Astelehenean zabalduko da emantzipaziorako laguntzak eskatzeko epea, eta Gazte Bulegoak informazioa emateko hitzaldi bat antolatuko du

0
PRUEBA

Gazteen emantzipaziorako laguntzak eskatzeko epea astelehenean zabalduko da. Uztailaren 24tik irailaren 30era, 38 urtera bitarteko gazteek alokairua ordaintzeko laguntza eskatu ahalko dute. Gazteei laguntza hauei buruzko azalpenak eman eta sor daitezkeen zalantza guztiak argitzeko, Gazteria Arloak bi hitzaldi antolatu ditu:  ekainaren 26an, asteazkena, 12:00etan, eta irailaren 7an, 18:00etan, Gazte Bulegoan (San Juan, 17).

Jonathan Martín Gazteriako zinegotziak gaur bertan eman du ekimen honen berri. Udal Emantzipaziorako Eskolaren barruan sartzen da, Uplift proiektu europarraren baitan. Hain zuzen ere, Barakaldo da Estatuko hiri bakarra gazteen emantzipaziorako arazoari irtenbideak bilatzen parte hartzen ari dena.

Laguntzak egoitza elektronikoaren bidez (www.barakaldo.eus) edo aurrez aurre eskatu daitezke Herritarren Arreta Zerbitzuan, Udalean bertan nahiz Gurutzeta eta Clara Campoamor zentro zibikoetan. Auzoetan dauden bulego elektronikoen bidez ere egin daiteke eskaera. Aurkeztu beharreko inprimakiak eta dokumentazioa betetzeko informazioa edo laguntza behar duten herritarrak Eretzako bulegoetara hurbil daitezke, 9:00etatik 13:00etara (baita abuztuan ere), edo Gazte Bulegora jo (uztailean, 9:00etatik 14:00etara eta, irailaren 18tik aurrera, baita arratsaldez ere, 17:00etatik 20:00etara).

Laguntzen deialdian, eskatzaileek bizikidetza-unitatearen diru-sarreren arabera jaso dezaketen hileko gehieneko zenbatekoa ezartzen da. Hona hemen:

Urteko diru-sarrerak  Laguntzaren ehunekoa alokairuaren gainean Hileko gehienekoa
  9.000 eurotik 17.999 eurora % 60 420 euro
18.000 eurotik 26.999 eurora % 50 350 euro
27.000 eurotik 34.999 eurora % 35 245 euro
35.000 eurotik 39.999 eurora % 20 140 euro

ESKAERAN LAGUNDU ETA ZALANTZAK EBAZTEKO HITZALDIA
Gazteei zuzendutako dirulaguntza-lerroen artean Udalak duen garrantzitsuenetakoa da. Baina ez bakarra. Hezkuntza Arloak prestakuntzarako dirulaguntza batzuk ere jarri ditu martxan. Horiek eskatzeko epea abuztuaren 15etik irailaren 15era bitartekoa izango da. 18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzenduta daude laguntza hauek. Hala, prestakuntza-ikastaroetan (hizkuntzak, masterrak, lanbide-heziketako zikloak…) egiaztatutako gastu osoaren % 30 eta % 50 arteko partida jaso dezakete. Halaber, material informatikoa erosten egiaztatutako gastuaren gehienez % 30 berreskuratu dezakete.

Bi laguntza-lerroei buruzko informazioa emango da abuztuaren 26rako (asteazkena) eta irailaren 7rako aurreikusitako hitzaldietan. «Uplift proiektuaren barruan, gazteen eskarietako bat emantzipatzeko eskuratu ditzaketen laguntza-lerroei buruzko orientazioa eta informazioa jasotzea zen. Izan ere, askotan, agiri ofizialetan ageri den hizkuntza teknikoegia da, eta, beraz, azalpen osagarriren bat behar izaten dute. Horixe da hitzaldi hauekin lortu nahi duguna. Alde batetik, informazioa hurbiltzea eta, bestetik, era guztietako zalantzak argitzea, hizkuntza hurbilagoa eta irisgarriagoa erabiliz», azaldu du Jonathan Martín Gazteriako zinegotziak.

Hitzaldi hauetara joateko ez da nahitaezkoa aurretik izena ematea. Bertan egongo dira Gazte Bulegoko hezitzailea eta orientatzailea, bai eta Eretzako eta Hezkuntza Arloko teknikariak ere, zalantza zehatzagoak argitzeko.