Osakidetzaren 2030erako pazientearen segurtasunerako estrategiak ekintza-lerro guztiak sendotu eta beste bi gehiago sartu ditu: larrialdiak eta suizidioaren prebentzioa

0

Helburua da herritarrei osasun-asistentzian ahalik eta segurtasun-maila handiena eskaintzeko aurrera egiten jarraitzea eta, horretarako, Euskadin, azken hamarkadan, aurretik garatutako bi estrategien bidez izandako aurrerapenak eta esperientzia abiapuntu hartzea

Osakidetzaren 2030erako Pazientearen Segurtasunerako Estrategiak aurreikusten du azken hamarkadan Euskadin garatutako jarduketa-ildo guztiak sendotzea eta, horretarako, gainera, beste bi eremu gehiago sartzea: larrialdi-zerbitzuak eta suizidioaren prebentzioa.

Hala adierazi dute, gaur, Rosa Pérez Osakidetzako zuzendariak eta Enrique Peiró Pazientearen Osasun eta Segurtasuneko programen koordinatzaileak Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren dokumentu estrategiko berri hau aurkezteko Legebiltzarrean eginiko agerraldian.

Tresna horren helburua da herritarrei osasun-asistentzian ahalik eta segurtasun-maila handiena eskaintzea eta, horretarako, Euskadin, azken hamarkadan, Osakidetzako profesionalen ahaleginari eta inplikazioari esker ezarritako bi estrategien bidez izandako aurrerapenak eta esperientzia abiapuntu hartzea, Rosa Pérezek esan duenez.

Osakidetzako zuzendariak esan du pazientearen segurtasuna lehentasuna izan dela, dela eta izaten jarraituko duela, iraupen-lasterketa bat baita eta, ondorioz, etengabeko hobekuntzarako eta sentsibilizazio iraunkorrerako ahalegina eskatzen baitu, eta, gainera, aurrerapausu jakinez gainera, emaitzak baloratzeko epe ertainera eta luzera ere begiratu behar baita.

Hala, sartu diren bi jarduketa-eremu berriez gainera, Osakidetzak aurreko estrategietan jasotako gainerako ekintza-lerroei eutsiko die, besteak beste, honako eremu hauei dagozkienei:

  • Haurdunaldi-, erditze- eta puerperio-prozesuetako segurtasuna
  • Kirurgia segurua; hartan, jarduera kirurgikoan egiaztapen-zerrendaren (checklist) erabilera orokortu da.
  • Larrialdiak; hartan, segurtasun-arloan erreferentea den talde egonkor bat finkatu da.
  • Kalterik gabeko gorabeheren jakinarazpena, Pazientearen Segurtasuneko Jakinarazpen eta Ikaskuntza Sistemaren (SNASP) bidez.
  • Gertakizun kaltegarrien
  • Pazienteen identifikazio argia.
  • Pazienteen, haien familien eta zaintzaileen inplikazioa.
  • Babes erradiologikoa.
  • Segurtasun transfusionala.
  • Medikamentuen erabilera segurua.
  • Osasun Asistentziarekin zerikusia duten Infekzioen prebentzioa eta kontrola. Eremu horretan funtsezko aurrerapenak izan dira, besteak beste, zainketa intentsiboen unitateetan garatu diren segurtasun-programen kasua: Zero Bakteriemia, Zero Pneumonia eta Zero Erresistentzia.

Informazio gehigarria