Lehendakariak animatu du gazteen bizitza pertsonala eta profesionala Euskadin garatzeko baldintzak sortzera

0
  • Iñigo Urkullu HEGAN Euskadiko Aeronautika eta Espazioko Clusterraren 25. urteurrenean izan da
  • Euskal industria aeroespaziala suspertzen ari da, 15.000 enplegutik gora lortuz

Lehendakariak ziurtatu du enpresen eta ekintzailetzaren mundua oso erakargarria dela gazteentzat, eta, beraz, gazteek beren bizitza pertsonala eta profesionala Euskadin garatzea ahalbidetuko duten prestakuntza-, lan- eta sustapen-baldintzak sortzearen alde agertu da.

Iñigo Urkulluk inauguratu du gaur eguerdian HEGAN Euskal Herriko Aeronautika eta Espazio Klusterraren 25. urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldia. Bertan, elkarte hori osatzen duten 73 enpresa, teknologia-erakunde, unibertsitate eta aliatuen ordezkari ugari izan dira. Horien aurrean, lehendakariak urteurrena aprobetxatu nahi izan du sektorea orduan nola zegoen gogorarazteko eta nazioarteko merkatuan lehiakortasuna irabazten jarraitzeko aukera berriak sortzera animatzeko.

“Giza kapitalean inbertitzea, pertsonak prestatzea, gure jardueraren eraldaketa teknologiko eta digitalari ekitea dagokigu. Sektore lehiakor horretan hazteko modu bakarra da. Eskutik egin behar dugu”- esan du. Horretarako, inbertsioa eta giza kapitala aldeztu ditu, aurrera egiteko eta erronka globalei erantzuteko formula gisa.

«Beti egin dugun bezala egin behar dugu: klusterraren perspektibatik, elkarrekin lan eginez, «auzolanean» – amaitu du.

2022ko klusterraren zifrak

HEGAN 73 kidek osatzen dute, ia balio-kate aeroespazial osoan kokatuta. Bazkideen artean, honako hauek daude: 4 Tier1, 49 industria-konpainia, 9 teknologia-zentro, 5 unibertsitate eta 6 aliatu-kluster. Gaur egun, HEGANeko kideek 169 instalazio dituzte munduan: 96 zentro Euskadin, 45 Espainiako gainerako lekuetan eta 28 kanpoan (Alemanian, Brasilen, Txinan, Estatu Batuetan, Indian, Maltan, Mexikon, Polonian, Portugalen eta Erresuma Batuan).

Bazkideek 2.377 milioi euroko fakturazio agregatua sortu zuten 2022an, munduko instalazio guztietan. Bestalde, enplegua berriz ere suspertu zen, 2022an 1.066 enplegu zuzen sortu baitziren, eta 15.000 enpleguko muga gainditu zen berriz ere, munduko instalazio guztietan.