STEAM Sarek ikasleentzako 44 jarduera zientifiko-teknologiko eskainiko ditu datorren 2023-2024 ikasturtean

0

STEAM Sare, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak sustatutako eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak koordinatutako ikastetxeen eta eragile sozioekonomikoen sareak jarduera-katalogo zabala eskainiko du datorren ikasturtean ere (2023-2024) ehun bat erakunderen lankidetzari esker: ikastetxeak, Lanbide Heziketako zentroak, enpresak, unibertsitateak eta teknologiako eta ikerketako zentroak daude sare honetan. Ikastetxeek STEM espezialitateetako lanbide-profilen erakargarritasuna eta askotariko aukerak erakutsi ahal izango dizkiete ikasleei, euskaraz nahiz gaztelaniaz eta hiru lurralde historikoetan garatuko diren 44 ekimenetan parte hartzearen bidez.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak sustatzen duen STEAM Euskadi Estrategiaren barruan dago ekimen hau eta STEAM Hezkuntza programaren osagarria da bere eskaintza. Helburua da irakasleen lana laguntzea eta ikasgeletan ikaskuntza-testuinguru errealak sortzen lagunduko duten kontaktu berriak eskaintzea, betiere azken begirada ikasleengan jarrita, horien artean zientzia eta teknologiako bokazioak sustatzeko.

Ikastetxeek eta eragile sozioekonomikoek elkarlanean dihardute STEAM Sare ekimenean gazteei STEM lanbideen eta gaien irudi errealista, positiboa eta askotarikoa eskaintzeko, arlo horietan bokazio eta interes profesionalak pizteko (zientziarekin, teknologiarekin, ingeniaritzarekin eta matematikekin zerikusia duten arloetan), betiere neskei arreta berezia eskainiz. Hori dela eta, STEAM Sare katalogoko jarduerek lanbide horiek garatzen dituzten enpresa, erakunde edo ikerketa-zentroetara hurbiltzen dituzte DBHko eta Batxilergoko ikasleak.

Katalogoa

Katalogoak barne hartzen ditu bai iraupen laburreko jarduerak (ikastetxeek planteatutako premietatik sortuak) bai programa luzeagoak (zenbait astetako edo hilabetetako iraupena dutenak), erakunde laguntzaileek sustatutakoak; horiekin batera, baita jardunbide egokien tailerrak ere. Horrela, lehenbizikoetan, ikasleak lanbide-orientaziorako saioetara joan ahal izango dira, baina, gainera, korronte alternoko sorgailu bat edo gitarra elektriko bat muntatzen ikasteko, pentsamendu konputazionala garatzeko edo eraikin adimendunen sekretuak ezagutzeko aukera ere izango dute, adibide batzuk aipatzearren.

Bigarrenetan, aldiz, ikasleei, esate baterako, Elhuyar Zientzia Azoka edo FIRST LEGO League Euskadi ekimenetan parte hartzeko aukera emango zaie, edo teknika forentseen bidez Polizia Zientifikoak planteatutako fikziozko krimenak ebazteko erronka joko zaie. Bestalde, tailerretan ikastetxeek STEAM jardunbide egokien kasuak erakutsiko dizkiete irakasleei.

Katalogoko ekimenetan parte hartzeko interesa duten Euskadiko DBHko eta Batxilergoko ikastetxeek maiatzaren 31 baino lehen bete behar dute aurretiko izena emateko eskaera. Ikasturte berrirako jardueren katalogo osoa eta aurretiko izena emateko inprimakia esteka honetan daude eskuragarri: STEAM Sare Katalogoa – Steam Euskadi

STEAM Sare ekimenean parte hartzen duten ehun erakundeen zerrenda osoa (ikastetxeak, Lanbide Heziketako zentroak, enpresak, unibertsitateak eta teknologiako eta ikerketako zentroak) esteka honetan ikus daiteke: STEAM Sare: ikastetxeak eta enpresak elkartuta – Steam Euskadi

Informazio gehigarria