Eusko Jaurlaritzak film luzeen, serieen edo miniserieen garapena 400.000 eurorekin lagunduko du

0
PRUEBA

Fikziozko, animaziozko eta dokumentalerako proiektuak dira diruz lagunduko direnak

Gobernu Kontseiluak gaur 2023eko ekitaldian zehar edozein hedabidetarako eta edozein euskarritarako film luze, serie edo miniserie proiektuak garatzeko dirulaguntzak emateko deialdia onartu du. Guztira 400.000 euro izango dira: 200.000 euro film luzeak garatzeko eta 200.000 euro serieak eta miniserieak garatzeko.

Diruz lagunduko diren gastuak honakoak izango dira:

  • Obraren egilearen eskubideak eskuratzea.
  • Gidoiaren garapena. Berridazketa edo egokitzapena, elkarrizketak, kanpoko aholkularitza, itzulpena.
  • Promozio-materiala diseinatzea eta lantzea: Material inprimatua, teaser-a, trailerra, programa pilotua, story board-a, web orria.
  • Marketing- eta banaketa-plana garatzea.
  • Merkatu eta koprodukzio foroetara joatea. Bidai gastuak, alojamendua eta akreditazioak.
  • Casting-a egitea eta kokapenak bilatzea.
  • Ikerketa dokumentala, grafikoa (animaziozko proiektuetan) eta artxiboak bilatzea.
  • Langile-gastuak.
  • Aholkularitza juridikoa eta fiskala aurkeztutako proiektuarentzat.
  • Gastu orokorrak.

Film-luzeen garapena

Dirulaguntzetara aurkezteko film luzetzat hartuko da “ikus-entzunezko lan bat, fikziozkoa, animaziozkoa edo dokumentala izan eta 60 minutu edo gehiagoko iraupena duena eta zinema-aretoetan, plataformetan edo telebistetan komertzialki ustiatzeko erabiltzen dena”. Diru-laguntzaren zenbatekoa, gehienez, 25.000 eurokoa izango da fikzioaren eta dokumentalaren kasuan eta gehienez 40.000 eurokoa animazioa denean.

Serieen garapena

Gaur onartutako dirulaguntzekin fikziozko, animaziozko eta dokumental serieak eta miniserieak garatzen lagunduko da. Horretarako serietzat hartuko dira “ikus-entzunezko proiektuak, fikziozkoak, animaziozkoak edo dokumentalak izan, guztira, gutxienez, 135 minutuko iraupena dutenak, lehen denboraldiari dagozkion hiru kapitulurekin gutxienez, eta zine aretoetan, telebistetan edo bestelako hedapen-moduetan ustiatzen direnak”.

Bestalde, miniserietzat hartuko dira “ikus-entzunezko proiektuak, fikziozkoak, animaziozkoak edo dokumentalak izanik, gutxienez bi kapitulu eta guztira 90 minutuko iraupena dutenak. Proiektu horiek zine-aretoetan, telebistetan edo plataformetan merkaturatzeko ustiatu beharko dira”.

Aurkezten diran fikziozko edo dokumentalezko serie edo miniserien kasuan gehienez 35.000 euroko laguntza jasoko dute. Animaziozko serieen eta miniserieen kasuan berriz, laguntza, gehienez, 45.000 eurokoa izango da.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da maiatzaren 31etik hasita ekainaren 30ra arte.