Josu Erkoreka: «María Lourdes del Hoyo Garciaren hilketa gaitzesten dugu, urteko indarkeria matxistaren lehen biktima»

0
PRUEBA

Josu Erkoreka lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua, Victoria Landa eta Josu Bujanda, Ertzaintzaren zuzendariak eta Ertzaintzaren buruak lagunduta, komunikabideen aurrean agertu da atzo Orion gertatu zen indarkeria matxistaren berri emateko. Maria Lourdes del Hoyo Garciaren hilketa gaitzetsi du Erkorekak, indarkeria matxistaren urteko lehen biktima. Gainera, joan den asteburuan Villabonan (Gipuzkoa) gertatutakoaz galdetu diote kazetariek.

Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du atzo Orion (Gipuzkoa) gertatutako hilketa. Gizon batek bikotekide ohia hil zuen su-arma batekin, eta gero bere burua hil zuen. Hildako emakumea Euskadin 2023an genero-indarkeriaren ondorioz hil den lehenengo pertsona da.

Atzo, asteartea, 17:35 aldera gertatu zen Orioko Arrantzale kalean. Lehenengo informazioen arabera, leherketa bat gertatu zen eta bi gorpu aurkitu zituzten bide publikoan. Une horretatik aurrera, Ertzaintzak dispositibo bat ezarri zuen eta ingurua hesitu zuen, zegokion begi-ikuskapena egin ahal izateko.  Lekura lehenbizi Ertzaintzaren Lehergailuak Indargabetzeko Unitatea hurbildu zen, zegozkion frogaketak egiteko, protokoloan ezarritakoari jarraituz.

Lekuan kanoiak ebakitako eskopeta bat aurkitu izanak eta egindako ikerketak egiaztatu dute gizonak arma hori erabili zuela bikotekide ohiari tiro egiteko eta gero bere burua hiltzeko.

Krimen matxista horri dagokionez, Ertzaintzak ez du genero-indarkeriagatik aurrekaririk jasota ez erasotzailearekin ez biktimarekin. Euskal Poliziak ikertzen jarraitzen du hilketa honen inguruabar guztiak argitzeko.