Gar eta Su zeruan dira

0
PRUEBA

2022. urtearen bukaeran, Nazioarteko Astronomia Batasunak (International Astronomical Union, IAU) James Webb Espazio Teleskopioak behatutako hogei izar-planeta sistemari izenak jartzeko deialdia ireki zuen, eta Nazio Batuen Erakundeak bultzatutako Hizkuntza Indigenen Hamarkadarekin (2022-2032) bat eginez, hizkuntza gutxituei lehentasuna ematea erabaki ere. Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia Planetarioen Taldeak, komunitate astronomikoko hainbat kiderekin batera, Gliese 486 izarrari Gar eta bere inguruko Gliese 486b exoplanetari Su izenak emateko proposamena egin zuen. Estatuko fasea gainditu ondoren, nazioartekora pasatu zen, eta orain IAUk jakinarazi berri du izar eta planeta horiek Gar eta Su izenak eramango dituztela.

“Gar izan da izarrarentzat aukeratutako izena, gori-gori dagoen gasezko bola baita. Bestalde, Su izena aukeratu da planetarentzat. Azaleko tenperaturak Gliese 486b bizigarri izatea ekiditen du, baina Lurraren antzeko tamaina duten exoplaneten artean egokienetako bat da atmosferaren karakterizaziorako eta barne-modelizaziorako. Hortik proposatutako izena, Suak ere izaera bikoitza duelako: babesteaz gain erre ere egin dezake”, adierazi du Itziar Garatek, UPV/EHUko irakasle eta Zientzia Planetarioen taldeko kide, eta proposamenaren bultzatzaileak. “Horrela, Su eta Gar euskal esamolde indartsua probestu da, astronomian oso ohikoa den lan egiteko modua (pasioz eta grinez) adierazten baitu”, gaineratu du ikertzaileak.

Hain zuzen ere, Gar izarra gugandik 26 argi-urtera dagoen nano gorri bat da, Virgo konstelazioan; Eguzkia baino txikiagoa eta hotzagoa da, beraz. Izatez, Gar Eguzkiaren herena da tamainaz eta masaz, eta bere azaleko tenperatura 3.000°C-koa da, gutxi gorabehera. Eguzkiak 5.500°C inguru ditu azalean.

Su exoplaneta superlur bero bat da; Lurraren masa hirukoizten du ia, nahiz eta bere erradioa Lurrarena baino % 30 handiagoa besterik ez den. Izarraren inguruan duen biraketa oso hurbila eta azkarra da: orbitak 2,5 milioi kilometro inguruko (0,017 unitate astronomikoko) erradioa du eta planetak egun eta erdian soilik osatzen du bira. Orbita txiki horrek 430°C inguruko oreka-tenperaturara darama, Artizarraren azalean topa daitekeen eta beruna urtzeko gai den tenperaturara, hain zuzen. Su 2021. urtean aurkitu zen, NASAren TESS misioa eta, batez ere, Almeriako Calar Altoko Behatokiko CARMENES instrumentua erabiliz. Exoplaneta aurkitu zuen nazioarteko taldean zegoen José Antonio Caballero, Madrilgo Astrobiologia Zentroko (CAB, gaztelaniazko siglen arabera) ikertzailea. Caballerok ere bultzatu du Su eta Gar proposamena.

“Niretzat opari ederra da Espainiako teleskopio batean dagoen eta diseinatzen eta eraikitzen lagundu nuen tresna batekin nire ikerketa-taldeak aurkitutako planeta bati izena jartzea. Gainera, proposamena lagunekin egiten bada eta Euskal Herria bezain eskualde eder bateko kultura babesten badu, are ederragoa da”, azaldu du Caballerok.

Proposamenak talde handi baten atxikimendua jaso du: 33 astronomo profesional, 26 amateur, 25 astronomia-ikasle, 10 zientzia-dibulgatzaile edo -kazetari, 35 hezitzaile eta 50 astronomia zale. Azken horien artean daude Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea, Eva Ferreira, eta Hezkuntza sailburua, Jokin Bildarratz, hala nola Euskal Herriko unibertsitate eta ikerketa zentroetako irakasle eta ikertzaileak. Estatuko astrofisikari profesional eta amateur askoren babesa jaso zuen proposamenak, baita Europako eta EEBBtako hainbat ikertzailerena ere.

Bestalde, Gar eta Su sistema albiste izan da maiatzaren hasieran, bertan ur lurruna topatu duelako James Webb Espazio Teleskopioak. “Euren arteko gertutasunagatik ez dago argi izarrak edo planetak duen ur lurrun hori. Planetak izango balu, exoplaneta harritsuen artean lehenengoa litzateke atmosfera izaten”, azaldu du Garatek.

Gar eta Su izenekin batera, Filetdor (WASP-166 izarra) eta Catalineta (haren planeta), Mallorcatik eginiko proposamena ere onartu du IAUk.

Name ExoWorlds lehiaketaren aurreko edizioetan Espainiatik proposatutako beste izen batzuk ere onartu dira. Hain zuzen ere, 2015ean, Iruñeko planetarioak proposatuta, Cervantes (lehen Mu Arae izarra zena) eta haren planetei Quijote, Dulcinea, Rocinante eta Sancho deitzea erabaki zen; eta urte horretan bertan, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Fisika ikasleek proposatuta, Hipatia  izena eman zitzaion lehen Edasich izena zuen planetari. Bestalde, 2019an, Coruñako Ío Astronomia Elkarteak proposatuta, Rosaliadecastro (HD 149143 izarra) eta Riosar (haren planeta) izenak onartu ziren.

Informazio gehiago: http://exoterrae.eu/gar+su.html