Ingeles irakasleek prestakuntza jasoko dute berriro Eskozian, atzerriko hizkuntzen irakaskuntza hobetzeko programaren baitan

0
  • Hezkuntza Sailak Edinburgoko Unibertsitatearekin lankidetzan bultzatzen duen programaren helburua da atzerriko hizkuntzen metodologia eta didaktika hobetzea.
  • Ikastetxe publikoetako ingeles irakasleei edo ikasgairen bat ingelesez ematen dutenei zuzenduriko prestakuntza da
  • 16 irakaslek bi asteko egonaldi trinkoa egingo dute Edinburgoko Unibertsitateko Moray House School of Education and Sport zentroan
  • Gaur egin da Donostian Pluriliteracies Teaching for Deeper Learning programaren lehen edizioaren itxiera; hizkuntzen irakaskuntzan aditu den Do Coyle irakaslek hartu du parte bertan

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak hasiera eman dio gaur goizean Donostian Pluriliteracies Teaching for Deeper Learning programaren baitako azken jardunaldiari (Ikaskuntza sakonagorako alfabetatze anitzeko irakaskuntza). Hezkuntza Sailak Edinburgoko Unibertsitatearekin lankidetzan bultzatzen duen programa honen lehen edizioa 2022-2023 ikasturtean egin da, eta ingelesa edo beste ikasgairen bat hizkuntza horretan ematen duten irakasleei zuzenduta dago. Programaren helburua da irakasle horiei alfabetizazio anitzei buruz berariazko prestakuntza ematea, hizkuntzen eta beste arlo batzuen irakaskuntza eta ikaskuntza-prozesuak hobetzeko, ingelesez.

Pedrosa sailburuordearekin batera, Edinburgoko Unibertsitako Do Coyle irakasleak hartu du parte, hizkuntzen irakaskuntzan eta ikasgelako ikaskuntzako aditu ezaguna, Dario Benegas doktore eta irakaslearekin batera (hau ere Edinburgoko Unibertsitatekoa). Halaber, goizean zehar, 2022-2023 ikasturtean zehar Multiliteracies programan parte hartu duten ikastetxe publikoetako irakasleek burututako azterketen eta jardunbide egokien hainbat kasu azaldu dira.

Lehen edizio hau amaitzearekin batera, Hezkuntza Sailak abian du prestakuntza-programa honen bigarren edizioa ere. Abuztuaren amaieran hasiko da, 16 euskal irakaslek Eskoziako hiriburuan egingo duten egonaldi trinkoarekin. Zehazki, abuztuaren 28tik irailaren 8ra, Edinburgoko Unibertsitateko Moray House School of Education and Sport zentroan.

Ikerketa bidezko lana

Donostiako Carlos Santamaria Zentroan egindako jardunaldian hitza hartu duelarik, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak Pluriliteracies Teaching for Deeper Learning programaren benetako balioa azpimarratu du, ikasgelako irakaskuntzan eragin handia duen programa den heinean. “Atzerriko prestakuntza jasotzeaz eta egonaldia egiteaz gain, programa hau proposamen erradikalagoa da, eta ikasgelako irakaskuntzan eragin nabarmena izatea sustatzen du”, baieztatu duenez.

Ildo horretatik, programa honek duen “alderdi praktikoa” nabarmendu du, “izan ere, parte hartu duten irakasleak ikertzaile bihurtu dira. Irakasleak ikasgelan oinarritutako ikerketak egiten inplikatu dira, ekintza-ikerketa deritzona. Horixe da sustatu nahi dugun paradigma eta egiteko modua”. Horren emaitza, gaineratu duenez, “gure irakasle parte-hartzaileen eta Edinburgoko Unibertsitateko ikertzaileen artean idatzitako ikerketak eta kasuen azterketak eskuratuko ditugu”.

Horrez gai, sailburuordeak nabarmendu duenez, “programak beste herrialde batzuetako irakasleekin saretzeko aukera ere eskainiko digu, horrek suposatzen duen aberastasunarekin: nazioarte mailan dauden beste praktika esanguratsuak ezagutzea eta gure eredu propioa nazioartean zabaltzea. Ikasteko aukera paregabea”, azaldu du.

Azkenik, eskerrak eman dizikie irakasleei, ikasturte honetan parte hartu dutenei zein hurrengoan parte hartuko dutenei, “programa honi jarraipena emateagatik. Sare zabalagoa osatzen ari gara, eta horrek gure ikastetxeetan ikaskuntza biderkatzea ekarriko du”.

Pluriliteracies

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren eta Edinburgoko Unibertsitatearen arteko lankidetzaren ondorioz (Do Coyle eta Dario Benegasen eskutik), Pluriliteracies Teaching for Deeper Learning prestakuntza-programa 2022-2023 ikasturtearen hasieran abiatu zen. Euskadiko 20 ikastetxe publikotako 20 irakaslek (Lehen zein Bigarren Hezkuntzakoak) egonaldi trinkoa egin zuten Eskoziako Unibertsitatean. Guztiak ingeleseko irakasleak edo hizkuntza horretan beste irakasgairen bat ematen duten irakasleak izan dira.

Helburua, lehen edizioan bezala 2023-2024 ikasturtean burutuko den bigarrenean ere, irakasle horiei alfabetizazio anitzei buruz berariazko prestakuntza ematea da, hizkuntzen eta beste arlo batzuen irakaskuntza eta ikaskuntza-prozesuak hobetzeko, ingelesez. Edo bestela esanda, ikasgelan atzerriko hizkuntzen metodologia eta didaktika hobetzea.

Bi asteko iraupena duen egonaldiaz gain –Edinburgoko Unibertsitateko Moray House School of Education and Sport zentroan-, ikasturtean zehar burutzen diren beste saio batzuekin osatzen da prestakuntza. Irakasle bakoitzak, ikasturtean zehar, astean bi eskola-orduko liberazioa du, alfabetizazio anitzei buruzko prestakuntzarako, Pluriliteracies for Deeper Learning programren barruan eta Edinburgoko Unibertsitateak antolatuta.

Programak ekintza-ikerketa bultzatzen du, teoria ikasgelan praktikan jartzearekin batera. Ikuspegi pedagogikoa duen programa da, ikaskuntza sakonagoa eta ikasgelara transferi daitezkeen ezagutzak eta trebetasunak garatzea sustatzen duena, hala nola komunikazio eraginkorra edo pentsamendu kritiko eta sortzailea. Parte hartzen duten irakasleek funtsezko printzipioak bereganatuko dituzte atzerriko hizkuntzan sakonago ikasteko zereginak diseinatzeko; printzipio horiek beren ikasgelan aplikatuko dituzte eta beren zereginak eta jarduerak planifikatzeko, ikasle bakoitzaren beharren arabera. Era berean, irakaskuntzan bertan eredu gisa egokitu eta erabil daitezkeen materialak partekatzen dituzte