Euskadiko Babes Zibileko Batzordeak basoko suteen arloan larrialdietako zerbitzuek garatuko dituzten jarduketak aztertu ditu

0

Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordea buru dela, eta Ricardo Ituarte Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendaria lagun duela, egin da Gasteizen Euskadiko Babes Zibileko Batzordearen ezohiko bilera. Bertan, besteak beste, basoko suteen arloko etorkizuneko jarduketak aztertu dituzte, eta, horretarako, hiru diputazioetako mendi-zerbitzuek eta Euskadiko larrialdietako gainerako zerbitzuek (diputazioek eta Jaurlaritzak) datorren kanpainan garatuko dituzten estrategiak partekatu dituzte.

Horrela, adierazitako organismoek urteko euren jarduketa-planei jarraituz garatuko dituzten ekimenak aurkeztu dituzte, eta Eusko Jaurlaritzak jakitera eman du Euskadiko Basoko Suteen Plana eguneratu egingo dutela eta, beste ekimen batzuen artean, Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren ekarpenak barne hartuko dituela era horretako gertaeren prebentziora eta kudeaketara begira.

Era berean, Euskadiko Babes Zibileko Batzordeak Bizkaiko Basoko Suteetarako Larrialdi Plana (INFOBI) eguneratzeko oniritzia ere eman du. Plan horretan lurraldeko baso-masetan eragina izan dezaketen alderdirik garrantzitsuak jasotzen dira, eta, horretarako, kudeaketa-mekanismoak ezartzen dira egoeraren arabera neurriak eta jarduera-protokoloak ezartzearen bidez.

PARTE-HARTZAILEAK

Euskadiko Babes Zibileko Batzordea erakundeen arteko organo bat da, eta batzordekideak Segurtasun Saila, Osasun Saila, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila, Lehendakaritza, hiru foru-aldundiak, Eudel–Euskadiko Udalen Elkartea eta Estatuak EAEn dituen ordezkariordetzak dira.