2023KO MAIATZAK 2: ASMAREN MUNDU EGUNA

0

Maiatzaren 2a Asmaren Mundu Eguna da. 1998an, Bartzelonan, Asmari buruzko lehen Mundu Bileran lehen aldiz egin zenetik, parte-hartzea handituz joan da urtetik urtera, eta, egun hori, orain, asmari buruzko hezkuntza- eta kontzientziazio-ekitaldi garrantzitsuenetako bat da mundu osoan.

Asmaren Mundu Eguna Global Initiative for Asthma (GINA) erakundeak bultzatzen du eta Pneumologiaren eta Toraxeko Kirurgiaren Espainiako Elkarteak (SEPAR) eta Asma maneiatzeko gida klinikoak (GEMA). babesten dute.

Helburua da gaixotasun honek jasaten duten pertsonengan dituen ondorioei eta mugarik gabeko bizimodu osasungarria izanik kontrolpean izateko aukerari buruzko kontzientzia herritarren artean zabaltzea. Aurtengo leloa «Kontrola dezakezu asma» da, eta helburua zera da: arnas arloko nazioarteko elkarteek elkarrekin lan egitea pazienteekin batera irtenbide berritzaileak abian jarri eta partekatzeko, hala tokiko mailan nola maila globalean.

Asma gaitz kroniko ohikoenetako bat da. Mundu osoan adin guztietako 334 milioi pertsonari eragiten die; beraz, osasun publikoaren erronka esanguratsu bat da. Gure herrialdean, 20 heldutatik bati eragiten dio eta hamar haurretatik bati. Gainera, asmaren prebalentzia eta inpaktua nabarmen handitzen ari dira eskualde urbanizatuetan, ingurumen- eta bizimodu-aldaketekin lotuta. Horrez gain, patologia horrek inpaktu nabaria du jasaten dutenen eskolako eta laneko errendimenduan.

Osasun publikoaren baliabideen % 2 asmara bideratzen dira, asmatikoen % 70ek ez baitute ondo kontrolatuta gaixotasuna. Kontrol okerraren kausetako bat pazienteak patologia, kronikotasuna eta tratamendua behar bezala eta egunero hartzearen garrantzia ez ezagutzea da. Ildo horretatik, ohikoak dira pazienteen tratamenduarekiko atxikidura eza eta inhalagailuen erabilera okerra, eta profesionalek datu garrantzitsu horiek nabarmendu behar ditugu.

Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Asmaren Unitateak patologiaren kontrol txar hori hobetu nahi du, berariazko medikazioaren bidez ez ezik, baita pazienteetan atxikidura hobetzeko eta gaixotasuna gehiago ezagutzea lortzeko egituratuta dauden hezkuntza-programen bitartez ere. Asmatikoen azpitalde batek –batere txikia ez denak– patologia larria pairatzen du, orobat, eta bizia arriskuan ere izaten dute. Tratamendu espezifikoagoak erabil litezke paziente horien mesedetan; biologikoak, esaterako (tratamendu horiek oso jardun zehatza dute gaixotasunaren gainean). Jakina, bizi-ohitura onak eta inguru osasungarriak funtsezkoak dira, batez ere haurtzaroan. Hala, adin goiztiarretan eta haurdunaldian tabako-kearen eraginpean egoteak eta ingurumenaren kutsadurak eragin nabarmena dute asmaren sintometan.

Laburbilduz, paziente asmatikoei asma medikazio egokiarekin, segimenduarekin eta pazienteen eta haien senideen prestakuntza egokiarekin kontrola daitekeela esan behar diegu, eta, hala, bizi-kalitate ona izan dezaketela.

Pneumologiako Zerbitzua.
Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea. EZKERRALDE-ENKARTERRI-GURUTZETAKO ESI-A