Hurtado sailburua kezkatuta dago Renew eta Kontserbadoreen talde europarlamentarioen asmoa egonaldi laburreko alokairuei buruzko Europako Erregelamenduaren irismena mugatzea delako. Turismo Mahaian Next funtsei buruz ere hitz egin du.

0
PRUEBA

Eusko Legebiltzarraren 22/2023 Mozioaren ondoren, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Turismo Mahaiari deitu dio, eta bertan, besteak beste, Lan Batzorde bat sortu da, egonaldi turistikoen gaineko zerga bat abian jartzea ebaluatzeko.

Erregelamenduak, iraupen laburreko alokairuei buruzkoak, aurtengo urrian amaituko ditu izapideak Europako Parlamentuan. “Euskaditik adi egon gara izan duen garapenari, Erregelamenduari ekarpena egin eta gure hausnarketak egin ahal izateko; izan ere, testu horrek aurrerapen handia ekarriko du erabilera turistikoko etxebizitzen kontrolean, agintari eskudunei tresna batzuk emango baitizkie orain ez ditugun plataformekin”, sailburuak nabarmendu duenez.

Horregatik, Euskadik parte hartu du, lehenik eta behin testuari zuzenketak egiten, Eskualdeetako Lantaldearen irizpenaren bidez. Gainera, maiatzean, sailburua Bruselara joan zen, erregelamendu-proposamenaren testuaren arduradun nagusiekin eta hainbat talde politikotako europarlamentariekin biltzeko. Talde horiek Barne Merkatuaren eta Kontsumitzaileen Babesaren Batzordeko kide dira, eta bertan eztabaidatu zen proposamena.

Hori dela eta, sailburuak bere kezka azpimarratu du taldeek Erregelamenduaren aurrean duten jarreragatik. “Eskerrak eman nahi dizkiet Europako Parlamentuan gurekin biltzeko interesa agertu duten taldeei, baita haien lankidetzagatik eta jarrera onagatik ere. Hala ere, kezkagarria iruditzen zaigu Renewren talde parlamentarioak eta kontserbadoreek Erregelamenduari egindako zuzenketei buruz duten jarrera. Bi taldeek plataformekiko babes-jarrera erakutsi dute, araudiaren irismena mugatuz, txostengilearen beraren edo plataformen lankidetza handiago eta eraginkorrago baten alde egiten duen talde sozialistaren irizpidearen aurrean. Asko dugu jokoan Erregelamendu honetan, eta Euskaditik ahalegin guztiak egiten ari gara ahalik eta eraginkortasunik handiena bermatzen jarraitzeko”.

Amaitzeko, Turismo Mahaiak Sailaren arau-garapena errepasatu du, baita helmugako hirugarren eta azken Jasangarritasun Turistikoko Plana ere. Plan horiek 80 milioiko ekarpena egin dute Euskadin, Next Generation funtsen bidez turismo-jasangarritasuna eta -lehiakortasuna sustatzeko.