Bost Machine Tools Company, tamaina handiko makina-erremintan liderra den enpresa gipuzkoarra

0
PRUEBA

Bost Machine Tools Company enpresa gipuzkoar bat da, makina-erreminta konplikatuenetako bat fabrikatzen duena, Premium Tornu Bertikala, eta liderrak dira Espainiako merkatuan. Oso produktu konplikatua da, automatizazio-maila desberdinak dituena, “giltza eskuan” konponbideak erabiltzen dituena, eta ia bi urterainoko fabrikazio-prozesua duena. Konpainiak SPRI Taldearen Zibersegurtasun industrialeko programaren laguntza bat jaso du. Duela hiru urtetik, SPRIk Basque Cybersecurity Centre (BCSC) zentroaren laguntza du zibersegurtasunaren euskal ekosistema bultzatzeko eta, ondorioz, baita ere laguntza ekonomikoak banatzen dituen programa honetarako.

Bost enpresa 1972an sortu zen Asteasun bost bazkideren ekimenez, eta hantxe dago oraindik ere, 51 urteren buruan bere instalazioak hiru aldiz handitu ondoren. Bere hastapenetan balio erantsi handiko makina-erreminta astunak konpondu eta eguneratzen zituen, batez ere Alemaniakoak.  “Pixkanaka, know-how hura barneratu zuten eta 80ko hamarkadan gai izan ziren makina-erreminta linea propio bat garatzeko orduko teknologia aurreratuenarekin”, diote Oscar Pastor zuzendari kudeatzaileak eta Arkaitz Morabide zuzendari komertzialak.

Azken urteotan, enpresa tresna konplikatu eta astun baten fabrikazioan espezializatu da: Premium Tornu Bertikala. “Makina-erreminta mota honetan xehetasun guztiak zaindu behar dira, ezaugarri guztiak pertsonalizatu, eta fabrikazioko teknologia adimendunarekin edo 4.0 Industriako teknologiarekin ekipatu behar da”. Espainian liderrak dira, eta hain produktu espezifikoa ekoizten dutenez, hiru lehiakide baino ez dituzte mundu osoan, Alemanian eta Italian. Premium tornu bertikalak tamaina desberdinetakoak izan daitezke: platerek 2-8 metro bitarteko diametroa dute eta piezek sei metrorainoko altuera.

Makina bakoitza fabrikatzeko 16-24 hilabete artean behar dira

Proiektuen atzean garapen-lan handia dago, proiektu bakoitzak “3.000-4.000 ingeniaritza-ordu” eskatzen du, eta makina bakoitza fabrikatzeko 16-24 hilabete artean behar dira. Hala, enpresak 8-10 Bost makina fabrikatzen ditu urtean. “Makina-erreminta oso konplexu batean espezializatu gara, eta teknologia hidrostatiko propioa erabiltzen dugu”.

Bost enpresako arduradunek hauxe diote euren plan estrategikoari buruz: “makina mota bakarra egitea erabaki genuenean, bagenekien salmenta-aukera asko galduko genituela, baina, bestalde, gure maila teknologikoa duen enpresa batek arrisku handiak hartuko lituzke makina estandarrak garatuko balitu, beste fabrikatzaile handi batzuek asetzen baitute behar hori. Gure bezeroek asko baloratzen dute erositako makinen kalitatea, hortaz, gure helburua da produktu sendo bat eskaintzea eta espektatiba guztiak gainditzea”.

Negozio hau sektore aeroespazialera, eolikora, oil&gas, hydro eta meatzaritzara bideratzen da, besteak beste. Negozioaren % 90 esportazioetatik datorkio, batez ere Alemania eta Frantziara egiten direnetatik. “Bestalde, Txina eta AEBetara begira gaude, makina-erremintaren mundu mailako merkatu garrantzitsuenak dira eta”.

Enpresak 100dik gora langile ditu eta 25 milioi euro inguru fakturatzen ditu urtean. I+G-n eginiko inbertsioa negozioaren % 7,5ekoa da. “Departamendu espezifiko bat daukagu, Bulego Teknikoa eta Sistemetarako Bulegoa dituena, eta 26 pertsona ari dira bertan lanean”. Gipuzkoan trakzio-indarra duen enpresa bat da, bere fakturazioaren % 60 inguruko hogeita hamar bat enpresatara iristen baita, zeintzuek zerbitzuak eta fabrikaziorako produktuak eskaintzen baitizkiote.

SPRI Taldearen zibersegurtasun industrialeko programaren laguntzarekin sareen eta instalatutako makinen zerbitzu informatikoaren diagnostiko bat egin dute. “Garapen fasea bukatu da, eta dagoeneko ezarrita dago.  Ez dugu aurkitu segurtasun akats esanguratsurik”.

Bost enpresaren etorkizuneko erronkak dira sektore aeroespazialean daukan presentzia esanguratsua sendotzea eta erreferente izaten jarraitzea industrian. “Eta baita ere Txina eta AEBetako merkatuetan errotzea”.