Biocruces Bizkaian epilepsiari buruz egindako azterlan batek gaixotasun neurologiko hori prebenitzeko tratamendu-aukera berriak ireki ditu

0
PRUEBA

Osakidetzako Ikerketa Institutuko Neuroirudi Konputazionaleko Ikerketa Taldearen artikulua eragin handiko BRAIN aldizkari ospetsuan argitaratu da

 

Ikerbasqueko irakasle Jesús Cortések zuzentzen duen Osakidetzako BioCruces Bizkaia Osasun Ikerketako Institutuko Neuroirudi Konputazionaleko ikerketa-talde batek artikulu bat argitaratu du BRAIN aldizkari ospetsuan (Oxford press, https://doi.org/10.1093/brain/awad055). Artikulu horrek gaixotasun neurologiko hori prebenitzeko tratamendu-aukera berriak ireki ditu. Azterlanak erantzun neuroinflamatorioaren blokeoak sintoma epileptikoen sorreran eta ezarpenean duen eraginean sakontzen du.

Ikerbasqueko ikertzaile Paolo Bonifaziren gidaritzapean eta Neuroirudi Konputazionaleko taldeko Soraya Martín-Suárez doktoreak zuzenduta egindako azterlanaren emaitzek adierazten dutenez, jarduera epileptikoa agertzean erantzun neuroinflamatorioan inplikatutako bide biologiko baten (STAT3 izenekoaren) blokeoak zirkuitu neuronaletako zelulen heriotza zein jarduera epileptikoaren iraupena prebenitzen ditu.

Azterlan horrek epilepsia prebenitzeko aukera berriak ireki ditu, erantzun neuroinflamatorioa inhibitzera bideratutako tratamendu akutuen bidez. Ikerketa-taldeak giza ehun epileptikoetan JAK/STAT bidearen blokeatzaile espezifikoen efektua egiaztatzeko esperimentu berriak proposatu ditu. Horretarako, azken belaunaldiko plataforma optiko bat erabiliko dute. Plataforma horri esker, bereizmen handiarekin ikus daitezke zirkuitu neuroglialen egitura eta funtzioa.

Gaixotasun neurologikorik ohikoenetako bat

Epilepsiak eragin gabeko konbultsio errepikariak sortzen ditu. Gaixotasun neurologikorik ohikoenetako bat da munduan, desgaitasun handikoa. Krisi epileptikoak zirkuitu neuronalen disfuntzioaren adierazpenak dira, eta faktore konkomitante batzuen atzeraelikadura positiboko begizta batean gertatzen dira, erantzun neuroinflamatorioak barnean hartuta. Horrela, beraz, krisiek krisi gehiago sortzen dituzte. Hori dela eta, begizta hori blokeatzea funtsezkoa da egoera epileptikoa prebenitzeko.

Artikulu osoa (ingelesez) honako honetan dago eskuragarri:

https://academic.oup.com/brain/advance-article/doi/10.1093/brain/awad055/7056474

Informazio gehigarria