Bildarratz Europako EARLALL sarearen bileran buru izan da, Bruselan

0
PRUEBA
  • EARLALL – Bizialdi Osoko Ikaskuntzarako Eskualdeen eta Tokiko Agintarien Europako Elkarteak bere 17 eskualde kideetako ordezkariak bildu ditu Baden-Württembergeko estatuaren Bruselako egoitzan, Euskadiren presidentziapean

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, EARLALL elkartearen presidente gisa, buru izan da gaur goizean Bruselan EARLALL (European Association of Regional & Local Authorities for Lifelong Learning) elkartean bildutako Europako eskualdeen topaketan. EARLALL Bizialdi Osoko Ikaskuntzarako Tokiko Agintarien Europako Elkartea da, 2014tik Euskadi buru duena. Topaketa atzo eta gaur artean ari dira garatzen, Baden-Württembergeko (Alemania) estatuak Bruselan, Europar Batasunaren aurrean duen egoitzan. Hain zuzen ere, eskualde hori ere elkarteko Zuzendaritza Batzordeko kide da, Euskadi bezalaxe. Sailburuarekin batera, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren aldetik, Rikardo Lamadrid Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariak ere parte hartzen du EARLALLen saioetan; bai eta Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkari Marta Marinek ere.

Topaketa urtero egiten da, eta helburua da aukera bat eskaintzea Europako eskualdeek esperientziak truka ditzaten, etengabe aldatzen ari den mundu bati aurre egiteko beharrezkoak diren gaitasunak eskuratzen dituztela ziurtatzeko orduan aurre egin behar dieten aukerei eta erronkei buruz. Aldi berean, aukera paregabea da 2023ko Konpetentzien Europako Urtea ospatzeko eta eskualdeek duten funtsezko eginkizuna aldarrikatzeko, talentuaren aprobetxamenduari dagokionez, bai eta gaitasunen profilen garapenean eta tokiko beharrei erantzungo dien kualifikazio-eskaintza bermatzeari dagokionez ere.

Elkarlanean aritzea

Gaurko lan-saioen irekiera-ekitaldian izan duen hitzaldian (euskaraz eta gaztelaniaz egin du) Hezkuntza sailburu eta EARLALLeko presidente Jokin Bildarratzek, EARLALL-ek eskualdeen arteko elkartrukerako foro gisa duen balio nabarmendu du, “hausnarketa partekatuak bakarrizketarik onenak baino askoz gehiago balio baitu”.

Bildarratzek, halaber, teknologiaren garapenaren ondorioz mundua bizi izaten ari den eta datozen urteetan bizi izango dituen eraldaketak ere izan ditu hizpide. “Gauzak ondo egiten baditugu, hobeto bizi izaten eta lan egiten lagun diezagukeen teknologia. Baina, beste alde batetik, arrakala handiak sor ditzake pertsona kalteberengan, adinagatik edo prestakuntza-mailagatik. Eta ziurgabetasuna, batez ere, gaur egun bizitzen ari garen ingurumen-arazoek markatzen dute. Klima-aldaketak eta planetaren iraunkortasunarekin eta gure bizimoduarekin zerikusia duen guztia serioski lantzeko premia argia dugu”.

Egoera horren aurrean, sailburuaren hitzetan, “kontua ez da katastrofistak edo ukatzaileak izatea; ez baikorrak, ez ezkorrak. Konpontzaileak izatea da kontua. Hau da, sortzen diren arazoen konponbideak bilatzen lan egitea”. Ildo horretan, bi gai azpimarratu ditu: elkarlanean aritzearen garrantzia, eta pertsonen prestakuntzari lehentasuna ematea. “Elkarrekin aritzen bagara, elkarlanean, beharrezkoak diren konponbideak bilatzen, gizateriaren etorkizuna ziurtatuta egongo da. Eta horretan guztian, pertsonen prestakuntzak lehentasuna izan behar du. Konpetentzia berriak jasoko dituen prestakuntza, errotutako giza balioak transmitituko dituena, munduak beharko duen lidergo humanista indartuko duena, funtsezko helburu bat izanik: giza garapen iraunkorra. Izan ere, gizakiak izan behar du etorkizuneko protagonista, eta ez teknologiak. Teknologia gizatiartua, pertsona prestatuekin, eta etorkizun hobea lortzeko bidean aurrera egingo duen gizarte desberdin batean”, adierazi du.

Bildarratzek EARLALL jarri du aurrez aurre ditugun hiru eraldaketa handiei erantzuna emateko beharrezko den lankidetza eta sareko lan horren adibide gisa, hau da, trantsizio teknologiko digitalari, ingurumeneko trantsizio energetikoari eta trantsizio sanitario eta sozialari erantzuteko. 2023an ospatzen ari den Konpetentzien Europako Urteari dagokionez, konpetentzia berriak eskuratzeko bidean aurrera egiteko beharra azpimarratu du. “Eskualdeko eta tokiko agintariok, kultura-aldaketa baten egile izateko ardura dugu, eta gure gizartean prestakuntza arau bihur dadila, eta ez salbuespen. Inoiz baino gehiago, hezkuntza da politika eraldatzaileen ardatz nagusia, berrikuntzaren eta abangoardiaren alde, iraunkortasunean, inklusibotasunean eta gizarte aldakor baten beharretara egokitzean oinarrituta”. Eta lan-merkatuak eskatzen dituenez gain, mota guztietako konpetentziak eskuratzea bultzatzearen garrantzia nabarmendu du.

Digitalizazioa

Bigarren jardunaldi honetako saioei hasiera eman aurretik, Bildarratz sailburuak bilera bat izan du Baden-Württembergeko estatuko bere homologoarekin, Sandra Boser-ekin. Azken honek interesa agertu du Lanbide Heziketako euskal ereduan, baita Euskadi arlo horretan egiten ari den eraldaketa digitalean ere. Bi agintariek beren hezkuntza-sistemen ezaugarri nagusiak azaldu dituzte – batez ere Lanbide Heziketarenak–, eta digitalizazioak datozen urteetan eskainiko dituen erronkak eta aukerak aztertu dituzte. Digitalizazioak eragin zuzena du dagoeneko hezkuntzan, lan-eremuan eta enpresa-eremuan, eta, beraz, berariazko prestakuntza beharko du etorkizuneko profesionalek beren lan-ibilbideari berme handienekin aurre egin diezaioten.

Gaikako saioak

Egunotan Bruselan egiten ari diren eskualde-topaketak bi jarduera-mota ditu. Alde batetik, sareko kideek bakarrik parte hartzeko saio itxiak, eta, bestetik, trukerako jendaurreko saio bat, Europako eragile, erakunde eta hezkuntza eta prestakuntza arloko adituekin.

Euskadik moderatu du gaikako saioetako bat, hezkuntzaren eta prestakuntzaren berrikuntzari buruzkoa, eta bertan Europako Batzordeko Joint Research Centreko eta UNESCO-UNEVOCeko ordezkariek ere parte hartu dute. Sareko kideei zuzendutako gainerako saioek digitalizazioa, nazioartekotzea edo eskualdeen erakargarritasuna ikaskuntzaren bidez hobetzea dituzte ardatz. Saio horietan parte hartzen duten eskualdeek esperientziak eta iritziak trukatzen dituzte. Sareko eskualde kideez gain, Europako Batzordeko, Europako Parlamentuko, Europako Eskualdeetako Lantaldeko eta Europako Ekonomia eta Gizarte Lantaldeko ordezkariek ere hartzen dute parte.

Zer da EARLALL?

EARLALL (European Association of Regional & Local Authorities for Lifelong Learning) nazioarteko elkarte bat da, 2001ean sortua, hezkuntza, prestakuntza eta bizialdi osoko ikaskuntzaren arloan lankidetza sendoa eraiki nahi duten Europako eskualdeetako gobernuen ekimenez. Bere helburuen artean dago EBren etengabeko ikaskuntzarako politikak egiten laguntzea eta Europako erakundeekin elkarrizketa aktiboa izatea. Era berean, kideen arteko lankidetza eta eskualdeen zeregina eta ikusgarritasuna handitzea bilatzen du, etengabeko ikaskuntzaren esparruan, Europan eta nazioartean.

Euskadik (Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak) gidatzen du 2014tik, eta Zuzendaritza Batzorde batek kudeatzen du. Batzorde horretako kide dira, Euskadiz gain, Katalunia, Bretainia, Toscana eta Baden Württemberg eskualdeak. Gaur egun, 13 kide/eskualdeko agintari eta 4 kide elkartu ordezkatzen ditu, Europako 11 herrialdetan.

Kideek urteko Batzar Nagusiaren eta gaikako taldeen bidez (mugikortasuna; lanbide-orientazioa; gazteria-politikak eta konpetentziak eta lan-merkatua) parte hartzen dute sarean. Horietan, esperientziak eta prestakuntza-ekintzak trukatzen dituzte, eta EBk finantzatutako proiektuetan parte hartzea sustatzen dute.