdian nabarmendu du aurten ETE-entzat eta udalentzat Europako funtsen inguruan ireki den aukera historikoa.

Mezu hori Laudion ere partekatu zen atzo, Next Generation — eta bere SEM (Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren)— Europako funtsei buruzko informazioa emateko hiru lurralde historikoetako eskualdeetan egiten ari diren topaketen egutegiaren barruan. Ekimen hau joan den asteazkenean hasi zen, Durangaldea – Lea Artibai eskualdeetan, eta maiatzaren hasiera aldean amaituko da Gipuzkoan.

Saio horietan ehun lagun baino gehiago izan dira. Formatu irekiko saioak dira, parte-hartzea errazteko.

Ekonomiako eta Europako Funtsetako sailburuorde Iñaki Barredok, Kabinete eta Koordinazioko buru Yurdana Burgoak eta Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen zuzendari Juan Alberdik azpimarratu dute Europako funtsak erakartzeak aukera emango duela eredu ekonomiko eta sozial berri baterantz aurrera egiteko: “eredu ekonomiko eta sozial berria, gizatiarragoa eta ingurunearekiko errespetuzkoagoa; aurrerapen jasangarrian, berrikuntzan eta berdintasunean oinarritua”, trantsizio ekologiko, digital eta sozialaren erronkei aurre egiteko.

Saio hauetan, funtsak Euskadira iristeko bi bideak zehaztu dira. Batetik, Eusko Jaurlaritzari egindako transferentzien bidez iristen dira. Honako hau azaldu da: “Zenbateko horiekin, obra eta zerbitzuen lizitazioak, era guztietako eragileentzako dirulaguntzak eta foru-aldundi eta udalentzako transferentziak garatzen ditugu, eta haiek, aldi berean, ekimenak eta proiektuak abiarazteaz arduratzen dira”. Eta bestetik, zuzeneko emakiden, hitzarmenen eta Estatuaren dirulaguntzen bidez iristen dira.

Hala, helburu hau azpimarratu da: enpresa handiei, ETE-ei, profesionalei eta autonomoei Europako funtsen inguruko informazioa helaraztea eta haietarako sarbidea erraztea, beren proiektuak finantzatzeko baliatu ahal izan ditzaten. Ekimen honen asmoa da Europako laguntza horiek Euskadiko produkzio-sarean sartzea eta SEM – Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren mamian jasotako eraldaketa ekonomikoa sustatzea.

Informazio-saio hauek datorren astean amaituko dira Gipuzkoan, Oarsoaldean (maiatzaren 3an) eta Goiekin, Uggasan eta Tolosaldean (maiatzaren 5ean) aurreikusitako bi topaketekin.