Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du Agindu bat, heziketa zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxeetan 2023-2024 ikasturtean zehar atzerriko hizkuntza indartzeko laguntzak deitzen dituena.
100.000 euroko diru-kopurua duen deialdi honek laguntzak ematen ditu Lanbide Heziketako zikloetako ikasleei atzerriko hizkuntzak irakasteko, ikastetxean bertan eta eskola-orduetatik kanpo antolaturiko saioetan. Ikastaro horiek gutxienez 60 eta gehienez 100 orduko iraupena izan beharko dute, eta ikastetxeko irakasleek eurek eman beharko dituzte. Deialdi honen bidez lagundu ahal izateko, hizkuntza bakoitzeko taldean gutxienez 6 ikasle egongo dira, eta gehienez 20 (aurrez aurreko modalitatean).
Ikastaro hauek aurrez aurrekoak izan daitezke, ez presentzialak (online) edo mistoak. Mintzamena eta komunikazio-gaitasuna landuko dira bereziki horietan ikasleekin, solasaldietan eta ahozko azalpenetan ahalegina jarriz. Goi Mailako zein Erdi Mailako heziketa zikloetako ikasleek parte hartu ahal izango dute ikastaro horietan, ikastaroa antolatu duen ikastetxeetan matrikulatutako ikasleek.
Hizkuntzak ezagutu eta menperatzea funtsezko faktorea da ikasleen enplegagarritasun eta mugikortasun-maila hobetzeko, enpresek merkatu globalizatuetan jarduteko gai diren profesionalak eskatzen baitituzte gero eta gehiago.