Euskadiko aurrekontua 2024: Susperraldia, garapen ekonomiko jasangarria eta gizarte-politika sendoak finkatzeko etorkizuneko bermea

0

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren bileraren osteko prentsaurrekoan, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarekin batera.

Bere aldetik, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak Gobernu Kontseiluak gaur onartu dituen 2024rako Euskadiko aurrekontuen gidalerroak aurkeztu ditu. Hain zuzen, legegintzaldi honetako azken aurrekontua izango da honako hau. Horrela, euskal kontuen planteamendu estrategikoak susperraldi ekonomikoa sendotzea du helburu, pandemiaren eta munduko ziurgabetasunen ondoren, garapen ekonomiko jasangarria eta kalitatezko enplegua bermatzeko, herritarren ongizatea eta bizi-kalitatea ziurtatzen duten politika sozial sendoekin batera, erronka demografikoari aurre eginez eta gazteriaren aldeko apustua eginez. “Aurrekontu hauek etorkizuneko berme dira”, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak irmo adierazi duenez.

Gidalerroen oinarri den agertoki makroekonomikoak euskal ekonomiaren hazkunde-aurreikuspena gorantz berrikustea aurreikusten du, eta, 2023an % 1,6koa izateko moduan. “Ekonomia garatuen susperraldia harridura sorrarazten ari da duen enplegu-eduki handiagatik, eta Euskadi ez da salbuespena”, gaineratu du Azpiazuk. Aurreikuspenen arabera, aurten 11.000 lanpostu inguru sortuko dira, eta beste 16.000 datorren urtean. Langabezia-tasa % 8,2koa izango da 2023an, eta % 7,5ekoa 2024an.

Testuinguru horretan, finantza publikoen iraunkortasuna Gobernu gisa dugun erronka handienetako bat da. Izan ere, gai izan beharko dugu kontsolidazio fiskala inbertsio-premia izugarri batzuekin uztartzeko. Izan ere, inbertsio hori beharrezkoa da klima-aldaketaren aurkako borrokaren eskakizunetara ehun ekonomiko eta soziala egokitzeko, gizarte-azpiegiturak berritzeko eta ezagutzan, teknologian eta berrikuntzan oinarrituta hazkunde ekonomikoaren potentziala bultzatzeko.

Aukera-berdintasunaren ikuspegitik, Euskadik jarraibide horiek berresten ditu Garapen Jasangarriko Helburuekiko konpromisoan, hala erakusten baitu Eusko Jaurlaritzaren 2023ko aurrekontua Nazio Batuetara bidalitako GJHekin lerrokatzeko txostenak, zeinak nabarmentzen baitu lerrokatze-maila handia dagoela garapen jasangarriaren oinarri hirukoitzarekin: ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Ohikoa den bezala, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur landutako beste hainbat gai, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Ekonomia sozialaren eremuan, bi erabaki hartu dira gaurkoan. Alde batetik, Lan eta Enplegu Sailak 1,2 milioi euroko laguntzen deialdia egin du Gizarte Ekonomiarako, zehazki prestakuntzarako eta laguntza teknikorako. Eta bestetik, Gobernu Kontseiluak Euskadiko Kooperatiben Erregistroaren antolaketa eta funtzionamenduaren Erregelamenduaren Dekretua onartu du, Kooperatiben Legea garatzen duena izapide elektronikoak errazteko. Zupiriak azaldu duenez, Dekretu hau kooperatibekin landutako dekretu bat da eta bide elektronikoen bidez harreman arinagoa izateko aukera emango die, enpresa kooperatibo berriak sortzea erraztuz.

Eta bestalde, Lan eta Enplegu sailari lotuta baita ere, erakunde sindikalen funtzionamendurako dirulaguntzen deialdia onartu da. Erakundeen ordezkagarritasunaren arabera ematen diren laguntzak dira, Erkidegoan ordezkaritza duten erakunde sindikalek jaso ahal izango dituzte eta jarduera sindikalaren gastu arruntak finantzatzeko erabili beharko dira, baita beren bulego eta zerbitzuen antolaketa eta funtzionamendurako beharrezkoak diren gastu guztiak finantzatzeko ere. Zenbatekoa milioi bat eurotik gorakoa da.

Gobernantza saialen eskutik, Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio gaur Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren esparruan arau-hausteei eta informatzaileak babesteari buruzko informazioaren barne kanala sortu eta arautzen duen Dekretuari. Arauak erakunde publikoak barne sistema bat ahalbidetzera behartzen ditu arau-hauste penalak edo administratiboak antzematen dituztenek horien berri eman dezaten eta inplikatutako erakundeak berak bideratu ditzan. Modu honetara erakundean bertan modu eraginkorrean jarduteak ondorio negatiboak lehenago geldiarazi eta eragindako kalteak lehenago konpondu ahal izango da.

Jaurlaritzak, halaber, animalien ongizatearen ziurtagiria lortzeko laguntzen deialdiaren oinarriak onartu ditu 2023rako. Bozeramaileak jakinarazi duenez, guztira, 200.000 euro bideratuko dira abeltzaintzako ustiategien titularrei edo elkarteei laguntzeko, Welfair ziurtagiria lortzeak eta animalien ongizatea kontrolatzeko prozedurak ezartzeak, arduradunak prestatzeak eta ziurtagiri honen berezko gastuek eragiten dizkieten kostuengatik.

Kirolaren arloan, astebukaera honetan Donostian izan den TOP 14 errugbi txapelketako finalerdirako 150.000 euro bideratu ditu Jaurlaritzak Donostiako Udalari zuzenduak, txapelketa garatu zedin. Errugbi Top 14a Frantziako errugbi kluben arteko txapelketa da, 131 urte dituena, eta astebukaera honetan ondo ikusi den bezela, munduko kluben arteko ligarik onenetako bat da, planeta osoko jokalariak erakartzen dituena.

Bestetik, kulturari lotuta, Gobernuak onartu du 580.000 euro bideratzea arte eszenikoak, musika, literatura eta arte plastikoak sustatzeko eta banatzeko kulturaren eremu profesionalean modu erabakigarrian merkatu berriak irekitzeko eta horretarako behar diren sustapen-tresnak birdimentsionatzen laguntzeko.

Eta amaitzeko, Turismo eta Merkataritza sailaren eskutik iritsi diren bi gai aipatu ditu bozeramaileak. Alde batetik, Merkataritza- eta zerbitzu-establezimenduen modernizazioa bultzatzeko laguntza-programa onartu da. Programa honen helburua berrikuntza, kudeaketa-tresnen hobekuntza, azpiegiturak eta merkataritza-ekipamendua bultzatzea da, sektorean kalitate- eta lehiakortasun-maila handiagoa lortzeko. Agindu honetarako esleitutako aurrekontua 4 milloikoa da, hau da, 700.000 euro gehiago, aurreko deialdiarekin alderatuta. Eta bestalde, agindu berri bat onartu da, merkatarien elkarteen jarduera bultzatzeko. Guztira 1.850.000 euro bideratuko dira laguntza hauetara hiri-merkataritzaren lankidetza, dinamizazio eta lehiakortasuneko estrategiak sustatzeko eta Euskadiko merkataritza-sektorea biziberritzeko, haien elkarteen eskutik.