Eusko Jaurlaritzak indartu egingo du kamioien ikuskapena Euskadin

0
  • Maiatzaren 8tik 14ra bitartean salgai arriskutsuak garraiatzen dituztenak ikuskatuko dituzte
  • Gainera, maiatzaren 16tik 18ra bitartean era guztietako kamioien pisua zainduko dute

Maiatzaren 8tik 14ra bitartean, biak barne, Ertzaintzak kamioien zaintza eta kontrola indartuko du Euskadiko errepide-sarean. Zehazki, salgai arriskutsuak errepidez garraiatzen dituzten kamioiak zainduko dituzte, jarduera hori arautzen duen nazioarteko akordioari (ADR) jarraituz. Besteak beste, ibilgailuaren dokumentazioa, plaken eta seinale laranjen erabilpena, sua itzaltzeko baliabideak, ekipamendu ezberdinak eta norbera babesteko ekipamenduak ere aztertuko dituzte.

Egiaztatuko dute baimendutako gidatze-orduak gainditzen diren eta ezarritako atsedenaldiak egiten diren, takografoak funtzionatzen duen edo manipulatu egin den erregistroak faltsutzeko eta polizia-kontrolak saihesteko.

Sonia Díaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariaren esanetan, “istripuen prebentzioa bereziki da garrantzitsua salgaiak garraiatzen dituzten ibilgailuen kasuan; izan ere, istripu batean kamioiak inplikatuta egoteak ondorio larriak izan ditzake. Kontrol horien helburua da, hain zuzen ere, era horretako zerbait gertatzea saihestea”.

Bestalde, maiatzaren 16tik 18ra bitartean salgaiak garraiatzen dituzten era guztietako kamioien pisua zainduko dute. Horrela, baimendutakoa baino zama handiagoa daramaten eta zama ongi lotuta dagoen egiaztatuko dute.

Kamioien pisua zaintzeko eta kontrolatzeko kanpainak trafikoa eta garraioa zaintzeko eta kontrolatzeko aurtengo urte osorako programatutako 45 kanpainen egutegiaren barruan sartzen dira.