Animalien ongizatea eta eskubideak babesteko Legeari konstituzio-kontrakotasun errekurtsoa jartzea onartu du Gobernu Kontseiluak

0
  • Aldez aurretik, Eusko Jaurlaritzak bidea irekiko du Bitariko Lankidetza Batzordean akordio bat lortu eta Konstituzio Auzitegian errekurtsoa jartzea saihesteko
  • Eusko Jaurlaritzaren irudiko, legeak Gernikako Estatutuan jasotako eskumen betearazleak urratzen ditu, eta euskal arauak garatzeko gaitasuna murriztu

Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio gaur Animalien ongizatea eta eskubideak  babesteko 7/2023 Legearen aurka konstituzio-kontrakotasun errekurtsoa jartzeari. Eusko Jaurlaritzaren ustez, Estatuko arauak bere eskumenak urratzen ditu eta, gainera, segurtasun juridikoaren printzipioa urratzen du dagokion araudia aplikatzerakoan.

Halaber, Eusko Jaurlaritzak baimena eman du Estatuaren eta EAEren arteko Aldebiko Lankidetza Batzordean gai horri buruzko negoziazioa irekitzeko, akordio bat ixten saiatzeko eta, horrela, Konstituzio Auzitegian helegitea jartzea saihestuko litzateke.

Estatuko arauak legezko mekanismoak aurreikusten ditu animalien babesa sustatzeko eta animaliak ez uzteko. Horretarako, esparru komun bat ezartzen du eta botere publikoak eta herritarrak animalia guztiekiko errespetuan inplikatzen ditu.

Eusko Jaurlaritzaren ustez, Estatuko legearen artikulu batzuek Euskadiri dagozkion eskumen betearazleak inbaditzen dituzte. Zehazki, Gernikako Estatutuaren 10.9, 11.1.a) eta 18.1 artikuluak nekazaritza eta abeltzaintza, ingurumen eta osasun arloetan. Adibidez, Animaliak Babesteko Erregistroen Sistema Zentralaren erregulazioari ekiten dionean.

Gainera, Estatuko legearen gehiegizko zehaztasunak zaildu egiten dio Euskadiri (murrizten ez denean) animaliak babeste aldera arauak garatzeko duen eskumenaren aplikazioa. Hori nabarmena da kultura eta jai-jardueretan animaliak erabiltzeari buruz egiten den erregulazio trinkoan.

Azkenik, Estatuko legeak Estatuari bakarrik aplikatu beharreko oinarrizko ez diren manuak ere ezartzen ditu, baina edukian autonomia erkidegoei emandako aginduak jasotzen dituzte. Horrek zalantza gaindiezinak sortzen ditu eta segurtasun juridikoaren printzipioa urratzen du.

Gernikako Estatutuko aginduez gain, Euskal Autonomia Erkidegoak gai hau arautzen duten bi lege ditu: 6/1993 Legea, urriaren 29koa, animaliak babestekoa, eta 9/2022 Legea, ekainaren 30ekoa, etxeko animaliak babestekoa.