Lehendakaria buru dela elkartu da Frantziako Tourraren segurtasun-operatiboaren jarraipen-mahaia

0
  • Goizeko 9etan agurtu ditu polizien koordinaziorako eta kontrolerako mahaia osatzen duten Ertzaintzako buruak
  • Gero, trafikoaren eta larrialdien jarraipen-mahaiaren buruan izan da

Iñigo Urkullu lehendakaria buru dela elkartu da gaur goizean Frantziako Tourrak Euskadin egingo duen azken etapako Trafikoa eta Larrialdiak Koordinatzeko Mahaia, Josu Erkoreka lehendakariordea ere bertan dela. Mahaia osatzen dute ibilbidean gerta litekeen trafikoko larrialdi edo gorabehera batean esku hartuko luketen euskal erakunde guztien ordezkariek: Osakidetza, hiru hiriburuetako eta hiru foru-aldundietako trafikoa kudeatzeko eta suteak itzaltzeko taldeak, Euskalmet, Babes Zibila, eta abar.

Ertzaintzaren Erandioko egoitza nagusian egin den bileraren buruan jarri aurretik, Iñigo Urkullu Polizien Koordinaziorako Mahaira hurbildu da Grand Départ Pays Basqueko segurtasuna eta mugikortasuna zaintzeko dispositibo handiarekin erlazionatutako alderdi guztiak Frantziako Polizia Nazionalarekin, Jendarmeriarekin eta Euskadiko udaltzaingoekin batera gainbegiratzen dituzten Ertzaintzako unitate guztietako polizia-buruak agurtzera.

Operatibo integrala

Segurtasuna eta mugikortasuna zaintzeko dispositibo handia Euskadiko segurtasun publikoan inplikatuta dauden erakunde eta entitate guztien artean koordinatuta dago: Ertzaintza, Tourraren hiru etapek zeharkatuko dituzten herri guztietako udaltzaingoak, 112 SOS Deiak, hiru hiriburuetako eta hiru foru-aldundietako larrialdietako eta suteak itzaltzeko zerbitzuak, Osakidetza, errepideak eta trafikoa kontrolatzeko talde instituzionalak, eta abar.

Probaren segurtasuna bermatzeko eta nazioarteko txirrindularitza-probak zeharkatzen duen zirkuitu itxian oinezkorik, ibilgailurik, objekturik edo animaliarik sar ez dadin, Ertzaintzak 2.190 mozketa-puntu diseinatu ditu. Bidegurutzeak, biribilguneak, sarbide-erreiak, zerbitzu-bideak, errepideetara ematen duten landa-bideak, industrialdeetarako sarbideak eta abar dira. Horietan, segurtasun-ekipoak egongo dira, eta lasterketarako sarrera debekatuak kontrolatzen.

Lasterketaren zirkuitua moztuta egongo den orduetan larrialdiren bat gertatuz gero, Ertzaintzak 166 puntu ezarri ditu, eta profesional-taldeak premiaz eta segurtasun-baldintzetan sartu ahal izango dira puntu horietatik. Beharrezkoa izanez gero, larrialdietako eta suteak itzaltzeko zerbitzuak sarbide-puntu horietako batetik sartu ahal izango dira zirkuitura, lasterketaren noranzkoan bakarrik eta Ertzaintzaren berariazko baimena jaso ondoren. Inork ezingo du lasterketaren zirkuitura sartu larrialdietarako sarbide-puntu gisa diseinatuta ez dagoen lekutik, ez kontrako noranzkoan, ezta Ertzaintzaren eskoltarik gabe ere, larrialdiaren arriskua eta maila ebaluatu ondoren.