Euskadiko Lanbide Heziketak 2023-2024 ikasturterako izena emateko epea ireki du, eskaintza ia 4.000 plazatan handituta

0
  • Euskadiko Lanbide Heziketak datorren ikasturtean Lanbide Heziketaren eta Unibertsitatearen arteko 264 lotura-bide eskainiko ditu, Goi Mailako 75 heziketa ziklotatik 59 unibertsitate-gradutara
  • Gaurtik, maiatzaren 8tik, aurrera eman ahal izango da izena Lanbide Heziketan, on line edo Lanbide Heziketako ikastetxeetan bertan

Jorge Arévalo Lanbide Heziketako sailburuordeak, Nicolás Sagarzazu Plangintza eta Antolaketako zuzendariarekin batera, gaur goizean egindako prentsaurrekoan, 2023-2024 ikasturterako Euskadiko Lanbide Heziketarako matrikulazio-kanpainaren xehetasunak eman ditu. Matrikulazioa zabalik dago gaurtik maiatzaren 26ra bitartean (biak barne). Euskadiko Lanbide Heziketak datorren ikasturtean 58.910 plaza eskainiko ditu, hau da, 2022-2023 ikasturte honetan baino 3.920 plaza gehiago. Honek % 11,47ko igoera esan nahi du, ikasturte honekiko.

Ia 4.000 plaza gehiago

2023-2024 ikasturtean sortuko diren 3.930 plaza berri horietako gehienak Goi Mailako Heziketa Zikloetan sortu dira. Honela banatzen dira, mailen arabera, plaza berri horiek:

  • 465 plaza berri Oinarrizko Mailako Heziketa Zikloetan
  • 875 plaza berri Erdi Mailako Heziketa Zikloetan
  • 840 plaza berri Goi Mailako Heziketa Zikloetan
  • 740 plaza berri espezializazio-ikastaroetan, datorren ikasturtean beste 9 espezializazio-ikastaro eskainiko baitira.

Hauek dira datorren ikasturtean plazen kopuruan igoerarik handiena izango duten lanbide-arloak:

Lanbide-arloak Plazen gehikuntza 2023-2024
Elektrizitatea eta elektronika +810
Informatika eta komunikazioak +765
Gizarte- eta kultura-zerbitzuak +275
Fabrikazio mekanikoa +230
Osasungintza +250
Ostalaritza eta turismoa +225
Garraioa eta ibilgailuen mantentze-lanak +220
Instalatze- eta mantentze-lanak +155
Administrazioa eta kudeaketa +150
Jarduera fisikoak eta kirola +115

Euskadik Lanbide Heziketaren aldeko apustua egiten jarraitzen du, eta eskaintza globala 58.910 plazakoa da 2023-2024 ikasturterako, honela banatuta: 5.970 plaza Oinarrizko Mailako Heziketa Zikloetan; 21.000 plaza Erdi Mailako Heziketa Zikloetan; eta 30.500 plaza Goi Mailako Heziketa Zikloetan. Gainera, horien guztien artean 1.440 plaza espezializazio-ikastaroetan izango dira: bikoiztu egiten da 2022-2023 ikasturte honetako eskaintza, beste 9 espezializazio-ikastaro jarri baitira abian.

Espezializazio-ikastaroek urtebeteko iraupena dute, eta jada Erdi Mailako edo Goi Mailako Heziketa Ziklo bat amaitu duten ikasleei zuzentzen zaizkie, ikasi dutena zikloarekin zerikusia duen arlo jakin batean espezializatu daitezen. Euskadiko Lanbide Heziketak datorren 2023-2024 ikasturterako guztira 20 espezializazio-ikastaro eskainiko ditu; horietako 9 berriak izango dira.

Lanbide Heziketaren eta Unibertsitatearen arteko lotura-bideak

Hezkuntza Sailak berriro ere azpimarratu nahi du gainditu beharrekoa dela Lanbide Heziketa edo unibertsitatea, bata edo bestearen artean aukeratu beharreko dikotomia klasikoa. Garai berriek eta produkzio-sarearen premiek behar-beharrezkoa egiten dute ikuspegi hori aldatzea eta bi ikasketak elkarren osagarri gisa planteatzea. Hori dela eta, Hezkuntza Sailak, euskal unibertsitateekin elkarlanean, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitatearen arteko lotura-bideak (edo pasabideak) bultzatzen ditu. Lotura-bide horiei esker, Goi Mailako Heziketa Ziklo bat egin duten ikasleei unibertsitate-kreditu kopuru jakin bat aitortzen zaie, betiere aukeratutako unibertsitate-graduaren eta ikasitako Lanbide Heziketako zikloaren arteko kidetasunaren arabera.

Euskadiko Lanbide Heziketak eta euskal unibertsitateek haien arteko lotura-bideak indartu dituzte eta, 2023-2024 ikasturteari begira, Lanbide Heziketaren eta unibertsitate-graduen arteko konbinazioa sustatzen jarraituko da, lan-merkatuak eskatzen duen profesionaltasuna eta talentua lortzera begira. Datorren ikasturtean, Euskadiko Lanbide Heziketako 75 heziketa-ziklok Unibertsitateko 59 gradutarako lotura-bideak eskainiko dituzte.

Lanbide Heziketako zikloen eta unibertsitate-graduen arteko 264 lotura-bide daude guztira. Lotura-bide horiek unibertsitate-kredituak aitortzen dituzte, 3 kreditutik 66 kreditura bitartean.

Aipatzekoa da Goi Mailako ziklo askok unibertsitate-gradu bat baino gehiagorako pasabidea eskaintzen dutela. Adibide gisa aipa daiteke Automatizazioko eta Robotika Industrialeko Goi Mailako zikloak 12 gradutarako pasabideak dituela: Ingeniaritza Elektrikoko Gradua (UPV/EHU); Ingeniaritza Elektroniko Industrial eta Automatikoko Gradua (UPV/EHU eta Deustu); edo Energia Ingeniaritzako Gradua (Mondragon U.), besteak beste.

2023-2024 ikasturteko matrikulazioa

2022-2023 ikasturte honetan, 46.671 ikaslek ikasten dute Lanbide Heziketako heziketa-zikloren bat Euskadin, edozein modalitatetan: presentziala, urrunekoa edo eskaintza partzialekoa. Lanbide Heziketan eskolaratu nahi duten ikasle berriek gaurtik, maiatzaren 8tik aurrera 2023-2024 ikasturtean eskolaratzeko eskaera aurkeztu ahal izango dute. Epea maiatzaren 26ra arte egongo da zabalik, egun hori barne.

Eskaerak aurkezteko bi bide izango dituzte: on line edo aurrez aurre Lanbide Heziketako ikastetxeetan bertan. Ikastetxe batean egin beharreko tramiteak ikastetxeko idazkaritzaren ordutegian egin beharko dira. On line eskaerak, berriz, Hezkuntza Sailaren web-gunearen bidez egin beharko dira: www.euskadi.eus/educacion

Kontuan izan beharreko egutegia:

  • Maiatzaren 8tik 26ra bitartean (biak barne): eskaerak aurkezteko epea.
  • Uztailaren 7a: onartutako, onartu gabeko eta baztertutako pertsonen behin-behineko zerrendak argitaratzea.
  • Uztailaren 12ra arte: behin-behineko zerrendei erreklamazioak aurkeztea (14:00ak arte).
  • Uztailaren 13a: onartutako, onartu gabeko eta baztertutako pertsonen behin betiko zerrenden argitalpena.
  • Matrikula egitea (ohiko aldia):
    • fasea: uztailaren 14tik 18ra (biak barne)
    • fasea: uztailaren 20a
    • fasea: uztailaren 24tik 26ra (biak barne)

Matrikula hiru fasetan edo epetan formalizatzen da —faseetako bakoitzean plazak esleitzeko prozedura egingo da–, ikasle eskatzaile gehienek beren lehenengo aukeran matrikulatu ahal izatea bermatze aldera.

Inor plazarik gabe gera ez dadin, Hezkuntza Sailak ikasleei gomendatzen die, eskaera egitean gutxienez hamar plaza adieraz ditzatela, lehentasunen araberako hurrenkeran. Eskatutako lehen plazako ikastetxea izango da onarpen-prozesuarekin zerikusia duten kudeaketa guztietarako erreferentziazko ikastetxea. Pertsona bakoitzak eska dezakeen plaza kopuruak ez du mugarik.