Lehendakariak 2022ko Euskadi Ikerkuntza Saria eman dio Javier Aizpurua fisikariari

0
  • Javier Aizpurua Iriazabal Materialen Fisika Zentroko (UPV/EHU-CSIC) eta Materials Physics Center BERCeko Ikerketa irakaslea da
  • Fisikariak Nanofotonikaren arloan garatzen du ikerketa lana; eredu teoriko eta kalkulu berritzaileak ekarri ditu, eta horiek azaleko plasmonen eszitazioa ulertzen lagundu dute nanofotonikan interesa duten espektroskopiako eta mikroskopiako hainbat teknikatan
  • Epaimahaiak Aizpuruaren ikerketa-ibilbide oparoa nabarmendu du, bateik, eta bestetik, Nanofotonikako fenomeno kuantikoen arloan egindako ekarpen bikainengatik nazioarteko erreferente bihurtu den ikerketa-talde ospetsu bat sortu eta zuzentzea

Javier Aizpurua Iriazabal fisikariak gaur arratsaldez jaso du, Iñigo Urkullu Lehendakariaren eskutik, 2022ko Euskadi Ikerkuntza Saria, Lehendakaritzaren egoitzan burutu den ekitaldian. Burutu dituen beste hamaika lanez gaiz, Aizpurua Materialen Fisika Zentroko (UPV/EHU-CSIC) eta Materials Physics Center BERCeko (Basque Excellence Research Centre) Ikerketa irakaslea da. Saria emateko ekitaldian izan dira, halaber, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordea eta Amaia Esquisabel Ikerketa zuzendaria.

Lehendakariak Javier Aizpuruak erakutsitako konpromisoa, jarrera, gogoa eta ekarpena aitortu ditu , “gure erakunde eta herriaren alde hoberena eskaintzeko, zientzia-katea indartuz”. Gaurkoan, ikerketa lana eta ikerketaren aldeko lana aitortzeaz gain, Urkulluk Aizpuruaren euskal gizartearen aldeko jarrera goraipatu du. “Handik eta hemendik… Oiartzunetik, Donostiatik, mundutik; beti euskal eta nazioarteko ikuspegia zabaltzen”, adierazi du.

Bere hitzaldian, Lehendakariak, gainera, nabarmendu nahi izan du zientzia aktibo bat dela gizarte aurreratu ororen garapen sozial eta ekonomikorako, “gizateriaren balio izugarria”. Zientzia, halaber, talentua erakartzeko eta atxikitzeko iman bat da, Urkulluren ustez, eta, aldi berean, haren sorrerarako eta etorkizuneko garapenerako zutabea. Ildo horretan, azpimarratu du Euskadi ezagutzara irekita dagoen gizarte bat dela, bikaintasun-talentuaren abegikorra, sortzailea eta zaintzailea. “Javier Aizpurua, ikuspegi hori bultzatu duzu. Euskadiko eta Euskadirako bikaintasun-talentuaren adibide zara”, adierazi du Lehendakariak.

Euskadi Ikerkuntza Saria Hezkuntza Sailak urtero banatzen duen aitortza da. Urte bikoitietan –hau da 2022ko deialdiaren kasua- Zientzia eta Teknologia modalitatean egiten da deialdia; urte bakoitietan aldiz, Gizarte-Zientzien eta Humanitateen arloko profesionalen lana aitortzen du sariak. Euskadi Ikerkuntza Sariak jarduera zientifikoa sustatzea du helburu nagusia, bai eta honako beste hau ere: Euskal Autonomia Erkidegoko eta Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko ikertzaileek eta talde kualifikatuek egiten dituzten ahaleginak sustatzea eta bultzatzea, betiere horien lanak oso eragin positiboa badu Euskadin.

Javier Aizpurua Iriazabal

Javier Aizpurua Iriazabal (Donostia, 1971) Materialen Fisika Zentroko (UPV/EHU-CSIC) eta Materials Physics Center BERCeko (Basque Excellence Research Centre) Ikerketa irakaslea da. Bertan, Nanofotonikaren Teoria Taldearen buru da.

Aizpuruak argiaren eta nanoeskalako materiaren arteko elkarrekintza aztertzen du, nanoantena metalikoen erantzun optikoan eta efektu kuantikoetan arreta berezia jarriz. Aizpuruak eredu teoriko eta kalkulu berritzaileak sartu ditu, eta horiek azaleko plasmonen eszitazioa ulertzen lagundu dute nanofotonikan interesa duten espektroskopiako eta mikroskopiako hainbat teknikatan, hala nola, itzaltzeko espektroskopia optikoan, tunelizatze-ekortzeko mikroskopian (STM) edo transmisio elektronikoko ekortzeko mikroskopian (STEM), besteak beste. Egoera horietan guztietan erantzun optikoan izandako eragin kuantikoen azterketak gidatu du bere karrera zientifikoa, eta mundu osoko plasmonika kuantikoaren ikerketan aitzindari izatera eraman du, eremuan funtsezko ekarpenak eginez.

Aizpurua irakaslea Fisika Zientzietan lizentziatua da Zaragozako Unibertsitatean (1994) eta Fisika Zientzietan doktorea Euskal Herriko Unibertsitatean (1998). Goteborgeko (Suedia) Chalmers University of Technology-n eta Gaithersburgeko (AEB) National Institute of Standards and Technology-n (NIST) ikerketa-egonaldiak egin ondoren, 2004an Donostiako DIPCn (Donostia Interntional Physics Center) sartu zen, eta 2008an zientzialari titularraren plaza lortu zuen Materialen Fisika Zentroan (UPV/EHU-CSIC) eta Materials Physics Center BERCean. Gaur egun bertako ikerketa-irakaslea da. Gainera, nazioarteko lankidetza zientifikoak mantentzen ditu Orsay, Cambridge, Stanford, Toulouse, Munich, Washington D.C. eta Houstoneko ikerketa-zentroekin, besteak beste; gainera, 2014an Alemaniako Jena Unibertsitatean Abbe irakaslearen aitortza jasotzeaz gain, Bordeleko Unibertsitatean irakasle bisitari ere izan da (2022an).

Nanofotonika

Aizpuruaren ikerketa-taldeak nanoeskalako argiaren eta materiaren arteko elkarrekintzari buruzko ikerketa teorikoari eskaintzen dio bere jarduera zientifikoa. Ikerketa arlo horri, eskuarki, «nanofotonika» deitzen zaio. Aizpuruak eta bere taldeak azken 15 urteetan egin dituzten ekarpen zientifikoak oinarrizkoak izan dira Nanofotonikako efektu kuantikoen deskribapenean, Euskadin Nanofotonika Eskola teoriko bat ezarriz. Ekarpen horiek eragin handia izan dute nazioartean atomo gutxi batzuen dimentsioetan lokalizatutako argiaren ikerketan, eta erreferentzia gisa balio izan dute mundu osoko ehunka ikerketa-talderentzat. Eragin horri esker, Aizpuruak highly-cited researcher aitortza eskuratu du Clarivateren 2017tik 2020rako zerrendaren arabera gisa.

Era berean, Aizpurua irakaslea oso inplikatuta egon da Euskadiko zientziaren aurrerapenean eta kudeaketan. Materialen Fisika Zentroko (CFM) eta Materials Physics Center BERCeko (MPC) bikaintasun-zentroko  zuzendaria izan da(2015-2019) Donostian; 2006an CIC nanoGUNEren estrategia zientifikoaren eta jardueren diseinuan parte hartu zuen, eta mugaz gaindiko lankidetza-laborategiaren proiektuaren (LTC) buru ere izan da Bordeleko Unibertsitatearekin batera, besteak beste. Horiez gain, Ikerbasqueren (Zientziarako Euskal Fundazioaren) eta Euskampusen patronatuan parte hartzen du.

Javier Aizpurua Iriazabal irakaslearen zientzia-lan bikainaz gain, epaimahaiak nabarmendu ditu, batetik, bere ikerketa-ibilbide oparoa eta, bestetik, Nanofotonikako fenomeno kuantikoen arloan egindako ekarpen bikainengatik nazioarteko erreferente bihurtu den ikerketa-talde ospetsu bat sortu eta zuzentzea. Halaber, epaimahaiak nanoantena optikoak, plasmonika kuantikoa eta optomekanika molekularra bezalako alor garrantzitsuetan egindako funtsezko lanak ere nabarmendu nahi izan ditu. Bere ekarpenak maila klasikotik kuantikora igarotzeko mundu mailako joeran kokatzen dira, eta horren froga litzateke, adibidez, konputazio kuantikoaren garapena.