Azpiazuk defendatu egin du eskualdeek Europako gobernantzan duten protagonismoa, sakoneko erreformak lortzeko

0

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak Eskualde Periferikoen eta Itsasokoen Konferentzia (CPMR) inauguratu du gaur, Eusko Jaurlaritzak Bruselan duen ordezkaritzan. Konferentzia hori Europar Batasunaren inbertsio-politikei buruzko goi-mailako gertakari bat da. Irekiera honetan, eskualdeek Europako gobernantzan duten protagonismoa defendatu du, benetako erreformak lortzeari begira. Gainera, eskualdeetako ahotsen garrantzia nabarmendu du, arazo globalek gero eta gehiago tokiko konponbideak eskatzen dituztelako.

Elisa Ferreira Kohesio eta Erreformen komisarioak parte hartu duen topaketa honetan, Euskadiren aldetik planteatu da Europako inbertsio-politikak Europar Batasunaren ekonomia-, gizarte- eta lurralde-garapena bizkortzeko izan beharko lukeen zeregina. Inbertsio-politika horrek inbertsio-ahalegin publikoaren koordinazio handia eskatzen du, bai Europako funtsen aldetik, bai estatu- eta eskualde-aurrekontuen aldetik.

Horretarako, EBk zeregin garrantzitsua betetzen jarraitu beharko du Europaren sendotasun ekonomikoa bermatuko duten esparruetan, hala nola industrializazioan, digitalizazioan eta lidergo zientifiko eta teknologikoan, jasangarritasunean —horrek erronka energetiko-klimatiko handia jartzen du mahai gainean— eta, azkenik, elkartasunean eta segurtasunean.

Hala, bai 2021-27 Urte Anitzeko Finantza Esparruak, bai Next Generation EU programak Europako ekonomia suspertzea ahalbidetu behar dute, eta Europako sistema sozioekonomiko berrituago, digitalago, berdeago eta erresilienteago batera igaro behar dute.

Azpiazuk deskribatu duenez, “funtsek gure ekonomientzat dakarten ahalegin fiskal kolektiboak, etorkizunean aurre egin beharko zaionak, Europako helburuak betetzen eta hazkunde ekonomikorako ahalmena handitzen lagunduko duen neurrian baino ez du merezi”.

Eskualdeek izan behar duten protagonismoaz gain, hitzaldian aipatu du beharrezkoa dela Europako zerga-bultzadari eraginkortasun handiena ateratzea, eskualdeen, oro har, eta, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoaren ahalmena baliatuz. Euskadik eskumen legegintzakoak, fiskalak eta finantzarioak ditu, eta esperientzia, Azpiazuk adierazi duenez, Europako gainerako eskualdeekin lankidetzan ekonomia berde, digital eta erresilienteago baterantz igarotzeko behar diren inbertsioei ekiteko, ehun sozial eta ekonomikoarekiko hurbiltasunetik.

Europak erronka fiskal berriei aurre egin behar die, eta politika fiskal europar kontraziklikoaren alde egiten jarraitu. “Planteatzen ditugun Europako asmo handiko helburuak lortzea ez dago inbertsio publikoaren mende soilik, baizik eta hark inbertsio pribatua katalizatzeko eta suspertzeko duen ahalmenaren mende ere”, Azpiazuren arabera.  Horrela, arrakastaren gakoa da tresna finantzarioak eta dirulaguntzak dimentsio anitzeko kogobernantzako kudeaketa-araubide batean eta lankidetza publiko-pribatu estu batean konbinatzea.

Next Generation funtsak eta Espainiako estatuan eman den gobernantza-eredua izan dira haren hitzaldian jorratutako beste gaietako bat. Horrela, Next Generation EU funtsetan kogobernantza-ereduaren gabeziak azaldu dira, gaur egun Euskadik ez jakiteraino zein diren Espainiak Europara bidalitako Suspetze Planari aurkeztutako eranskinean mugarri eta helburuetan egindako 44 aldakuntzak. “Gure ustez, horrek botila-lepo ugari eta eraginkortasun-gabezia larriak sortzen ditu, eta ez gaude horiek jasateko moduan”, ohartarazi du Azpiazuk.

Euskadiren planteamenduak aurreikusten du Europako funtsek eskualdeetara iritsi behar dutela Europarekin eta Estatuko agintariekin partekatutako eta hitzartutako plangintza batean oinarrituta, horiek eskualdeekin batera lan egin ondoren, eskualdeek baitituzte eskumenak, ezagutzen baitituzte beharrak eta dagoeneko hedatuta baitituzte gizarte- eta enpresa-eragileengana malgutasunez eta bermeekin iristeko politikak, tresnak eta prozedurak.

Teresa Fábregasekin topaketa

Goizeko jardunaldiaren ondoren, Ekonomia eta Ogasun Sailaren ordezkaritzak bilera bat egingo du gaur arratsaldean Teresa Fábregas Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren —SEMaren— zuzendariarekin, Europako Batzordearen Idazkaritza Nagusian. Bilera horretan, Azpiazuk SEMa defendatuko du “nazioz gaindiko politikari eta dimentsio anitzeko erantzunkidetasunari buruzko gai gisa”.

“Europako finantzaketa ez da zerutik eroritako mana bat, baizik eta guztion baliabideak erabiltzeko konpromiso kolektibo bat, Europako ekonomia bere osotasunean benetan eta eraginkortasunez eraldatzen inbertitzeko —adierazi du Lehendakariak—, eta, hain zuzen ere, konpromiso kolektiboan oinarrituta egon behar du erakundeetan eta merkatuetan egiturazko erreforma sakonak egiteko beharrak, funtsek ahalik eta inpaktu handiena izateko aurretiazko baldintza eta berme gisa”.