Euskadik Tourraren irteera handirako programazioa aurkeztu du

0
  • Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta bozeramaileak, gaur goizean aurkeztu ditu Frantziako Tourraren hasieraren harira Euskadin antolatu diren jarduerak.
  • Herritarrak Tour giroan murgiltzea eta inplikatzea helburu izango dute Taldeen Aurkezpenak, Fan Park-ak edo eta Bilboko BIZITOUR jaiak, besteak beste.
  • Donostiak, Vitoria-Gasteizek eta Amorebieta-Etxanok ere askotariko jarduera-programa aurkezten dute, hala nola zikloturisten martxak eta garapen jasangarriko kongresuak, mailloten eta bizikleten erakusketak eta kirolaren diplomaziari buruzko udako ikastaroak.
  • Ekitaldian berriro azpimarratu da garrantzitsua dela jardunaldi horietako joan-etorriak denboraz planifikatzea eta Grand Départ Pays Basqueko Gida Praktikoaren azken bertsioa erabiltzea informazioa jasotzeko eta antolatzeko.

Bizkaia Aretoa Grand Départ Pays Basque 2023aren epizentro bihurtu da gaur goizean. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta bozeramaileak, hemendik eta uztailaren 1, 2 eta 3an nazioarteko tropeleko txirrindulari onenak Euskadiko errepideetan lehen pedalkadak ematen hasi arte egingo diren era askotako jarduera ugarien berri eman du.

Bingen Zupiriarekin batera, Ainara Basurko (Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko diputatua), Cristina Múgica (Bizkaiko Foru Aldundiko Lurralde Lehiakortasun eta Turismoko zuzendari nagusia), Amaia Arregi (Bilboko Udaleko Herritarren Segurtasun Saileko zinegotzia), Nora Abete (Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotzia) eta Xabier Ochandiano (Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzia) egon dira.

Tour giroan murgilduz hasiera handiaren aurreko astea nazioartean esanguratsuak diren ekitaldiez beteta dator.

Taldeen Aurkezpen ofiziala

Frantziako Tourreko taldeen aurkezpen ofiziala izango da mugarri nagusietako bat, EITBk 200 herrialde ingurutara zuzenean emango duen ekitaldia. Herritar guztiei zuzendutako ekitaldia ekainaren 29an egingo da, Abandoibarrako pasealekuan, Euskalduna Jauregiaren eta Guggenheim Bilbao Museoaren arteko zatian. Aurkezpen ofiziala 18:30etik 20:00etara izango da, baina 17:00etatik aurrera hainbat jardueraz gozatzeko aukera izango da. Aurkezpen ofiziala amaitu ondoren, Tour aurreko giroarekin gozatu ahal izango da 22:00ak arte.

Ekitaldia nazioartean zabaltzeak Frantziako Tourrean gutxienez behin parte hartu duten euskal txirrindulari guztiak omentzeko balioko du. Poga»ar, Vingegaard, Landa, Bilbao, Izagirre eta gainerakoak pedalei eragiten hasi  baino lehen, euskal txirrindulari horiek bertaratuko diren zaleen txalo eta esker ona jasoko dute. Gainera, txirrindulari esanguratsuenetako batzuk talde parte hartzaileek Euskalduna Jauregitik atera eta Guggenheim Bilbao Museoko zabalgunean jarriko den eszenatokira arte egingo den bizikleta desfilearen buru izango dira.

Arratsalde osoan zehar giro ona eta musika izango dira nagusi Hortzmuga, Demode Quartet, ETS & Süne, Oreka TX, Kukai eta Neomak taldeen emanaldiekin, besteak beste.

Publikoak doako ekitaldi honetan parte hartu ahal izango du taldeek Euskalduna Jauregitik Guggenheim Bilbao Museoraino egingo duten zirkuitu osoan zehar. Bertaratutakoek txirrindularien ibilbidea jarraitu ahal izango dute, bai Euskalduna Jauregitik Guggenheim Bilbao Museoraino egingo duten joan-etorriko zirkuitu zirkularrean (mapa erantsi da), baita Museoaren zabalgunean ere. Gune horretara sartzea ere doakoa izango da, ikusleak 16:00etatik aurrera sartu ahal izango dira, baina zaleen sarrera kontrolatuko da ekitaldia behar bezala eta seguru garatzeko baimendutako edukiera errespetatuz. Ibilbidean zehar hiru pantaila erraldoi ere jarriko dira, zaleek taldeen aurkezpenaz zuzenean gozatzeko aukera izan dezaten.

Azpiegitura guzti honek zenbait aldaketa eragingo ditu inguruko mugikortasunean. Abandoibarra etorbidean (Jesusen Bihotzetik Uribitarteko biribilguneraino) 9:00etatik 23:00etara trafikorako mozketak egingo dira. Aurreko egunean, ekainaren 28an, murrizketak egongo dira Abandoibarra etorbideko erreietako batean (18:00etatik 20:30era, gutxi gorabehera).

Fan Parka

Aurkezpenaren egunean bertan, goizean, Tourreko Fan Parka inauguratuko da, Areatzako parkearen inguruan, Bilbon. Gune irekia da, doakoa, eta, oro har, txirrindularitza-giroan eta, bereziki, Tourrean murgiltzeko esperientziaz gozatu ahal izango da. Babesleen standak animazioekin, opariak, tirolina erraldoi bat, bizikleten erakusketa edo bi gurpilen gainean ibiltzen ikasteko pistak egongo dira besteak beste. Gainera, pantaila erraldoian bai taldeen aurkezpena bai Tourraren lehen etapa jarraitu ahal izango dira zuzenean. Publikoak herri kirolen edo euskal dantzen erakustaldiez ere gozatu ahal izango du. Era berean, bisitariek hainbat food truck-ez (Gure Poke, Café Iruña, Arrese, Abasotas, Thate) gozatzeko aukera izan dezaten gune bat prestatuko da. Alkoholik gabeko gunea izango da. Fan Park-a uztailaren 29an (12etatik 21etara), 30ean (10etatik 21etara) eta 1ean (10etatik 18etara) egongo da zabalik.

Herritarren parte-hartzea

Proposamenen sorta askoz zabalagoa da, eta publiko guztiei zuzenduta dago,  mundu mailako ikuskizun handienetakoan herritar guztiak partaide eta inplikatuta sentitzeko borondatearen isla. Horrela, Tourra iritsi aurreko astea Bilboko BIZITOURarekin hasiko da. BIZITOURak, Euskadi Txirrindularitza Fundazioak antolatuta, bizikleta familian eta lagunekin bizitzeko jardunaldi ludiko eta festazkoak dira.

Maiatzaren 7an Donostian egin zen eta ekainaren 4an Vitoria-Gasteizen. Martxa hauek Tourraren etorreraren aurrekari zirraragarriak izan dira, txirrindularitzaren onenaz aldez aurretik gozatzeko eta giroa ‘berotzen’ joateko aukerak, emozioa sortuz eta herritar guztiei bizikletarekiko grina piztuz. Hitzordua ekainaren 25ean da, igandea, 12:00etan, Bilboko Areatzan (xehetasun gehiago emango dira biharko prentsaurrekoan, ekainaren 20an).

Grand Départ Pays Basqueko ekitaldien egitarau anitzaren barruan, txirrindularitza lehiakorraren munduko adituek eta zientzialariek munduko txirrindularitza lasterketa handienaren atarian egin ohi den ‘Science & Cycling’ mintzaldian azken ikerketak eta esperientziak trukatuko dituzte. Aurten, Frantziako Lasterketa Euskadin hasten denez, jardunaldiak Bilbon egingo dira, Bizkaia Aretoan, ekainaren 28an eta 29an, Kirol Eskolak eta EHUk sustatuta.

2023ko hitzaldi nabarmenenak Iñigo San Millanek (Team UAE Emirates), Iñigo Mujikak (EHU), Dan Lorangek (Bora-Hans Grohe Pro Team), Chris Abbissek (Edith Cowan University), David Barrancok (European University Madrid), Menachem Brodiek (Human Vortex Training), Louise Burkek (Australian Catholic University) eta Robert Lambertsek (Stellenbosch University) emango dituztenak izango dira. Iñigo Mujikak eta Menachen Brodiek masterclasses bana eskainiko dute kongresuaren bezperan.

Kartelen erakusketa

Bilboko Arte Ederren Museoak 2023ko Tourraren irudia aukeratzeko lehiaketaren kartel finalisten erakusketa hartuko du. Euskal Irudigileak Euskadiko Ilustratzaileen Elkarte Profesionalak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak parte hartu dute 2023ko Frantziako Tourraren kartela diseinatzeko aukera eman duen ekimen honetan. Raisa Álava ilustratzaile arabarrak diseinatu zuen lasterketaren irudia. Kartel ofiziala Bilboko Arte Ederren Museoan egongo da ikusgai, baina baita beste finalistenak ere. Erakusketa ekainaren 29an inauguratuko da eta Frantziako Tourrak euskal errepideak zeharkatzen dituen egunetan zehar bisitatu ahal izango da.

Munduko erakusleihoa

Uztailaren 1etik 3ra egingo diren telebista-emanaldiei begira, Tourrari ongietorria emateko, tropelaren igarotzea agurtzeko eta hainbat baliabide turistiko nabarmentzeko, Bizkaian hainbat ekintza egingo dira leku eta puntu sinbolikoetan, hala nola Bizkaia Zubian, Bizkaiko Flyschean, Urdaibain eta Lekeitioko Santa Katalina Itsasargian. Azken instalazio hau Tour osoan egongo da, baina beste hirurak ekintza iragankorrak izango dira, batez ere telebista-emankizunetara zuzenduak eta ikusgarritasun handikoak.

Erakusketa eta diplomazia Donostian

Donostiak ere Grand Départ Pays Basqueko jarduerez gozatuko du. City dressing-etik haratago, herritarrek kalean aurki ditzaketen Grand Départ Pays Basquerekin lotutako dekorazioetatik haratago, San Telmo Museoak “Bizikleta. 150 urte” erakusketa hartuko du ekainaren 26tik abuztuaren 6ra. Tourraren hasierarekin bat eginez, erakusketak Amador Tolosaren bildumako bizikleten aukeraketa bat aurkezten du. Pieza historikoak dira, eta haien bilakaera, Euskadin fabrikatutako markak, erabilera eta lanbide desberdinei eskainitako bizikletak eta kirol-arlokoak ikusteko aukera ematen digute.

Frantziako Tourraren etorrerekin bat eginez, beste kirol-ekitaldi aipagarri batzuen artean, Miramar Jauregian ekainaren 28an eta 29an kirolaren diplomaziaren esparrua gizarteratzea helburu duen “Kirol-diplomaziaren erronkak eta aukerak XXI. Mendean” izeneko udako ikastaroa egingo da.

Vitoria-Gasteiz eta Green Capital zigilua

Euskadiko hiriburuak ahalik eta modurik onenean ekingo dio azken esprintari, pedalei eraginez, ekainaren 24an egingo den ‘Prueba Cicloturista Vitoria’ probarekin, Grand Départ Pays Basqueko aterkipean Donostia Baiona Donostiak (maiatzak 13) eta L’ Étape Bilbao by Tour de Francek (ekainak 11) hasitako ibilbideen zikloa itxiko duelarik.

Tourrak Euskaditik egingo duen irteera handiak mugikortasun jasangarrian, bizitza osasungarrian eta turismoan sakonduko du Bicycle Summit Euskadi 2023 programarekin. Kongresu hau ekainaren 30ean, goizez, egingo da Vital Fundazioa Kulturunean, eta hirietako bizikleta bidezko mugikortasunari buruzko nazioarteko aditu onenetako asko bilduko ditu, beren esperientziak eta egungo joera aitzindariak partekatuz.

Erresuma Batuko, Danimarkako, Holandako, Frantziako, Kolonbiako, Espainiako eta Euskadiko profesional ezagunek mugikortasun iraunkorrari buruzko beren ikuspegia emango dute, 2020-2030 Agendan jasotako munduko erronketako bat, bizikletaren erabileran egunerokoan aplikatzeko.

Gune honetan bertan egiten ari diren hitzaldi-zikloaren barruan, hilaren 22an, “KAS, más que un equipo” hitzaldia egingo da. Bertan, Sean Kelly, Paco Galdos eta 1977an Gasteizen amaitu zen Frantziako Tourreko garaile izan zen Joxe Nazabal mitoak izango dira.

Eta tropela Arabako hiriburura iritsi baino egun bat lehenago, uztailaren 1ean, Andre Maria Zuriaren plazan ekintza solidario bat egingo da CaMinus elkartearen alde. Jardueraren xedea etapako 208,9 kilometroko tarte bat simulatzea izango da, Vitoria-Gasteiz eta Donostia modu birtualean lotuko dituena, pantaila erraldoi bati eta ‘smart’ bizikleten teknologiari esker. Tropelari spinning bizikletekin jarraitzeko aukera ere egongo da.

Gaurtik aurrera, Probintzia Plazan sei kubo daude instalatuta, ‘Araba, txapeldunen lurraldea’ izenburupean, lurralde honetako txirrindularitzaren irudi esanguratsuenetako batzuk erakusten dituztenak.

Amorebieta-Etxano, maillot garrantzitsuen aretoa

Ekainean zehar eta uztaileko lehen egunetan, ‘Grande Boucle’a Euskadira iristearekin batera zaleek “LE TOUR DE FRANCE EN EUSKADI” mailloten erakusketaz gozatu ahal izan dute.

Erakusketan 125 pieza daude ikusgai, gai desberdinak dituzten bi erakusketatan banatuta: euskal txirrindularitzaren historia eta Frantziako lasterketa handiarena. Biak txandaka eta aldi berean egon dira ikusgai Bilbon eta Gasteizen ekainean zehar, eta ondoren Amorebieta-Etxanon (Bizkaia) elkartuko dira, uztailaren hasieran Frantziako Tourreko hirugarren etapa abiatuko den tokian. Gainera, Santinik, Tourreko babesle ofizialak, 2023ko edizioko zortzi maillot ofizial utzi ditu, sari bakoitzeko bi.

Adrian Jimenez Rubio txirrindularitza zale amorratu asturiarraren bilduma da, eta euskal txirrindularitzaren eta Frantziako Tourraren ikuspegi berri eta aberasgarriaz gozatzeko aukera ematen die txirrindularitza zaleei eta, oro har, gizarteari, ikuspegi berezi baten bidez.

Mugikortasun-eraginak eta gida praktikoa    

Zupiria sailburuak ekitaldian Euskaditik igarotzen diren 2023ko Frantziako Tourreko hiru etapetan oinezkoen eta ibilgailuen mugikortasunean izango diren murrizketa handiak gogorarazi ditu, eta herritarrei eskatu die garaiz planifikatzeko mugikortasuna, behar besteko aurrerapenarekin informatzeko eta, batez ere, ibilgailu pribatua saihesteko eta garraio publikoaren (batez ere trenbidekoaren) alde egiteko, hurrengo uztailaren 1, 2 eta 3an, mugikortasunean eta trafikoan eraginak oso garrantzitsuak izango baitira.

Horretarako, Zupiriak herritarrek gida praktiko bat eskura dutela gogorarazi du. Horri esker, dokumentu bakar batean kontsulta daiteke Frantziako Tourraren Irteera Handiko egunak antolatzeko informazioa. Garraio-operadore publiko guztien plataformetarako estekak; ekitaldi nagusien programa; etapa bakoitzaren mapak eta errutometroak; karabana-aparkalekuak; etapa irteeren eta helmugen xehetasunak; ibilbide-itxierari eta irekierari buruzko informazioa (Pike edo Jaizkibel, besteak beste); edota programatutako ekitaldiak batzen ditu. Gidak ikuspegi orokorra eta praktikoa eskaintzen du, Frantziako Tourrak mugikortasunari nola eragingo dion azaltzeko.

Etengabe eguneratzen ari den gida da, eta Grand Départ Pays Basque webgunean sartu eta azken bertsioa deskargatzea gomendatzen da.

Ibilgailu pribatuan joan behar dutenentzat, WAZE aplikazioa deskargatzea gomendatzen da, trafikoaren egoera denbora errealean ezagutzeko. Aplikazio honetan progresiboki kargatzen ari dira jada programatuta dauden trafiko-eraginak (ibilbide-mozketak, adibidez) edo jardunaldi horietarako prestatzen diren disuasio-aparkalekuak. Ibilgailu pribatuei zuzendutako aplikazio honek desplazamendu bat kargatzeko aukera ematen du, eta, programatutako eraginen arabera, irteera-ordua, ibilbidea… iradokitzeko aukera ematen du. Guzti honekin batera plangintza denboraz egitea eskatzen dute agintariek  azken unera arte itxaron gabe.

Informazio gehigarria