Aldakin, elektrizitate arloko soluzio globaletarako doitasunezko robotikan liderra

0

220 pertsonako ETEa da Aldakin, eta liderra da doitasunezko robotikan, hain zuzen ere, Euskadiko ekoizpen-ehunean erruz dauden merkatu-hobi espezifiko horietako batean. Elektrizitate arloko soluzio globalak eskaintzen dizkio industriari, sektoreko enpresa gutxik eskaintzen duten zerbitzua. Altsasun, Gasteizen, Iruñean eta Andoainen ditu egoitzak, eta SPRI Taldearen laguntza ekonomikoa jaso du, BDIH Konexio programaren bidez. Programa horren baitan, Basque Digital Innovation Hubek ETE-en esku jartzen du fabrikazio aurreratuko aktiboen eta zerbitzuen sare konektatuta, prestakuntzarako, ikerketarako, testatzeko eta baliozkotzeko.

1987an sortu zen enpresa, bost pertsonarekin. Hasieran, industriarako elektrizitate arloko oinarrizko soluzioak eskaintzen zituen. “90eko urteetan jada 30 pertsona ginen; lehenengo automatizazioak eskatzen hasi ziren eta Gasteizera eta Iruñera zabaldu ginen”, azaldu dute Ibai Inziarte I+G arloko zuzendariak eta Lidia Iglesias zuzendari komertzialak.

Enpresa robotikaren sektorean sartu zen 2003an eta hazten joan zen 2020 arte, Covidaren pandemia iritsi zen arte. “Ordurako 90 pertsona geunden”. Orain, 220 langilek osatzen dute plantilla. “Enpresa txikiak kaltetuta utzi zituen Covidak eta gure zerbitzuak eskatzen hasi ziren; horregatik hazi gara horrenbeste. Gainera, industriak gero eta gehiago eskatzen du guk eskaintzen dugun zerbitzu globala, koordinazio-lana kentzen diozulako bezeroari”.

Industria baten alderdi elektriko eta automatizazio osoa eskaintzen ditu Aldakinek, koadro eta instalazio elektrikoetako soluzioetatik hasi eta mantentze-lanetara eta ingeniaritzara arte. “Hori da gehien indartu nahi dugun atala”. Industria orokorra da haien bezeroa: galdategiak, ekipo-ondasunak, farmazia-sektorea, automobilgintza edo paper-fabrikak, beste batzuen artean. Normalean, neurri handiko enpresak izaten dira haien bezeroak. “Zerbitzu ugari eskaintzen ditugu, esaterako, mantentze-lanak, hobekuntza, automatizazioa edota robotika”.

I+G arloa

Urteko fakturazioa 17 milioi eurokoa da eta fakturazioaren % 4 eta % 5 artean dagokio I+G arloari. “Lanorduen % 8 eta % 10 artean eskaintzen diogu I+G arloari, eta 2016az geroztik berariazko sail bat dugu, hamar bat pertsonaz osatua. Giltzarria da negozioan”.

Makina-erreminta arloko talde espezializatu batekin akordio esklusibo bat sinatuko du laster enpresak. “Lehen proiektu bat dugu haiekin. Dagoeneko merkaturatzen ari gara urte hauetan guztietan aztertu ditugun soluzio berritzaileak”.

SPRI Taldearen BDIH Konexio programaren laguntza robotikara bideratu dute, zehazki, robotika kolaboratzailera, “pertsonekin kolaboratzeko estrategiarik onenak arakatzeko, hala nola elementu mugikorren analisia lan-eremuan, robotaren kokaleku onena erabakitzeko”. Enpresako arduradunek goraipatu egin dute BDIH Konexio. “Asko gustatzen zaigu, beste proiektu batzuek baino askoz ere burokrazia gutxiago eskatzen dutelako”.

BDIH Konexioren aurreko bi edizioetan parte hartu zuen Aldakinek, denak ere roboten doitasunarekin lotuak. “Offshore eolikarako galdaketa-piezen bizarrak kentzeko izan zen lehena, eta robota iristen ez den mugimenduetarako izan zen bigarrena”.

Doitasunezko robotika garatzen jarraitzea eta makinen eta pertsonen arteko elkarlana dira enpresaren erronkak. “Orain ez dute elkarrekin lan egiten, eta baimenak kudeatzera mugatzen dira”. Eta, batez ere, langile kualifikatuak erakartzea da enpresaren erronkarik handiena, profil oso berritzailea duten euskal enpresa askorekin gertatzen den moduan. “Arazo handia dugu talentua erakartzeko eta mantentzeko”.