Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, talde parlamentarioen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran.
Galdera, Nerea Kortajarena Ibañez EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, politika publikoak aurrera eramateko Jaurlaritzak aukeratuko dituen bidelagunei buruz.
Aurrean ditugun trantsizio eta erronkei aurre egiteko bidelagunak aukeratzerako orduan, Lehendakari gisa, bere irizpidea akordioa erraztea dela adierazi du, horretarako benetako borondate eraikitzailea duten taldeekin. Zentzu honetan, legegintzaldi honetako adibide batzuk aipatu ditu: onartutako legeen % 67ak oposizioko talderen baten edo gehiagoren babesa izan du, hau da, EH Bildu, Elkarrekin Podemos edo Alderdi Popularra. Eta %67 honetaz gain, legeen % 17a talde horietako baten abstentzioarekin onartu da. “Gobernua osatzen duten bi alderdiek akordioak zabaltzea lortu dute, gehiengo osoa izan arren”, adierazi du.
Galdera, Miren Gorrotxategi Azurmendi Elkarrekin-Podemos-Ezker Anitza taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, hauteskunde-kanpainak edukia desitxuratu ez dezan zenbait ekitaldi geroratzeari buruz.
Lehendakariak azaldu du Eusko Jaurlaritzak aurreikusita zuela motibazio politikoko indarkeriaren biktimak aitortzeko ekitaldi bat deitzea ekainaren 26an, Kursaal Jauregian, “aitorpen instituzional, sozial eta morala egiteko” helburuarekin, baina hauteskunde orokorren deialdia ustekabean iritsi zelarik aintzatespen-ekitaldi hau atzeratzea proposatu eta onartu zela esan du. “Ez dugu inolaz ere ekitaldi hori bertan behera utzi. Atzeratu egin dugu, hauteskunde kanpainaren barruan ez antolatzeko. Gure printzipioak jarraituz, ez dugu inolako polemikarik sortu nahi, gure lehentasuna baita biktimak edozein instrumentalizaziotik kanpo uztea”, adierazi du.
Hala, Euskadin torturaren eta motibazio politikoko indarkeriaren biktimekiko konpromisoa bizirik eta irmo mantentzen dela eta jarraituko duela adierazi du, “tortura gizakiaren duintasunaren aurka egiten duen praktika bereziki apalesgarri gisa gaitzetsiz, biktima guztiei egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermea izateko duten eskubidea aitortuz, eta legezko aitorpen hori motibazio politikoko indarkeriaren biktimei benetako aitorpen instituzional, sozial eta morala egiteko ekimenak bultzatuz”.
Galdera, Carlos Iturgaiz Angulo euskal Alderdi Popularra-Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Ertzaintzako egoerari buruz.
Iñigo Urkulluk azpimarratu du Jaurlaritzak bi printzipio aplikatzen dituela gai ezberdinei erantzuteko: erantzukizun instituzional gorena eta errealismo printzipioa. Horrela, adierazi du edozein langilek, funtzionarioak, autonomoak edo soldatapekoak izan, eskubide osoa duela lan-hobekuntzak eskatzeko, “baina herritarren bizitza baldintzatzea, tranbiaren zirkulazioa ordubete baino gehiagoz etetea edo hiriburuen erdigunean nahita trabak sortzea, herritarrentzat ondorio zuzenekin, EZ da Ertzaintzaren printzipioekin eta misioarekin bat datorren jarrera”.
Lehendakariak bere hitzaldian iragarri duenez, Segurtasun Sailak datorren astean bidaliko die sindikatuei negoziazio-mahaiaren beste bilera-deialdi bat, eta bilera horretan Sailak eguneratu egingo ditu aurreko bileretan planteatutako lan-baldintzak hobetzeko proposamenak. “Erantzukizun eta errealismo printzipioak aplikatuko ditugu. Herritarren interesak uneoro bermatuko ditugu, gure etorkizuna hipotekatu gabe”, gaineratu du.
Galdera, Amaia Martínez Grisaleña Mistoa – Vox taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Lehendakariak Ertzaintzaz egin berri dituen adierazpenei buruz.
Lehendakariak ziurtatu du Ertzaintzaren erakundeak EZ duela gizartearen errespetua galdu. “Kontrakoa oso larria izango litzateke. Onartezina gure herriarentzat”, azpimarratu du.
Urkulluk esan du Ertzaintza erakunde erakargarria dela. Azaldu duenez, agenteek erraztasunak dituzte kontziliaziorako, eszedentziak, prestakuntza, karrera profesionala eta erretiratzeko aukera eskatzeko 59 urterekin, pentsioaren % 100arekin. Halaber, arlo ekonomikoan, nabarmendu du Ertzaintzaren batez besteko ordainsaria 10.000 euro handiagoa dela enpresa pribatuko edozein langileren batez besteko ordainsaria baino. Gainera, eragile guztiek % 17 igo dute soldata azken 10 urteetan. Eta, gainera, iaz, % 10eko gehikuntza gehigarria onartu zen karrera profesionalaren kontzeptuan. Hau da, ia % 30eko soldata-igoera 10 urtean.
“Eta orain, hilero 1.100 euro gordineko soldata-igoera GEHIGARRIA eskatzen ari da. Zilegi da hobetu nahi izatea, baina errealismoaren printzipioa galdu gabe, gure gizartearekiko erantzukizun hutsagatik”, adierazi du Lehendakariak.
Interpelazioa, Julen Arzuaga Gumuzio EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Ertzaintzaren gatazkari buruz.
Lehendakariak nabarmendu du gatazka bati irtenbidea bilatzeko ezinbestekoa dela tartean dauden eta akordioak negoziatzeko legitimazioa duten alderdiek akordioak lortzeko benetako borondatea izatea, eta ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak eta, bere izenean, Segurtasun Sailak, beti duela erabateko borondatea sindikatuekin negoziazio-mahaian akordio bat lortzeko. “Horixe da, hain zuzen ere, sortu den ezohiko egoera hau gainditzeko planteatzen dudan konponbide-bidea: akordiorako borondatea, betiere gure esparru instituzional eta demokratikoaren oinarrizko printzipioak guztiaren gainetik errespetatuz”, esan du.
Horrela, gogorarazi du, negoziazio eta konponbide batek, borondatea eta edukiak ez ezik, oinarrizko printzipio partekatuen esparru definitu bat ere izan behar duela; eta, Eusko Jaurlaritzaren negoziatzeko printzipioak aipatu ditu: printzipio eta prozedura demokratikoak errespetatzea, erakundeak errespetatzea, arauak errespetatzea eta kolektibo bakoitzaren lan-baldintzak negoziatzeko legitimatutako ordezkarien eskumena errespetatzea.
“Segurtasun Sailak ertzainen lan-baldintzak hobetzeko borondate argia erakutsi du beti. Izan ere, ahalik eta baldintza hoberenak nahi ditugu Euskadiko langile guzti guztientzako, baita ertzainentzako ere, gure ahalmenen barruan”, adierazi du.
Galdera, Muriel Larrea Laso euskal Alderdi Popularra-Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Ertzainen kidegoaren salaketei buruz.
Urkullu lehendakariak berretsi du Ertzaintzak lan-baldintza onak dituela, “giza baliabideak, baliabide materialak eta antolakuntzakoak, betetzen duten eginkizunerako egokiak”.
Baliabide instrumentalen eta antolamendu-baliabideen degradazioari buruz galdetuta, Lehendakariak azpimarratu du ezin dela degradazioaz hitz egin, eta azaldu du urtez urte hazten ari den aurrekontu-zuzkidura handia mantentzen dela, milaka hautagai aurkezten diren Lan Eskaintza Publikoak antolatzen direla, eta ahalik eta giza baliabide eta baliabide material onenak dituen Ertzaintza mantentzen dela, Europako polizia onenekin aldera daitezkeenak. “Lan-baldintzak objektiboki hobeak dira duela 40, 20 edo 10 urtekoak baino”, esan du.
Ildo horretan, baldintza horiek gardentasun osoz hobetzen jarraitzeko konpromisoa agertu du, betiere erantzukizun instituzionalaren eta errealismoaren printzipioei jarraituz.