Lehendakaria zientzia, teknologia, berrikuntza eta adimen artifiziala elikaduraren erronkari aurre egiteko “tresna” gisa erabiltzearen alde agertu da

0
PRUEBA
  • Iñigo Urkulluk hasiera ofiziala eman dio European FoodTech Nations Summit kongresuari eta F4F-Expo Foodtech azoka bisitatu du
  • Topaketak nazioarteko 450 aditu eta elikaduraren teknologietako 7.000 profesional baino gehiago bilduko ditu egunotan BECen

Lehendakaria zientzia, teknologia, berrikuntza eta adimen artifiziala elikaduraren erronkari aurre egiteko “tresna” gisa erabiltzearen alde agertu da. Arantxa Tapia sailburuarekin batera, Iñigo Urkulluk hasiera ofiziala eman dio European FoodTech Nations Summit kongresuari, eta Food 4 Future-Expo Foodtech azoka bisitatu du. Azoka horretan nazioarteko 450 aditu eta elikadura-teknologietako 7.000 profesional baino gehiago bilduko dira egunotan Barakaldoko BECen.  Aurtengo edizioan, Japoniatik etorritako parte-hartzaile ugari izan dira.

Foro horretan, Lehendakariak munduko erronka handiei elkarrekin erantzutearen alde egin du, “gizarte gisa”, hala nola klima-aldaketari, erronka demografikoari edo etorkizuneko elikadurari, “bakoitzak gure erantzukizun-zatia hartuz”. “Gizarte bezala barneratzeko gai bagara eta instituzioetatik zuen laguntzarekin batera asmatzeko gai bagara, etorkizun oparoago bat izateko lehenbiziko pausuak emango ditugu”, esan die foro honetara bertaratu direnei, eta eskerrak eman dizkie egindako ekarpenengatik.

Lehendakariak azpimarratu du erakundeen betebeharra gizartea etorkizuneko erronketarako prestatzea eta erantzunak eskaintzea dela. Adibide gisa, Eusko Jaurlaritzaren ekimenez aurkeztu berri den Atunaren Jasangarritasunaren aldeko Nazioarteko Adierazpena aipatu du, Nazio Batuek bere gain hartzea lortu nahi dena. Azaldu duenez, adierazpenak nazioarteko konpromiso bat planteatzen du – “mundu guztiarentzako joko-arau berberak” –, arrantza jasangarria sustatzearen alde egiten du, eta jasangarritasunaren zigilua daramaten produktuak kontsumitzerakoan gizartearen erantzukizuna eskatzen du. “Gaur, helburu hori elikadura osora zabaltzen ari gara”,esan du.

Ildo horretan, adierazi du gero eta baliabide gutxiago ditugun honetan paradoxikoa dela alferrik galtzen ditugun elikagaien kopurua. Hori dela eta, “aurrerapausoa bat” ematea eskatu du non huts egiten ari garen aztertzeko eta bete behar ditugun hutsuneak non dauden ikusteko.

Azkenik, Lehendakariak Arku Atlantikoaren Batzordearen lana aldarrikatu nahi izan du, gaur egun Euskadi buru duena, ekonomia urdina eta ozeanoen iraunkortasuna defendatzen.

Kongresuaren inaugurazioaren ondoren, Lehendakariak Food 4 Future-Expo Foodtech azokaren stand batzuk bisitatu ditu. Azoka horretan 250 erakusketa daude automatizazioan, robotizazioan, adimen artifizialean eta berrikuntza-estrategietan azken joerak aurkezten. Antolatzaileen ustez, elikagaien eta edarien industriaren ibilbide-orri berria zehazten ari dira.