Farmazia Praktiko Asistentzialeko tituluaren aurkezpena

0
PRUEBA

Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia Fakultateak berezko titulu berria aurkeztu zuen: Farmazia Praktiko Asistentzialeko unibertsitateko aditu titulua. Datorren ikasturtean eskaintzen hasiko da Arabako Campuseko Farmazia Fakultatean.

Titulu hau farmazia asistentzialean espezializatzeko bide gisa aurkezten da, eta laguntza farmazeutikoko zerbitzuak era arduratsu eta eraginkorrean emateko ezagutzak, trebetasuna, motibazioa, konfiantza eta gaitasunak eskuratzeko aukera emango die farmazialariei. Eskuratutako gaitasunei esker, sendagaien erabilerarekin eta osasun laguntzarekin lotuta jendarteak dituen beharrizan berrietara egokitu ahal izango dira ikasleak.

Aurkezpen ekitaldian izan ziren honako hauek: Manoli Igartua, Arabako Campuseko errektoreordea; Jon Iñaki Betolaza, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Farmazia Zerbitzuko zuzendaria; Juan Uriarte, EAEko Botikarien Elkargoetako Kontseiluko presidentea; Mirari Ayerbe, UPV/EHUko Farmazia Fakultateko dekanoa; eta Marian Solinis, titulazio berriaren koordinatzailea.

Manoli Igartua errektoreordeak adierazi zuenez, “gure unibertsitatean graduondoko prestakuntzaren arloan abiatutako estrategiarekin lerrokatuta dago titulu berri hau; izan ere, prestakuntza eskaintzaren ikuspegi zirkularra sustatzen du, ikaskuntza bizitza osoko prozesu izan dadin eta etengabeko prestakuntzak lanbidearen errealitate eta beharrei erantzun diezaien”.

Titulazioa martxan jartzeko, Unibertsitateak hainbat eragileren laguntza izan du, hala nola EAEko Botikarien Kontseiluarena, EAEko botikarien hiru elkargo ofizialena, baita Kantabriakoarena ere, farmazialarien elkartearen kontseilu orokorrarena eta Eusko Jaurlaritzako Farmazia Zuzendaritzarena. Tituluak, gainera, enpresa hauen babesa ere badu: Gipuzkoako Farmazia Banatzailea (DFG), Novaltia, Bidafarma Janssen-Cilag eta Alliance Healthcare.

Jon Iñaki Betolaza Euskal gobernuaren Farmazia Zerbitzuko zuzendariak adierazi du Osasun Sailak erabat babestuko duela proiektua, titulazio berriak lagunduko baitu herritarren ongizatea hobetzeko erronkari aurre egiteko behar bezala prestatutako profesionalak ugaritzen. “Oso egun garrantzitsua da, etorkizun handiko titulazioa martxan jartzen delako, bai eta orainaldi handikoa ere, arlo asistentziala oso garrantzitsua baita gure gizartean” azpimarratu du.

“Tratamendu farmakologiko berrien konplexutasuna, biztanleriaren zahartzea, gaixotasun kroniko berrien agerpena eta polifarmaziaren gorakada dira Farmazia Komunitarioak gainditu behar dituen erronketako batzuk. Hartara, Farmazia Komunitarioaren eraldaketaren isla da Farmazia praktika asistentzialeko unibertsitate aditu titulua, farmazia arloko profesionalentzako prestakuntza espezializatua ematen duena”. Halaxe esanez amaitu zuen aurkezpena errektoreordeak.