E&M Combustión enpresaren erregailu industrialak gorantz ziurgabetasun energetikoaren ostean

0

E&M Combustión enpresak Artean (Bizkaia) du egoitza, eta eskala handiko erregailu industrialen diseinu eta fabrikazioan espezializatuta dago, mundu mailako erreferentea delarik. Erregailu horiek lagungarri dira, esaterako, bezero industrialen eraginkortasun energetikoa hobetzeko, konbustioko teknologia berritzaileak diseinatu eta ezartzen dituztelako, hala nola berriki Texaseko (Estatu Batuak) zentral termiko bati eskaini diotena. Teknologia horri esker, bigarren bizitza bat emango zaio zentralak sortzen duen errautsari, lehengai modura erabiliko baita eraikuntzan edo lurzoruetako betegarri eta ongarri gisa, diosku konpainiako zuzendari nagusi Iñigo Béjarrek.

Kontuan izanik enpresa mundua ziurgabetasunean murgilduta dagoela energiaren kudeaketari eta kostuei dagokienez, esan liteke Texasekoa bezalako proiektuak eguneroko kontua direla jadanik?

Gaur egun, enpresen lehentasunetako bat da inguruko baliabide guztiak berraprobetxatzea erabiliak izan daitezen. Izan litezke materia energetikoak edo fabrikazioko aplikazio bat, kasu honetan bezala, zeinetan lantegian erabiltzen den erregaiaren azpi-produktu bat material gisa erabiliko baita eraikuntzarako eta beste helburu batzuetarako. Zalantzarik gabe, horrelako aplikazioak gero eta gehiago ezartzen ari dira industria sektoreko produkzio-zentroetan.

Zehazki, zein da E&M enpresaren jarduera?

Esan genezake erregailu industrial bat dela zigarro bat pizteko erabiltzen dugun metxeroa, baina maila industrialean. Erregailu industrialek sugar oso handia ematen dute, eta sugar horrek sortzen duen beroa hainbat ekipo industrialetan erabiltzen da, hala nola galdaretan, lehorgailuetan edo labeetan; horrela, energia sortzen da eta energia hori hainbat prozesu industrialetan erabiltzen da.

Adibideren bat jar dezakezu?

Energia sortzen duen zentral termiko batek horrelako erregailuak erabiltzen ditu gasa erretzen duten galdaren barruan lurruna sortzeko, eta gero lurrun hori turbina batera bideratzen da argindarra sortzeko. Esan dezakegu erregailuak direla sektore industrialean sugarra eta beroa ekoizten duten metxeroak.

Zer ekarriko dio konpainiari Estatu Batuetako azken proiektu honek?

Proiektu garrantzitsua da, baina, egia esan, beste bat da egunero esku artean dauzkagunen artean. Hasierako inplikazioarekin eta pasioarekin jarraitzen dugu lanean gure proiektu guztietan, eta pozik gaude gai garelako industriako konbustio-prozesuen erronkei egokitutako erantzun teknikoak emateko. Gainera, urrats bat gehiago da gure nazioartekotze prozesua sendotzeko bidean. Fabrikatzen ditugun ekipoen % 50-60 inguru zuzenean esportaziora bideratzen dira, eta beste % 20 zeharka. Gure jardueraren zati oso garrantzitsua da.

Zerk bereizten du E&M Combustion enpresa gainerakoengandik?

Ematen dugun balio erantsiak, bezeroak eskatzen digunaren araberako fabrikazioak. ETE bat gara eta zaila egiten zaigu multinazional handiekin eta haien produkzio bolumenekin lehiatzea. Horregatik zentratzen gara sektore edo merkatu-nitxo zehatz batzuetan, zeintzuetan bezeroek “neurrira eginiko fabrikazioa” behar baitute euren prozesuetarako. Eta hor oso lehiakorrak gara, gure enpresaren tamainak aukera ematen digulako azkarragoak izateko, hots, produktu berriak merkaturatu eta ekipoak diseinatzeko barne-burokrazia astunagoa duten beste konpainia handiago batzuk baino arinago. Eta gainera, apustu sendoa egin dugu I+G+B-ren alde; berrikuntzako inbertsioa da gure filosofiaren oinarrietako bat.

Zein sektoretan erabiltzen dira zuek garatutako proiektuak?

Gure ekipoak beharrezkoak dira produkzio-prozesuan beroa eta lurruna behar duten jarduera guztietan, izan energia elektrikoaren sorkuntzarako zentralak, izan biomasakoak, izan zentral termosolarrak edo izan hiriko berogailu zentralak, eta baita ere petrolio eta gasaren industrian, beroa behar baitu funtzionatzeko. Eta jakina, elikadura eta edarien sektorean, metalurgian, siderurgian, etab.

Zer sentsazio duzu 2023. urte honetarako?

Ziurgabetasun orokorra sumatzen dugu merkatuan, baina zehazki gure enpresaren eskaera-zorroa eta egin beharreko lana beste urte batzuetan sasoi honetan genuena baino handiagoak dira. Beraz, ez dauzkagu aurreikuspen txarrak ekitaldi honetarako. Ziurgabetasun energetiko honen ondorioz, orokorrean kontzientzia handiagoa dago energia aurrezteko eta ekipo eraginkorragoak erabiltzeko, eta behar horri erantzun bat ematen ahalegintzen gara. Kontsulta asko jasotzen ditugu aztertzeko nola aurreztu  energia konbustio arloan -guri dagokigunean, alegia-, hau da, jakiteko nola hobetu bezeroen prozesuak.

Azkenaldi honetan, enpresen erronka handienetako bat da talentu kualifikatua aurkitzea. Nola egiten diozue aurre profil profesional berrien beharrari eta eskasiari?

Oraindik zaila da behar ditugun goi-mailako kualifikaziodun profil profesionalak aurkitzea, batez ere atzerrian lan egiteko. Horregatik, gure helburuetako bat da Indian teknikariak kontratatu eta trebatzea, laguntza emateko han daukagun bulego komertzialari eta atzerrian martxan jartzen ditugun instalazioei, batik bat Asiako merkatuan, uste dugulako garapen potentzial handia duela etorkizunari begira.