Lehendakaria «lankidetzan» jardutearen alde agertu da, Euskadi ahalik eta posiziorik onenean izateko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko

0
  • Iñigo Urkullu EKIN kooperatibaren 60. urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldian izan da
  • Lehendakariak balioan jarri ditu esfortzuaren kultura eta lehen urratsa emateko ausardia

Iñigo Urkullu Lehendakaria, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarekin batera, EKIN kooperatibaren 60. urteurrena ospatzeko antolatu den ekitaldian izan da. Enpresa hori liderra da brotxatzeko eta ijezteko makinen eta erraminten ekoizpenean, artekaketan nahiz hortzetan eta zehaztasun handiko hariztaketan.

Zornotzan egin den ekitaldian, Lehendakariak gure herrian errotutako industria-sare dibertsifikatua, berritzailea eta lehiakorra izatearen garrantzia partekatu du, aukerak eskaintzeko gai dena eta Euskadiren ongizateari laguntzen diona. Horregatik, gogorarazi du instituzioek lankidetza, lankidetza publiko-pribatua, sustatzen duten ekimenak jarri dituztela abian, “gakoa, hain zuzen ere, elkarlan horretan dagoelako, taldean etorkizuneko erronkei aurre egitean. Guztiok helburu berberarekin arraun eginez: Euskadi ahalik eta posizio onenean izatea etorkizuneko erronkei modu egokian aurre egiteko”.

Lehendakariak, bere hitzaldian, ·gure DNAren parte den” esfortzuaren kultura azpimarratu du, euskal herritarrek oso barneratuta dutena. Urkulluren hitzetan, sakrifiziorik eta lan komunik gabe zaila da emaitza onak lortzea, “esfortzurik gabe ia ezer ez da posible. Ez gara inoiz damutuko saiatu izanaz. Norberarengan sinesteak beti merezi du”. Horregatik jarri nahi izan du balioan lehen urratsa emateko ausardia hori. “Euskadik pertsona ekintzaileak behar ditu. Jose Luis Izurza bezalako pertsonak eta fundazioa sortu zenean lagun izan zituenak eta kooperatiba honi jarraipena eman diotenak. Bidean huts egin duten pertsonak. Baina saiatzen jarraitu zuten. Behin eta berriz”, esan du.

Ekitaldi instituzionalaren aurretik, bertaratuek bisita bat egin dute lantegira, eta bertan, Showrooma, Refor Gunea, Makinen Gunea edo Aeronautikarako Brotxa gunea zeharkatu dituzte, lantegian egiten den lana ikusteko.