Javier Hurtado sailburuak alokairu turistikoko plataformen gardentasun- eta lankidetza-eskakizunak gogortu behar direla defendatu du Europako Batzordean eta Europako Parlamentuan

0
PRUEBA
  • Europako Parlamentuak eztabaidatu egingo du Europako Batzordeak “Iraupen laburreko alokairuei buruzko datuak biltzeko eta trukatzeko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren Erregelamendua” dela-eta egindako proposamena

  • Eusko Jaurlaritzak defendatzen du plataformek nahitaez jaso behar dutela etxebizitzen erregistro-zenbakia, eta zehapen-araubidea argitu behar dela, administrazio eskudunek, besteak beste Euskal Autonomia Erkidegoak, Erregelamendua betetzeko eskatu ahal izan diezaieten plataformei

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok hainbat bilera egin ditu atzo eta gaur Europako Batzordean eta Europako Parlamentuan, “Iraupen laburreko alokairuei buruzko datuak biltzeko eta trukatzeko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren Erregelamendu” proposamenaren arduradunekin. Araudia gaur eztabaidatuko da Barne Merkatuaren eta Kontsumitzaileen Parlamentuko batzordean, eta irailean bozkatuko da Europako Parlamentuan. Eusko Jaurlaritzak Bruselan duen ordezkari Marta Marinek eman ditu topaketak, eta ordezkaritzari lagundu dio.

Erregelamendua aurrerapauso garrantzitsua izango da erabilera turistikoko etxebizitzen eta logelen jardueren gaineko kontrola hobetzeko, nazioko, eskualdeko eta tokiko agintariei online plataformekin datuak trukatzeko tresnak ematea baita helburua.

Sailburuak adierazitakoaren arabera, “Erregelamendua galdu behar ez dugun aukera bat da plataformei etxebizitzen erregistro-zenbakia nahitaez sar dezaten eskatzeko. Ezkutuan jarduten ari diren bizitoki askoren zigorgabetasuna plataformek tokiko agintariekin duten lankidetza eta gardentasun faltaren ondorio da. Jarduera klandestinoaren kontrola zaildu egiten da plataforma horien lankidetzarik gabe, eta Euskaditik behin eta berriz esaten jarraituko dugu beharrezkoa dela horretan eragitea Europa mailako araudi honetan”.

Horregatik, sailburuak Euskadiren jarrera eta interesak defendatu ditu Erregelamendu horren aurrean. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak jarrera hori dagoeneko zehaztu zuen Eskualdeetako Lantaldearen bidez martxoan Irizpenari egindako zuzenketetan.

Hala, Euskadik, beste autonomia-erkidego eta eskualde batzuek bezala, erabilera turistiko klandestinoko etxebizitzekin lotutako ez-betetzeak detektatu eta zehatzeko orduan dituen arazoak zehaztu dizkie sailburuak Europako arduradunei. Plataformen gardentasunik eta informaziorik ezak, baita etxebizitzen erregistro-zenbakia ez sartzeak ere, zaildu egiten dute plataformen lokalizazioa, eta anfitrioiei mugatzen diete zehapen-ahalmena, haiek merkaturatzen baitituzte.

Horregatik, plataformek erregistro-zenbakia nahitaez sartzeko eskatu du. Alde horretatik, Eusko Jaurlaritzak zehapen-araubidea argitzeko eskatu du, administrazio eskudunek, Euskal Autonomia Erkidegoak kasu, plataformei Erregelamendua betetzeko eskatu ahal izan diezaieten. Era berean, eta udalerri eta eskualde askoren beharrei erantzutea premiazkoa denez, erregelamendua indarrean jartzeko epea 6 hilabetetik gorakoa ez izatea eskatu du, proposatutako 24 hilabeteak izan beharrean.

Helburu horrekin, Kim Van Sparrentak eurodiputatuarekin bildu da Europako Parlamentuan, bera baita Europako Erregelamenduaren proposamenari buruzko Europako Parlamentuaren txostena defendatzearen arduraduna.

Era berean, bilera bat egin du Europako Batzordean Barne Merkatuaren, Industriaren, Ekintzailetzaren eta Enpresa Txiki eta Ertainen Zuzendaritza Nagusiko zuzendari nagusiaren alboko Hubert Gambsekin, iraupen laburreko alokairuei buruzko Erregelamenduaren testuaren arduradunarekin, alegia.

Bilera horien ondoren, sailburua IMCO Barne Merkatuaren eta Kontsumitzaileen Parlamentuko Batzordeko kide diren zenbait europarlamentarirekin bildu da, eta bertan eztabaidatu da Erregelamendua.

Azkenik, sailburuak bilera bat izan du Cristina Nuñezekin, Europako NECSTOUR/Network of European Regions for Sustainable and Competitive Tourism sareko idazkari nagusiarekin; Basquetour Turismoaren Euskal Agentzia parte da sare horretan.