Jaurlaritzak 37 neurri proposatu dizkie sindikatuei Ertzaintzaren plantillaren lan-baldintzak eta baldintza ekonomikoak hobetzeko

0
  • Ertzaintzaren kolektibo osorako hobekuntza orokorrez gainera, hobekuntza espezifiko batzuk daude ikerketako, genero-indarkeriako eta etxeko indarkeriako taldeetako, Zaintza eta Erreskateko unitateetako eta Pertsonen Segurtasuneko eta Babeseko agenteentzat

Eusko Jaurlaritzak Ertzaintzaren Negoziazio Mahaiaren beste bilera batera deitu ditu ErNE, ESAN, EUSPEL eta SIPE sindikatuak, baldintza ekonomikoak eta lanekoak hobetzeko proposamena negoziatzeko. Bilera datorren ostiralean, 23an, 9:30ean egingo da Ertzaintzaren Erandioko egoitza nagusian.

Segurtasun Sailak jada bidali die sindikatuei plantilla osoarentzat hobekuntza orokor esanguratsuak nahiz proposamen honek onura ekonomikoak ekarriko dizkien kolektibo jakin batzuentzat hobekuntza espezifikoak jasotzen dituen dokumentua (erantsita):

  1. MENTORING PROGRAMA BERRIA: 55 urtetik aurrera eta 60 urterekin erretiroa hartu bitartean, adinagatik jarduera modulatzen hasi nahi duten agente guztientzat diseinatua. Helburua da belaunaldi gazteei ezagutzak transferitzea, eta pertsona horiek, beraz:
  • Urteko lanaldiaren murrizketa izango dute eta egun libreetan pilatu ahal izango dute.
  • Gaueko lan-txandatik salbuestea eskatu ahal izango dute edo bertan jarraitu ahal izango dute ordain ekonomiko osagarria kobratuz.
  • Arriskutsuak izan daitezkeen edo inplikazio handia eskatzen duten lan batzuk egiteari, esate baterako, erretiroa hartu aurreko urtean patruila-lanak egiteari, ordena publikoaren arloko segurtasun-dispositiboetan parte hartzeari utziko diote.
  1. HOBEKUNTZA EKONOMIKOAK:
  • Osagarriaren % 10eko igoera gaueko txandan, asteburuan edo jaiegunean lan eginez gero.
  • Librantza-egunetan lan egindako aparteko orduen zenbatekoaren % 20ko igoera (egun librean deitua izatea). Aparteko ordu bakoitza 29,2 eurotik 41,8 eurora bitartean ordainduko da, kategoria profesionalaren arabera eta eguneko txanda, gauekoa, jaieguna edo biak diren kontuan hartuta.
  • Gainera, egun librean deitua izateko egoera horretan dauden agenteek, 14 euroko dieta kobratuko dute eta kilometroak etxetik eta etxeraino ordainduko zaizkie. Gainera, Eusko Jaurlaritzak proposatzen du % 20 hobetzea dieta horren kopurua.
  • Aparteko haborokinaren % 10eko igoera agenteak egun librean zita judizial batera joaten diren bakoitzeko. Asistentzia bakoitzeko 134,14 euro izango dira.
  • Abenduaren 24an, 25ean eta 31n eta urtarrilaren 1ean lan egiteagatiko konpentsazio ekonomikoa hobetuko da: agenteek, egun horietan zein txandatan lan egiten duten kontuan hartu gabe, 100 euro gehiago kobratuko dituzte lan egindako egun bakoitzeko.
  • Agenteek ordain ekonomiko batengatik alda ditzaketen baimen-egunen kopurua eta zenbatekoa % 10 igoko dira: agenteek gehienez 6 egun trukatu ahal izango dituzte ordain ekonomiko batengatik, eta, gainera, hori % 10 igoko da.
  • % 20ko igoera kirola egiteagatiko eta egoera fisiko onean egoteagatiko urteko kalte-ordainean.
  • Lanpostuari dagozkion eginkizunak betetzeko behar diren agiri guztiak berritzeko gastuaren ordaina: gidabaimena, motorrak, itsasontziak, eta abar.
  • Zerbitzua dela eta, uniformea erabiltzen ez duten agenteen kalte-ordainaren % 20ko igoera.
  • Urtean 100 euroko kalte-ordaina uniformea erabiltzen duten gainerako agenteen jantziak behar bezala zaintzeko.
  1. BESTE HOBEKUNTZA BATZUK: prestakuntza, denbora librea eta kontziliazioa
  • 50 orduko baimena gaixotasun larria duten lehen mailako familiartekoak edo bizikide dituzten bigarren mailako familiartekoak artatzeko.
  • Lanaldi-murrizketak gaixotasun kronikoa duten familiartekoak edo mugikortasun-arazoak dituzten familiarteko mendekoak artatzeko edo 12 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko.
  • Hobekuntzak oporrak gozatzeko.
  • Mahai tekniko bat sortzea Ertzaintzako unitateen etengabeko formakuntza-beharrak zehazteko.
  • Plataforma berri bat, SEGURGUNEA, abian jartzea agente bakoitzaren informazioa eguneko 24 orduetan kontsultatzeko edozein gailutatik.
  • Aldian behingo bileren bidez indartzea Ertzaintzaren baliabide materialak aukeratzeko mahaia.

Hobekuntzak 4 kolektibo jakinentzat

Gainera, 4 sindikatuek aztertzeko eta negoziatzeko bidalitako proposamenean, lan-hobekuntza espezifiko batzuk ere jaso dira 4 kolektiborentzat:

1. Ordutegi malgua duten ikerketa taldeak:

  • Ikerketa batean lanean ari diren eta zerbitzuan 7 egunetan jarraian egon behar duten Ertzaintzako agenteen kasuan, erantsitako egun bakoitza egun librean deitua izateko egoeratzat hartuko da ikuspegi ekonomikotik, bai aparteko orduaren zenbatekoari dagokionez bai dietaren edo joan-etorriaren ordainari dagokionez. Ikerketa amaitzen denean, pertsona horiek zerbitzurik gabeko bi egun izango dituzte.
  • Era berean, egun librean deitua izateko egoeratzat hartuko da, onura ekonomikoen eraginetarako, ikerketak eskatzen duenean zerbitzurik ez duen pertsonala ustekabean lanera joatea 48 ordu baino gutxiagoko aurrerapenez deituta.
  • Agenteek, lanaldia amaitzen dutenean, ikerketaren ustekabeko inguruabar batengatik lanera itzuli behar izanez gero, aparteko ordu bakoitzak 15 euroko produktibitate-osagarria sortuko du, ordu bakoitza zenbatzeaz gainera gero libratu ahal izateko.

2. Osagarri berria Zaintza eta Erreskate Unitateko mendiko taldearentzat eta uretako erreskateetako taldearentzat: erreskate batean parte hartzeko helikopteroan mugitu behar duten bakoitzean, 45,8 euro gehiago kobratuko dituzte.

3. Osagarri berria Babeseko eta Segurtasuneko Unitateko agenteentzat: urtean 6 asteko eta egunean 8 orduko entrenamendu ebaluatua programatuko da, eta entrenamendu-egun bakoitzeko 40,9 euro jasoko dituzte.

4. Genero-indarkeriaren eta etxeko indarkeriaren arloko taldeak. Segurtasun Sailak proposatzen du Lanpostuen Zerrenda aldatzea Ertzaintzak erregistratuta dituen genero-indarkeriako eta etxeko indarkeriako kasuen jarraipenera eta kontrolera esleitutako plantilla zabaltzeko. Jada azkentzen ari diren eta sindikatuei laster aurkeztuko zaien proposamenaren xehetasunen arabera, arlo horretako agenteen kopurua ertzain-etxe guztietan igoko da agente bakoitzak bere kargura duen espediente-kopurua jaisteko helburuarekin, eta gaur egun agente bakoitzak batez beste dituen 75 espedientetatik gehienez ere 55era jaitsiko da.