Lehendakariak adierazi du Euskadik arrantzaren munduan erreferentzia izaten jarraitu nahi duela

0
  • Iñigo Urkullu Bermeo Tuna World Capital biltzarrera joan da, eta bertan Atunaren Jasangarritasunaren aldeko Nazioarteko Adierazpena aurkeztu da
  • Adierazpen horretan eskatzen da jardunbide txarrak gelditzea eta produktu jasangarriei lehentasuna emango dien kontsumo arduratsua egitea
  • “Eredugarriak izan behar dugu. Hori da gure betebeharra. Itsasoari, gure planetari zor diogu” –esan du 

Lehendakariak adierazi du Euskadi erreferentzia izan dela eta izaten jarraitu nahi duela arrantzaren munduan, eta jardunbide hori beti ingurumena errespetatuz egiteko oinarriak ezartzearen alde agertu da.

Iñigo Urkullu, Arantxa Tapia sailburuarekin batera,BTWC-Bermeo Tuna World Capital biltzarrean izan da, gaur eguerdian, Bilboko Euskalduna jauregian. Biltzarrean Atunaren Jasangarritasunaren Aldeko Nazioarteko Adierazpena aurkeztu da. Adierazpen horrek eskatzen du jardunbide desegokiak geldiaraztea eta kontsumitzaileak parte-hartze aktiboa izan dezatela kontsumo arduratsua sustatzeko orduan, betiere jasangarritasunaren zigilua duten produktuak lehenetsiz. Euskadi Basque Country-k nazioarteko konpromiso hori bere gain hartzeko eta sustatzeko eskatu dio Nazio Batuei.

Euskadi Basque Country-k nazioarteko konpromiso hori bere gain hartzeko eta sustatzeko eskatu dio Nazio Batuen Erakundeari, horixe baita jarduera horrekin jarraitu ahal izateko modu bakarra, Lehendakariak adierazi duen bezala.

Gogorarazi du Bermeoko atunontziek mundu osoko tunidoen harrapaketa guztien % 10 arrantzatzen dutela, eta adierazi du euskal atun-sektoreak beti egin duela arrantza jasangarriaren alde. “Ez du denak balio gure mahaietara arraina eramateko. Beti jabetu gara horretaz, eta eredugarriak izan gara praktika horretan” –esan du.

BTWCk antolatutako nazioarteko topaketa horri buruz, Iñigo Urkulluk adierazi du elkarte horrek Euskadin oso ondo ezagutzen den lan egiteko modu bat sustatzen duela, hala nola lankidetza publiko-pribatua, eta horri esker sektoreko enpresek eta erakundeek helburu bera dutela: jarduera hori modu jasangarrian garatzea.

“Eredugarriak izan behar dugu. Hori da gure betebeharra. Itsasoari, gure planetari zor diogu. Orain egin behar dugu. Bihar beranduegi izan baitaiteke” –esan du amaitzeko.