Osakidetzak 2023ko «Avedis Donabedian» kalitate-sari entzutetsuetako bi jaso ditu

0

Edizio honetan Osakidetzak bi sari jaso ditu. Hauexek izan dira saritutako proiektuak: Barrualde-Galdakaoko ESIaren Gizarte Erantzukizuneko Memoria eta Tolosaldeko ESIaren Lehen Mailako Arretako osasun-profesionalen konpetentzia digitalen kudeaketarako metodologia sortzekoa

 Osakidetzak 2023ko Avedis Donabedian kalitate-sarietako bi jaso ditu. Sari horiek osasun-erakundeei ematen zaizkie, osasun-zentroetako zenbait kalitate-alderdi aitortzeko eta zenbait arlotan etorkizuneko garapenerako joerak markatzeko. Ekitaldi honetan, hauek izan dira saritutako proiektuak: osasun-profesionalen konpetentzia digitalen kudeaketarako metodologia sortzeko Lehen Arretaren Kalitatea Hobetzeko Proiektua; eta Barrualde-Galdakao ESIaren Gizarte Erantzukizuneko Memoria.

Saritutako proiektuetako lehenaren helburua da profesionalek teknologia egoki erabil dezaten sustatzea, osasun digitalean urratsak egiten jarrai dadin; izatez, alderdi hori ezinbestekoa da osasun-arretak etengabe izaten duen aldaketari aurre egingo bazaio. Horretarako, behar-beharrezkoa da konpetentzia digital profesionalen profil indibidualizatuak definitzeko metodologia ezartzea eta autodiagnostikorako on line tresna zehaztea.

Saritutako Gizarte Erantzukizuneko Memoria, bestalde, GRI (Global Reporting Initiative) nazioarteko estandarretan oinarritutako memoria da, eta gizarte, ingurumen eta ekonomiaren arloko adierazleak eta giza eskubideekiko errespetuaren arloko adierazleak jasotzen ditu.

Irabazi asmorik gabeko Avedis Donabedian Fundazioaren xedea da profesionalekin eta zentroekin, administrazio publikoekin, elkargo profesionalekin eta erakunde publiko eta pribatuekin lan egitea, herritarrek jasotzen dituzten osasun- eta gizarte-zerbitzuen kalitatea hobetu dadin. Hobekuntza-borondate horren barruan, Fundazioak urtero saritzen ditu bere jardun-eremuan kalitatea sustatu duten pertsonak eta erakundeak.

Aurten XXXII. edizioa beteko duten sarien banaketa ofiziala atzo arratsaldean egin zen Bartzelonako Axa Auditoriumean, eta bertan izan ziren Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburua eta Rosa Pérez Esquerdo Osakidetzako zuzendari nagusia. Bertan egotearekin, Osasun Sailak eta Osakidetzak aitortu nahi izan dute erakunde publikoko profesionalek etengabeko hobekuntzaren alde egiten duten ahalegina, beti pertsonen zerbitzura.