Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak «bai bakarrik da bai» legea indarrean sartu ondorengo delinkuentzia sexualaren erregulazio berriari buruzko PAREZ PARE jardunaldia hartu du

0

Andrés Zearreta Akademiaren zuzendari nagusiak aurkeztu ditu lege-aldaketa hori aztertzeko kriminologiako eta zigor-arloko zuzenbideko adituak elkartu dituen bi mahai-inguruak

Andrés Zearreta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari nagusia buru dela, eta Malentxo Arruabarrena Administrazio eta Zerbitzuetako zuzendaria lagun duela, inauguratu da gaur goizean Eusko Jaurlaritzak eta UPV/EHUk Arkauten antolatutako “PAREZ PARE: Delinkuentzia sexualaren erregulazio berria ‘bai bakarrik da bai’ legea indarrean sartu ondoren” jardunaldia.

Formakuntza-jardunaldi hau bi erakundeek izenpetutako hitzarmenaren esparruan egin da. Hitzarmen horren helburua da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak eta Kriminologiako Euskal Institutuak (IVAC-KREI) elkarlanean jardutea kriminologiaren eta biktimologiaren arloan formakuntza emateko eta ezagutza aztertu eta hedatzeko, bai eta segurtasun publikoarekin erlazionatutako jarduera akademikoak egiteko ere.

Horrela, PAREZ PARE saio berri honetan, bi mahai-ingururen bidez, aztertu dituzte Sexu-askatasunaren berme integralari buruzko 10/2022 Lege Organiko berrian hartutako neurriak eta egindako aldaketak, tipo penalak aldatu baititu eta xedapen berriak ezarri baititu sexu-delituen biktimak babesteko.

PONENTZIAK

Lehenengo eztabaida-mahaian, Miguel Ángel Boldova Pasamarrek, Zaragozako Unibertsitateko Zigor Zuzenbideko katedradunak, aipatutako Legea indarrean sartu ondorengo tipo penal berriak mugatzeaz hitz egin du, eta Ivana Larrosa Ibáñez, San Jorge Unibertsitateko irakaslek eta ordezko magistratuak Errioxako Auzitegian, legeak barne hartzen dituen interes biktimologiko eta kriminologikoko neurriak aztertu ditu.

Bigarren mahai-inguruan, María Josefa Barbarin Urquiagak, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko magistratuak, Lege berri honen aplikazioaz, prozesu penalean biktimak babesteaz eta zigorrak berrikusteaz, hitz egin du. Eta, amaitzeko Alberto Gredilla Merinok, Ertzaintzaren Arabako Polizia Judizialaren Ataleko buruak azaldu du polizia-atestatuaren eta haren defentsaren garrantzia ahozko epaiketetan sexu-delinkuentziaren arloan.