- Jon Urbinak Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako sailburuorde kargua hartuko du
- Era berean, Begoña Otalora izendatuko dute Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendari, eta Eva Lejarcegui izango da Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendari berria
Gaur egindako Gobernu Kontseiluan onartu da Jon Urbina izendatzea Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako sailburuorde. Izendapena legegintzaldi amaierako erronkei aurre egite aldera sailaren berrantolaketa asmoen barruan kokatzen da. Era berean, beste bi izendapen gehiago egin dira: Begoña Otalora, Jaurlaritzaren idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendari, eta Eva Lejarcegui, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendari.
Jon Urbina, Zuzenbidean lizentziatua, EAEko Administrazio Orokorreko Zuzenbideko lizentzien goi-mailako kidegoko karrerako funtzionarioa da. 2020ko urritik, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria izan da. Esperientzia handia du kudeaketa publikoan, 30 urte baino gehiago baitaramatza Hezkuntza, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailean edo Ogasun eta Herri Administrazio Sailean erantzukizuneko postuetan.
Begoña Otalora, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendari berria, Zuzenbidean lizentziatua da. Gaur egun arte, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Administrazioa Eraberritzeko aholkularia izan da. 2016tik 2020ra legebiltzarkide izan zen Eusko Legebiltzarrean.
Eva Lejarcegui Zuzenbidean lizentziatua da. 20 urte baino gehiagoko esperientzia du aholkulari juridiko gisa administrazio publikoan. Orain arte, idazkaritzako kudeaketa-arduraduna izan da Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzan.