UPV/EHUk Graduondoko Ikasketen II. Plan Estrategikoa (2023-2026) onartu du

0
PRUEBA

UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak ikasturte honetan egin duen azken bileran Graduondoko Ikasketen II. Plan Estrategikoa (2023-2026) onartu du. Tresna horri esker, euskal unibertsitate publikoaren graduondokoen eskaintza bultzatu ahal izango da, eta espezializazioaren eta etengabeko prestakuntzaren arloan gero eta zorrotzagoa den gizarteak dakartzan erronkei erantzun ahal izango zaie. Planean, aurrerapauso hori, graduondoko ikasketek berezko dituzten hiru kategoriatan dago banatua:

  1. Unibertsitate masterrak
  2. Doktoregoko programak
  3. Bizitza osoko prestakuntza

Kategoria horietako bakoitzerako zehaztuta daude helburu orokorrak, ardatz estrategikoak eta jarduera ildoak. Horrez gain, ekintza zehatzak daude jasota eta bakoitzerako adierazleak, ebaluatzeko zein heinean bete den ekintza.

Master ofizialen kategorian, UPV/EHUn ari diren 3.728 ikasleetatik % 50 inguru beste autonomia erkidego batzuetatik edo atzerritik etorriak dira. Garrantzitsua da azpimarratzea % 20 atzerritarrak direla. Izan ere, ikasle atzerritarren % 20 hori mantendu egiten da doktorego ikasketetan, azken urteetan 4.000 ikasle inguru izan baitira.

Doktoregoko ikasleak Doktorego Eskolatik kudeatzen dira, eta jakintza arlo guztiak biltzen dituzten 67 programa daude. Euskal unibertsitate publikoak ospe handiko 3.000 ikertzaile baino gehiago ditu doktorego tesiak zuzentzeko. Azken urteetan 450etik gora izan dira defendatutako tesiak eta nazioartekoak, urtean 200 bat. Bestalde, euskarazko tesiak 2018-2019 ikasturtean 55 izatetik 2021-2022 ikasturtean 70 izatera igaro dira. Tutorekidetzan egindako tesiak 16tik 24ra igaro dira, eta enpresekin lankidetzan egindakoak, 135etik 191ra.

Graduondoko ikasketen hirugarren kategoria bizitza osoko prestakuntzari dagokio, eta kategoria horretan hainbat tipologia sartzen dira: etengabeko prestakuntzako masterrak, espezializazio diplomak, aditu diplomak, etengabeko prestakuntzako ikastaroak (unibertsitate hedapenekoak) eta mikrokredentzialak. Etengabeko prestakuntzako graduondoko ikasketetako berezko titulazioetan, duela lau urte 800 ikasle matrikulatu ziren eta ikasturte honetan, 1.000. Bestalde, unibertsitate titulurik ez duten ikasleei zuzendutako unibertsitate hedapeneko ikastaroetan, ikasleen kopurua egonkor mantendu da: 1.500 ikasle inguru urtean. Hala ere, ukaezina da datozen hamarkadetan gora egingo duela bizitza osoko prestakuntzaren arloan egongo den ikasle kopuruak.

Eva Ferreira errektoreak adierazi du: «UPV/EHUren Graduondoko Ikasketen II. Plan Estrategikoa 2030 euskal unibertsitate publiko baten ikuspegitik diseinatu da, gure herrialdeko gizartearen prestakuntza beharrei eta gure mugetatik haratago doan ingurune sozioekonomiko bati erantzuteko. Mundu mailan erreferentea den unibertsitatea gara. Bikaintasun akademikoari esker, aurre egin ahal izango diegu etengabe eraldatzen den gizarte aktibo honetan gertatzen ari diren aldaketa teknologiko eta demografikoei”.

UPV/EHUko graduondoko eskaintza datozen urteetarako

Euskal Herriko Unibertsitateak graduondokoen eskaintza berritua dakar 2023-2024 ikasturterako, 100 master baino gehiagorekin eta 67 bat doktorego programarekin.

2023-2024 ikasturtean UPV/EHUk Erasmus Mundus proiektu berri bi lideratuko ditu, eta horrela bihurtuko da estatuan mota horretako master eskaintza handiena duen unibertsitatea. Erasmus Mundus kategoriako masterrak dira Europako Batzordearen bikaintasun zigilua eskuratu dutenak lehia handiko deialdi batean. Euskal unibertsitate publikoa buru duten bi partzuergo berriak dira, batetik, Erasmus Mundus Master in Architectural and Urban Contemporary Heritage (Arurcohe) deritzona (XX. mendeko arkitekturari eta hiri inguruneei buruzkoa eta, bestetik, «Itsas Ingurumena eta Baliabideak» Erasmus Mundus Masterra. Azkenik, doktoregoan Zientzia Esperimentalen Didaktikari buruzko programa berri bat dago.