Euskelec 2023: 30 taldek hartuko dute parte VI. Euskelec Txapelketan, Lanbide Heziketako ikasleek egindako auto elektrikoekin

0
PRUEBA
  • San Mames ondoko zabalgunean egingo dira larunbatean, Bilbon, ibilgailu elektrikoek pasatu beharko dituzten proba dinamikoak eta eraginkortasun probak
  • Ekimenaren helburua da ikasleen arteko talde-lana sustatzea eta jarduera esperimentalari eta sormenezkoari oinarria ematea, ibilgailu elektrikoen ezagutza teknikorako elementu pedagogiko gisa
  • Euskelec-en aurtengo edizioan, Euskadiko Lanbide Heziketak garatu eta hidrogenoz dabilen ibilgailu baten prototipoa ere erakutsiko da

Lehiaketako auto elektrikoak Bilbora itzuliko dira berriro, eta asteburu honetan San Mameseko zabalgunean ikusiko ditugu. Hezkuntza Sailak gaur goizean aurkeztu du 2023ko Euskelec, Lanbide Heziketako ikasleek egindako ibilgailu elektrikoen VI. txapelketa. Bilbon egindako ekitaldi horretan parte hartu dute Hezkuntza Saileko Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendari Rikardo Lamadridek, eta Tknika- Euskadiko Ikerketa Aplikatuko Zentroko zuzendari exekutibo Jon Labakak.

Horrela, ekainaren 2an eta 3an, Euskelec txapelketaren azken fasea hartuko du Bilboko San Mames inguruko zabalguneak. 28 talde eta ibilgailu lehiatuko dira: 19 ibilgailu Euskadiko Lanbide Heziketan egindakoak, eta 9 beste autonomia erkidego batzuetatik etorriak. Horiez gain, beste bi talde gonbidatu gisa arituko dira. Parte hartzen duten ibilgailu guztiei ostiral arratsaldean egingo zaizkie egiaztapen teknikoak, eta ondoren, ekainaren 3an (larunbata), 10: 30etik aurrera proba dinamikoak pasatu beharko dituzte: azelerazio, balaztatze, slalom eta eraginkortasun-probak, hain zuzen ere. Tknikak (Euskadiko Lanbide Heziketako Ikerketa Aplikatuko Zentroa, Hezkuntza Sailaren mendekoa) antolatu du ekitaldia, eta Lanbide Heziketako ikasleen lana aitortu eta ikusarazi nahi du, baita haien irakasleen eta ikastetxeen laguntza eta inplikazioa ere.

Euskelec

Egutegian dagoeneko bere lekua eginda daukan txapelketa da Euskelec. Bertan parte hartzen duten Lanbide Heziketako ikastetxeetako ikasleek ibilgailu %100ean elektriko bat diseinatzen eta eraikitzen dute, oinarri motor komun batetik abiatuta (motorra, motor-kontrolagailua eta bateriak). Ekimenaren helburua da ikasleen talde-lana sustatzea eta jarduera esperimentalari eta sormenezkoari oinarri bat ematea, ibilgailu elektrikoen ezagutza teknikorako elementu pedagogiko gisa.

Txapelketa, halaber, trakzio elektrikoko ibilgailuetan espezializatutako teknikariak trebatzeko eta sustatzeko plataforma da, eta fabrikazio-teknika berrien esperimentazioa eta material berrien erabilera sustatzen du.

Euskelecek bi fase ditu: prototipoa aurkezteko fase teknikoa eta sormenezkoa, lehena; eta fase dinamikoa, bigarrena. Bigarren fase horretan, ibilgailuen prestazioak, ezaugarriak eta diseinua ebaluatzen dira slalom, azelerazio eta gehieneko balaztatzeko proben bidez, besteak beste:

  • 1 fasea: arlo teknikoa eta sormenezkoa. Lehen fase hau maiatzaren 18an egin zen, Amorebieta-Etxanoko Boroa Enpresa Parkeko AIC Center-en instalazioetan. Bertan, talde parte-hartzaileek beren proiektuen aurkezpenak eta ibilgailuen aurre-egiaztapenak egin zituzten epaimahai baten aurrean (proiektuaren memoria, diseinua eta berrikuntza, besteak beste).
  • fasea: proba dinamikoak. 2. Fasea ekainaren 3an, igandea, egingo da Bilboko San Mames estadioaren inguruko zabalgunean. Egun horretan, taldeek beren prototipoa proban jarriko dute zirkuitu batean.

Ekainak 3, proba dinamikoak Bilbon

Ibilgailu elektrikoek honako proba hauek egin beharko dituzte igandean, txapelketarako berariaz egokitutako zirkuitu batean:

  • Balaztatzea: autoa ahalik eta distantziarik laburrenean gelditu behar da, gutxienez orduko 20 km -ko abiaduran doala.
  • Azelerazioa: ibilgailuak geldi dagoenetik 60 metro ibiltzeko behar duen denbora kronometratzen da.
  • Slaloma: ibilgailuak slalom-zirkuituari buelta bat emateko behar duen denbora kronometratzen da.
  • Eraginkortasun-proba: 60 minututan distantziarik handiena zein autok egiten duen ebaluatuko da. Helmugatik igarotzen den aldi bakoitza zenbatuko da, eta puntu horretatik gehien igarotzen den taldea izango da irabazlea (hots, buelta gehien ematen dituena).

Proba dinamikoak egiten hasi aurretik, auto guztiei egiaztapen teknikoak egingo zaizkie. Egiaztapen horiek baztertzaileak izango dira: araudia betetzen ez duen taldea desklasifikatu egin ahal izango da. Egiaztapen horiek amaitzean, bateriak zigilatu egingo dira, berriz kargatzeko aukera eragozteko. Ibilgailu guztiek bateria-karga bakarrarekin egin beharko dituzte egun guztiko probak.

Aurtengo edizioan, San Mames inguruan prestatutako zirkuituak aldapa izango du (igoerak eta jaitsierak), %4ko batez besteko maldarekin. Maldarik handieneko gunea %8ko igoera izango da.

Somorrostro Heziketa Zentroko ikasleek zuzenean eskainiko dute ekitaldia, streaming bidez, Youtuben, 5G komunikazio teknologia erabiliz. Horretarako, 6 kamera ipiniko dituzte zirkuituan zehar, baita parte hartzen duten ibilgailuei atxikitako beste sei kamera ere. Emanaldia dronek hartutako irudiekin osatuko dute.

Iazko Euskelc txapalketako irudirik onenen bideoa hemen ikusgai.

Hidrogenoaren aldeko apustua

Euskadiko Lanbide Heziketa energia alternatiboen inguruan garatzen ari den lan-ildoaren barruan, asteburu honetan Euskadiko Lanbide Heziketak garatutako ibilgailu prototipo bat ere erakutsiko da, hidrogenoz bultzatutako ibilgailua. Horrekin batera beste bi ibilgailu komertzial ere erakutsiko dira, hauek ere hidrogenoz mugitzen direnak eta Euskadiko automobilgintza-sektorea alor horretan prestatzeko didaktizatu direnak. Asteburu honetan Euskelec 2023 zirkuituaren ondoan izango dira ikusgai, eta ostiral arratsaldean proba moduan ibiliko dira zirkuituan zehar. Tknikako arduradunek, gainera, ibilgailu horiei eta teknologia honi buruzko informazioa eta azalpenak emango dizkiete karpara hurbiltzen diren interesdunei (ekainaren 2an, ostirala, 12: 00etatik 17: 00etara).

 Ordutegiak:

Ostirala, ekainak 2
Euskadiko taldeei egiaztapen teknikoak 09:00 – 13:00
Beste erkidegoetako taldeei egiaztapen teknikoak 15:00 – 17:00
Larunbata, ekainak 3
Briefing-a 10:30 – 11:00
Balaztatzea, azelerazioa eta slaloma, txanda 1 11:15 – 13:00
Balaztatzea, azelerazioa eta slaloma, txanda 2 13:00 – 14:30
Bazkaria 14:30 – 16:30
Briefing-a 16:45 – 17:15
Eraginkortasun proba 17:30 – 18:30
Sari banaketa 19:00 – 19:30

 

Parte hartuko duten taldeak:

Dortsala Ikastetxea
1 Centro Integrado de F. P. Número uno KANTABRIA
2 IES Ntra. Sra. de los Remedios KANTABRIA
3  IES Cotes Baixes VALENTZIAKO ERK.
4 IES Pedro de Tolosa MADRIL
5 CIFP San Jorge LHII, Santurtzi EUSKADI
6 CIFP BIDEBIETA LHII, Basauri EUSKADI
7 IES Eskurtze BHI, Bilbo EUSKADI
8 ORTZADAR IKASTETXEA, Donostia EUSKADI
9 CIFP Iurreta LHII, Iurreta EUSKADI
10 Centro Formacion Somorrostro, Muskiz EUSKADI
11 IES GINER DE LOS RIOS GAZT. ETA LEON
12 CIFP FADURA LHII, Getxo EUSKADI
14 Aretxabaleta Lanbide Eskola, Aretxabaleta EUSKADI
15 CPIFP Peñascal LHIPI, Bilbo EUSKADI
16 CIFP Emilio Campuzano LHII, Bilbo EUSKADI
17 CF OTXARKOAGA, Bilbo EUSKADI
18 San Juan Bautista «La Salle» KANTABRIA
19 CIFP Andra Mari LHII, Galdakao EUSKADI
20 IES FUENTE FRESNEDO KANTABRIA
21 CIFP ELORRIETA-ERREKAMARI LHII, Bilbo EUSKADI
22 CIFP DON BOSCO LHII, Errenteria EUSKADI
23 San Viator, Sopuerta EUSKADI
24 IES MAESTRE DE CALATRAVA GAZT. MANTXA
25 IES Miralbueno ARAGOI
26 CIFP MENDIZABALA LHII, Gasteiz EUSKADI
27 Urola Garaiko Lanbide Eskola, Zumarraga EUSKADI
28 CIFP GIZARTE BERRIKUNTZA LHII, Hernani EUSKADI

 

Talde gonbidatuak
Dortsala ikastetxea
A Les Chambres des Metiers (Baiona)
B AIC

Informazio gehigarria