Sorgune izeneko deialdi honen bidez, iaz 6 kultur guneren jarduera lagundu zen diruz
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 560.000 euroko partida bat onartu du kultura-sorkuntza artistikoak bultzatzeko, “Sorgune” izeneko laguntza deialdiaren bidez. Laguntza-lerro honen helburua da sorkuntza-praktikak bultzatzen dituzten kultura-gune independenteen programak babestea. Iaz sei proiektu lagundu ziren diruz deialdi honen bidez.
Sorguneei zuzendutako deialdiaren helburua beren sortzaileen sormen-lana garatzen laguntzea da, «arte-adierazpenen berrikuntza, talentuaren babesa, kudeaketa parte-hartzailea eta tokiko ingurunearekiko harremana bideratuz». Jarduera-proiektu horiek kultura- edo sormen-sektoreren batean kokatuta egon beharko dute (ikusizko arteak, zinema eta ikus-entzunezkoak, dantza, literatura, musika, antzerkia…). Hautatutako proiektu bakoitzari gehienez 120.000 euro emango zaizkio, eta gehienez ere aurrekontuaren % 70.
Interesdunek ekainaren 9tik aurrera hilabeteko epea izango dute laguntzok eskatzeko.
Iaz sei sormen-gune lagundu ziren laguntzen deialdi honen bidez: Aiaraldea Ekintzen Faktoria, Azala Espacio de Creación; Consoni kultur gunea, besteak beste.