Arabako Landa Garapeneko Lurralde Mahaiak Errioxako landa-kudeaketan nabarmentzen diren proiektuak bisitatu ditu

0

Arabako Landa Garapenerako Lurralde Mahaia Errioxako hegoaldeko hainbat udalerritan bisita teknikoa egiten ari da, bertatik bertara ezagutzeko eskualdean garatutako proiektu nabarmenak eta gobernantza-eredua.

Bisita Errioxako Landa Informazio eta Sustapenerako Europako Zentroarekin (CEIP Rural) lankidetzan antolatu da, eta bertan parte hartzen dute Jone Fernández, Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariak, eta Daniel Osés, Errioxako Gobernuko Toki Politikako, Azpiegituretako eta Despopulazioaren aurkako Borrokako sailburuak.

Arabako Landa Garapeneko Lurralde Mahaia honako hauek osatzen dute: Arabako Landa Garapeneko sei Elkarteen ordezkaritza teknikoa eta politikoa, AFAko Lurralde Orekako Zuzendaritza, Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritza eta HAZI.

Bisita horien bidez, inguru horretan garatutako proiektu nabarmenetatik ikasi nahi da, bai eta hainbat komunitatetan landa-garapeneko politiken kudeaketan eta Leader estrategiaren aplikazioan dauden berrikuntzak ezagutu eta partekatu ere. Era berean, mahai horretan parte hartzen duten entitateen ordezkarien artean elkar ezagutzea eta loturak sortzea indartzen da.

Lehenengo jardunaldian, tokiko garapenarekin lotutako hainbat eremutako proiektuetara (sozialak, nekazaritzako elikagaiak, turistikoak…) egindako bisitaldiez gain, Euskadiko eta Errioxako ordezkariek beren landa-garapeneko politikak bateratu dituzte, bai eta Leader Estrategia beren lurraldeetan aplikatzearen etorkizuna ere.

Biharko jardunaldian, parte-hartzaileek merkaturatze-zirkuitu laburrekin, garapen artistiko-kulturalarekin, biodibertsitatearen neurketarekin eta sentsibilizazioarekin eta gizarte-berrikuntzako tokiko estrategiekin lotutako hainbat proiektu ezagutuko dituzte.